Albisteak

Nerabeentzako hedabide berria jaio da

BEITU! Nerabeei zuzenduriko hedabide digitala sortu du GAZTEZULOK. 14-18 urte bitarteko gazteentzat diseinatuta, aisialdiarekin lotutako euskarazko edukiak jasoko dituzte mugikorrean zuzenean. Zein da helburua? Gazteek aisialdian kontsumitzen dutena euskaraz eta eskura edukitzea.

Izan ere, azken hamarkadetan gazteen euskara maila igo bada ere, erabileraren bilakaera ez da horren nabarmena izan. Sare sozialak etengabeko informazio eta aisialdi iturri bilakatu dira nerabeen artean eta mugikorra da aisialdi honen kontsumorako erabiltzen duten gailua.

Bestalde, hizkuntza erabileraren ikerketek diotenez, gazteek aisialdian kontsultatzen dituzten edukien artean euskarak ia ez du presentziarik eta gaztelaniazko eta ingelesezko edukien bilaketak, ordea, gora doaz. Horregatik, belaunaldi berriei egokitutako proiektuak garatzeko sortu da BEITU!, gazteek kalitatezko euskarazko edukiak eskainiko dizkien komunikabide digitala.

Nola jaso BEITU!?

BEITU! doan da eta hilero jaso ahal izateko, izena eman behar da. Bi modu daude: Instagramen bidez kontuko portadan agertzen den estekan klik eginez edo www.gaztezulo.eus/beitu webgunean sartuz. Behin harpidetza eginda, erabiltzailea BEITU! komunitatearen kide izango da eta hilero Whatsappean jasoko du. Gustuko dituen edukiak klik bakarrean eta lagunekin partekatzeko prest.

Itzuli