Albisteak

Mintzodromoak San Telmon martxoaren 24an

San Telmo museoak, berriz ere, bere ateak zabalduko dizkio Mintzodromoari martxoaren 24an. Bi saio egongo dira, 10:00etan eta 11:00etan. Jarduera hau BAGERA, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Donostiako euskaltegien arteko elkarlanaren emaitza da.

MINTZODROMOA ekimenaren helburua euskararen erabilera sustatu eta erabilera hori kalera ateratzea da, jendea  euskaraz solasean jarriz; Euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatuz; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari aukera horiek emanez; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotuz… azken finean, euskara eta euskaraz konpartituz.
Mintzodromoaren funtzionamendua
Launaka eserita mahai baten inguruan. 15 / 25 mahai inguru jartzen dira eta parte hartzaileak launaka eseri eta berriketa lasaian, interes orokorreko gaiez jarduten dute.

Solasean aritzeko hiru gai izaten dira ordubeteko tartean. Gai bakoitzarentzat 15 minutu izaten dira eta gai baten eta bestearen artean, parte hartzaileak mahaiz mugitzen dira mintzakidez ere aldatuz.

Oraingo honetan, San Telmo Museoan maiatzaren 18 arte egongo den  MENDIAK erakusketak emango digu hitz egiteko aitzakia.
 
Izena emateko: 943 00 50 74 telefonoan edo bagera@bagera.eus helbidean.
 
Antolatzaileak : BAGERA elkartea, hiriko euskaltegiak eta Euskara Zerbitzua.
 
Laguntzailea: San Telmo Museoa
 
 
Itzuli