Albisteak

"Donostian ere euskaraz" kanpaina aurkeztu du Donostiako Udalak, herritarrak lehen hitza euskaraz egitera animatuz

Martxoaren 28an, 12:00etan “Donostia euskaraz bete” ekitaldia egingo da Konstituzio plazan; bertan euskararen aldeko manifestua irakurriko da.


"Donostian ere euskaraz" kanpaina aurkeztu du gaur goizean Donostiako Udalak. Orain dela urtebete abiatutako kanpainari jarraipena eman dio horrela; administrazioan, merkataritzan, kultur azpiegituretan eta kiroldegietan bezala, egunerokoan eta espazio publiko zein pribatu guztietan ere euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak hiri euskalduna aldarrikatu du: “Donostia Euskararen Hiria da eta gero eta hiri euskaldunagoa izatea nahi dugu, hortaz, lehenengo hitza euskaraz egitera animatu nahi ditugu herritarrak, izan kalean, etxean, dendan, tabernan, lanean, edo administrazioan”. Donostia hiriburu euskaldunena bada ere, ezagutza eta erabileraren arteko aldea oraindik ere handia dela  adierazi du Izagirrek: “Une honetan 122.000 donostiar, -ia  %70a- euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai den arren, %16ak bakarrik erabiltzen du euskara. Kanpaina honen bidez hori irauli nahi dugu, eta lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, hori euskaraz hitz egiten jarraitzeko lagungarria delako”.

Donostiako Udalak 'Udalean ere euskaraz' kanpaina jarri zuen abian iaz eta orain beste eremuetara zabaltzen ari da egitasmoa, kultura eta kirolaren eremuetara, eta baita merkataritza eta ostalaritzara ere. Udal Gobernuak euskararen erabilera sustatzeko hartzen ari den neurrien baitan kokatu du kanpaina Izagirrek: “Udal Gobernu honek konpromiso irmoa dauka euskararekin, bai bere normalizazioa eta bai bere erabilera sustatzearekin, eta euskara eremu guztietan sustatzen jarraituko dugu”.

Ildo horretan, datorren martxoaren 28an euskararen aldeko ekitaldi bat antolatu da Konstituzio Plazan.  Donostia euskaraz betetzea irudikatu nahi da bertan, hitzen, hotsen, globo jolasen eta hiztunen bitartez. Izagirreren hitzetan plaza jendez eta euskaraz betetzea da asmoa: “Bertan euskararen aldeko manifestua irakurriko dugu eta udal langileek hartu duten konpromisoa, lehen hitza euskaraz egitearena, donostiar guztiei luzatu nahi diegu, konpromiso hori guztiok gure gain hartuz. Donostia euskaraz bete behar dugu guztion artean”.

Martxoaren 28ko ekitaldia koloretsua eta ikusgarria izango da, musika, hitzak, globo instalazioa eta magia uztartu egingo baitira 12:00etatik aurrera. 'Donostia euskaraz betetzeko baliabide nagusia globoak izango dira. Egunean bertan, Konstituzio plazara joaten diren herritarrek euskarazko lehen hitza globo batean idazteko aukera izango dute eta horri esker, plaza koloretako globoez eta euskaraz bete ahal izango da.  Horretarako, gaurtik aurrera, auzo, eskola, leku publiko eta hainbat establezimendutan globoak eta ekitaldiari buruzko informazioa banatuko da herritarrek kanpaina eta ekitaldiaren berri  izan dezaten. Donostiako Euskara Zerbitzuko bulegoan ere eskuratu ahal izango dira globoak martxoaren 23tik aurrera (Konstituzio plaza, 2. 9:00-14:00 ordutegian).

Xabier San Sebastian abeslaria, Txan Magoa eta bestelako sorpresak ere izango dira ekitaldian. Hiriko hainbat auzotako zebra-bideak ere euskararen aldeko esaldiekin margotuko dira. “Donostian ere euskaraz” kanpaina eta 28ko ekitaldia iragartzeko ‘Donostian ere euskaraz’ spota egin da.

Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak iaz abian jarritako kanpainaren inguruko xehetasunak eman ditu: “Administrazio publikoa herritarrak euskaraz artatzeko prest dago, euren hizkuntza eskubidea bermatzeko, eta orain beste urrats bat ematen ari gara, gune horiek identifikatuz, herritarrak jakin dezan bertan euskaraz egiteko aukera duela”. Horrela, udal bulegoak, kultur etxeak, liburutegiak, antzokiak, museoak, eta kiroldegietan kartelak eta eranskailuak jarri dira. Hiriko 400 establezimendu baino gehiago ere identifikatuta daude dagoeneko (eranskailuak dituzte) eta prest daude herritarra euskaraz hartzeko.

Administrazioa euskalduntzeko bidean derrigorrezko hizkuntza eskakizuna duten lanpostuen kopurua handitu egin da -170 lanpostu gehiagok dute derrigorrezko hizkuntza eskakizuna gaur egun-. Donostiako Udalak 1.397 langile ditu (erakunde autonomoak barne) eta horietatik 1.032 gai dira euskaraz hitz egiteko, hau da, langileen %73.  Donostiako Kulturak kudeatzen dituen gune guztietan euskararen erabilera bermatuta dago. Kirol Patronatuaren bidez kudeatzen diren kiroldegietan, berriz, bataz beste, horietako % 91.88an bermatuta dute donostiarrek euskaraz artatuak izatea.

Itzuli