Albisteak

Tokiko merkataritzan euskararen erabilera handitzeko kanpaina

Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko helburuei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak merkataritzan euskara sustatzeko 2020ko neguan abiatu duten kanpaina da.

>

Elkarlanean abian jarritako kanpaina honek Donostian ez ezik, Bilbon, Gasteizen eta Oarsoaldean ere martxan da. Kanpainak lotu egiten ditu bi kontzeptu: euskara eta konfiantza. Tokiko merkataritzak berezko duen gertutasunak, betikotasunak eta gutasunak konfiantzazko harremana sortzen du. Era berean, harreman horrek kalitatearekin lotura dauka, bai produktuarena eta baita harremanarena ere.

 

Kanpainaren ezaugarri nagusiak

Kanpainaren lelo orokorra salerosketan ematen den harremanarekin lotu da. Izan ere, “Jarri betikoa” da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Hala, euskara egunero erabiltzeko eta konfiantza sortzeko baliabide gisa aurkezten du kanpainak eta bereziki lehen hitza euskaraz egiteko gai diren kontsumitzaileei zuzenduta dago

 

Mezu horri spot baten forma eman zaio eta hori da kanpainaren ardatza

Spot-ak hormarik gabeko herri bat irudikatzen du, tokiko merkataritzaren gertutasunaren isla, eta herria bera fikziozkoa da edozein herri irudika daitekeelako. Era berean, edozein herritan ematen den errealitate kateatua erakusten du spotak; non okindegiko eroslea, botikako saltzailea izan daitekeen; botikako eroslea, bere negozioa duen autonomoa eta era berean hori bera, tabernako bezeroa. Hala, gutako bakoitzak euskararekiko paper desberdinak betetzen ditugula irudikatzen du kanpainak; une batean eroslea eta hurrengoan saltzailea eta errealitate hori euskaraz bizitzera animatzea da kanpaina honen helburu nagusia, konfiantzaren eta gertutasunaren osagaiak kontuan izanda, horretarako daukagun aukera aprobetxatzera bultzatuz.

Spotaren zabalkundea osatzeko, kanpaina digitala abiatuko da. “Zer da betikoa zuretzat?” galdera hainbat kontsumitzaile eta establezimenduko saltzaileri luzatu zaie, spot-ean islatzen den fikzioa errealitatera ekartzeko. Bizipenak jasoko dituzten argazki horiek spot-arekin batera www.merkataritzaneuskaraz.eus webgunean jasoko dira.

Abenduaren 15ean emango zaio kanpainari hasiera prentsaurreko batekin eta urtarrilaren 22ra arte luzatuko da.

 

Aurrera begirako lan-lerroa

Eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko helburua dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Beraz, merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina hau elkarlanerako abiapuntua besterik ez da, aurrerantzean lan-lerro hori elkarrekin jorratzen jarraitzeko asmoa dute eta.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak aitortza egin nahi die hainbat urtetan eremu honetan ekintzak egiten dabiltzan udal, euskara zerbitzu eta eragile desberdinei eta horiekin elkarlanean aurrera egin nahi du ahaleginak batuz. Hala, hasierako kanpaina honetan bidelagun izango dira Donostiako Udala, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Bilboko Udala eta Gasteizko Udala. Eta aurrerantzean udal gehiago batzea litzateke Jaurlaritzaren helburua.

 

Informazio gehiago: www.donostiaeuskaraz.eus/merkatari

Itzuli