Euskaraldia, 11 egun euskaraz Donostian

"Euskaraldia, 11 egun euskaraz Donostian" 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bideratuko den ekimena da eta euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza ohituretan eragitea du helburu. Ekimena Euskal Herri osoan batera egingo den arren, Donostiako kasuan udala eta Bagera elkartea izango dira dinamikaren sustatzaileak, Topagunea eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

 Euskaraldiaren helburua da euskaltzaleak aktibatzea, azken ikerketek baitiote euskararen ezagutza handitu dela, baina erabilera ez dela areagotu hein berean. Hori dela eta, Euskaraldiak 11 egun horietan 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest izateko gonbitea egiten du.  Ahobiziek ahal duten guztietan euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute eta Belarriprestek, berriz, ulertzeko gai baina egiteko gai ez direnek, euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete gainerakoei.

 Elkarlana, beraz, oso garrantzitsua izango da eta Donostiako sustatzaileek Euskaraldia egokituko dute Donostiako egoera soziolinguistikora. Azken finean, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan eragitea da Euskaraldiaren helburua. Herritarrek 2018ko udazkenean, irailean hain zuzen ere, Ahobizi eta Belarriprest izateko izen-ematea zabalduta izango dute.

 

 

Udal langileek eta ordezkariek ere bat egin dute Euskaraldiarekin

Donostiako Udaleko ordezkariek eta langileek Euskaraldiaren txapa jaso dute eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean ahobizi edo belarriprest izango dira. Udalean 500 lagunek baino gehiagok eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko.

Euskaraldiaren hamaikakoa Donostian

Hamaikakoa, hamaika laguneko taldea da modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldia:11 egun euskaraz ariketa sozialean parte hartzea erabaki dutenak belarriprest eta ahobizi rolen bitartez. Donostiako hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa sustatzeko babes-urratsa egitea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta donostiarren parte hartzea aktibatzeko deia egin nahi dute. 

Ekimenaren berri emango diete inguruko kideei gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte. Hau da euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.

Euskaraldiaren hamaikakoa Donostian, erreferentziazko herritarrek eta ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboek osatzen dutenak dira:

  1. Miren Arrieta, aktorea
  2. Barbara Goenaga, aktorea.

  3. Kontxu Uzkudun, moda-diseinatzailea

  4. Mariano Ferrer, kazetaria

  5. Iñaki Salvador, musikaria

  6. Josean Abecia, Altza Hadi batzordeko kidea

  7. Garazi Urrosolo, Egiako euskara batzordeko kidea

  8. Mikel Irazusta, herritarra.

  9. Xila Pihlstrom, euskal herritar eta suomitar kultur eragilea

  10. Jokin Aperribai, Realeko presidentea

  11. Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendaria

Euskaraldiaren sustatzaile izan

Euskaraldiak elkarlana du ardatz, guztiok baitugu egitekoa euskararen erabilera areagotzeko eta horren ahalmena eta ardura partekatua da: entitateena eta norbanakoena. Donostian, egitasmo hau koordinatzeko, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak osatzen dute talde motorra.

Entitateei dagokionez, sustatzaile sare zabal bat du Euskaraldiak, etengabe zabaltzen ari dena. Hiru motatako sustatzaileak daude:

  • Erakunde publikoak eta beren euskara sailak.
  • Euskalgintzako gizarte eragileak.
  • Euskararekiko ardura duten bestelako entitateak: enpresak eta kirol taldeak, besteak beste.

Donostian ere sustatzaileen sarea osatu nahi dugu. Batetik, sustatzaileen batzorde eragilea osatzeko eta, bestetik, aipatutako elkarlana koordinatzeko. Ondorengoak dira sustatzaileen funtzioak:

  • Ekimenaren zabalkundea egitea beren eremuan.
  • Beren eremuko kideak aktibatzea Ahobizi eta Belarriprest izan daitezen.
  • Hizkuntza praktika horiek posible izateko, babes neurri berriak hartzea.

Donostian, zein maila orokorrean, Euskaraldiko sustatzaile izan zaitezketen entitate guztiei gonbidapena luzatu nahi dizuegu. Informazio gehiago behar izanez gero, donostia@euskaraldia.eus helbidera, Bagerara edo Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzura jo dezakezue.

"Euskaraldia, 11 egun euskaraz Donostian" ekimenaren aurkezpena

“Euskaraldia 11 egun euskaraz Donostian” ekimena aurkeztu zuten abenduaren 2an Donostiako udaletxeko batzar-aretoan. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra aurrera eramango den jarduera aurkeztu zuten Eneko Goia Donostiako alkateak, Miren Azkarate zinegotziak eta Aitziber Gurutzeaga Bagera elkarteko kideek.

Erronka 2018ko bukaeran ahalik eta herritar gehien 11 egunez euskaraz hitz egiten jartzea da. Ahobizien (euskaldunen) erronka izango da euskaraz hitz egitea ahal duen egoera guztietan eta Belarriprestena, berriz, euskara ulertu baina hitz egiteko gaitasunik ez dutenez, dakienari euskaraz egiteko gonbita egitea, hizketa elebidunak sortuz.

Hori guztia bideratzeko, Donostiako Udala elkarlanean ari da Bagera elkartearekin, Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak luzatutako proposamenari heltzeko. Izan ere, euskararen erabilera areagotzeko hizkuntza ohituretan eragin behar da eta horretarako lankidetza oso garrantzitsua da.

 

 

Itzuli