Hasiera > Euskara platerean > Literatura

Literatura

BAZKARIA SOROPILEAN

Jean Etxepare, 1931

 

TXAKOLIN

 

        Nabar-Goitiko ogi ona lagun, baderamatzagu kilimiliklik xerriki hotz xeheak eta lotuak gira ja biperrekilako arroltze-moletari, noiz ere ohartzen baikira gure bi botoila Rioja hautak hustuak ditugula azken xortaraino. Berrogain bizkarra! Emazteek berek zoin gogotik hurrupatzen duten arnoa oihanean!... Ordaintzat, batek eskaintzen dauku urez betherikako botoila bat, ezin-bertzean hartarik bederen dezagun edan: orok ezetz, burua inharrosiz urari beltzurika...

        Hainbertzenarekin, laborari-etxearen aitzinean agertzen zaiku haur bat, bi begiez guri beha eta beha, bere zangoñoen gainean tente.

        Etxe hunek badauzkazke egoiliarrak, badukete arno xorta bat, ihintz bat sal lezagukete segur gogotik, dio berehala ene beribileko lagun sakelorenaz gabetuak, eta badoa eskuz-keinuka haurraren ganat.

        Ikusten ditugu biak etxean sartzen, aita seme batzuen arteko trebearekin elgarrentzat.

 

* * *

 

        Irria heldu zaiku berdin orori ezpainetarat, ikusiz gure arnoketaria emeki gutaratzen, botoila beltz bat eskuan. Orozbat ohartzen gira badirela orai, laborari-etxearen aitzinean, ez bat bainan hiru haur, elgarri ukondoz-ukondo, lerroan guri so daudenak begiak ernerik.

        Ordu oneko jina dugu arnoa, oilasko-errekia zintzurrean kokatzen zitzaikun. Badut uste haatik, derraiku karkailaz ekarzaleak, txakolin-pinta bakar hau aski ukanen dugun aldi huntan. Erhiaren lodi hartzen dugu bakotxak geure basorat, usaintzen, jastatzen, ahurraren barnean berotuz untzia. Hauta kausitzen dugu guziek. Badu, ba, Axularrek erran zukena, zahagi-zapore kotsua, halako jan-edan bethe bat ere ba; berriskoa dirudi; irestearekin, sudur-barnetarat gibel-aitzin lanhotzen da pindarka; bainan zer berotasun gozoa ez deramauku laster urdailerat, hainbertze urinki hotzer gain-behera su eman nahi baliote bezala!

        Itzal handiko arnoa da zinez xakolin hau; hurrupañoka dugu edaten, beldurrez... Oilaskoen ondotik maionesa ruso titarratu guri leun bat xirrixtatzen dauku eta akulatzen zalu patarrari behera: berdin laguntzen derauku bidean, mahats melatuz jorikako pudding tinki bat. Zorionezko xakolina!