Albisteak

“NIK HEMEN ERE EUSKARAZ” lehiaketa antolatu da euskararen erabilera sustatzeko hiriko establezimenduetan

Donostiako Udalak herritarrak animatu nahi ditu, merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskara erabiltzera.

Horretarako, beste hainbat ekimenen artean, “Nik hemen ere euskaraz” kanpaina/lehiaketa abian jarri du azaroaren 14ra arte. Bertan, hiriko 286 establezimenduk parte hartuko dute.

Donostiako 626 establezimendutan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz artatuak izateko aukera bermatuta daukate herritarrek. Donostiako Udalak denda eta tabernetan euskara sustatzeko abian jarritako “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmoarekinorain arte bat egin duten establezimenduak dira horiek guztiak.

Bertan bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna dute eta hori jakinarazteko eranskailu bat jarrita dute, identifikatu egin dira, bezeroek hori ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten. Era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatuko diote

Herritarrek euskara erabiltzeko urratsa eman dezaten antolatu da lehiaketa

Donostiako Udalak herritarrak animatu nahi ditu, establezimenduetan oro har eta horietan bereziki, euskara erabiltzera. Miren Azkarate, 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, “Udalak erraztasunak eman nahi dizkio euskara erabili nahi duen herritarrari eta horretarako ari da identifikatzen zerbitzua euskaraz eman dezaketen establezimenduak. Horrekin batera, garrantzitsua iruditzen zaigu donostiarrak animatzea hiriko denda eta establezimenduetan euskaraz egitera eta asmo horrekin antolatu dugu lehiaketa hau”.

Nik hemen ere euskaraz” kanpaina/lehiaketa abian da, azaroaren 14ra arte iraungo du eta hiriko 286 establezimenduk parte hartuko dute. Establezimendu horietan euskara erabiltzen duten bezeroek “Truke-txartel” bat jasoko dute. Txartel horrek zein sari duen jakiteko Donostiako kaleetan jarriko diren postu ibiltariren batera joan beharko da. Postu horietan panel bat egongo da zenbakiekin eta truke-txartela duenak horietako bat aukeratuko du saria eskuratu ahal izateko. Sariak 25, 35 eta 50euroko erosketa txartelak izango dira, herritarrak truke-txartela eskuratu zuen establezimenduan gastatzeko. Sari horiez gain, beste hainbat produktu sorta (poltsa, boligrafo eta egutegi batez osatuta) ere irabazteko aukera egongo da

Postu ibiltariak ondoko leku eta egunetan jarriko dira:

Azaroak 7, larunbata

10:00-14:00 Jose Mª Sert plazan (Antigua)
  Gaskoina plazan(Antigua)
16:30-20:30 Loiola Kalean (Erdialdea)
  Boulervard-ean (Parte Zaharra)

Azaroak 14, larunbata

10:00-14:00 Sagastieder plazan (Intxaurrondo)
  Basotxiki kalean (Intxaurrondo)
16:30-20:30 Easo plazan (Amara)
  Urdaneta kalean (Amara)

Bestalde, postu hauetara hurbiltzen diren gainerako herritarrek ere kanpainan parte hartzeko aukera izango dute bertan proposatutako ekintzaren bat eginez gero ( zerbait idatzi, irudiren bat marraztu eta abar), sariren bat lortzeko zozketan parte hartuko baitute.

Udala eta eragileak elkarlanean

Azaroaren 14ra arte indarrean egongo den “Nik hemen ere euskaraz” lehiaketa, “Merkataritza eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmoaren baitan antolatu da. Egitasmo hau Udaleko Euskara Zerbitzuak sektoreko hainbat eragilerekin jarri zuen martxan (Donostiako Sustapena, SShops Donostia, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Auzoa, Zaharrean eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartea) eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarterekin batera.

Lehiaketan parte hartzen duten establezimenduak zein “merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmoan parte hartzen dutenak webgune honetako mapa interaktiboetan daude ikusgai.

 

Itzuli