Hasiera > Euskara platerean > Literatura

Literatura

BAZTERRETXEAN

Manezaundi, 1934

 

XINGAR

 

        Hamabiak irian agertzen da Kattalin etxeko alaba, zare haundi bat besoan, gizonen bazkariarekin. Eguerdiko danbak entzutean, hiru gizonak, buru-has anyelusako othoitza egiten dute, eskualdunen ohidurari huts egin gabe.

        Kattalinek hedatzen du dafail xuri bat eta han ezartzen ditu bazkariko yanhariak. Kazula batian aza eta ilhar gorriak, gero xingar zerrak, lukainka, gasna eta sagarrak, denetarik ausarka eta ardo goxoa ausarkiago.

        Ba eta aphurrik utzi gabe denak klikatu zituzten, xahakoari ardura lothurik, gainbeherako zurrustaño harek zintzurra arintzeko.

        Ase hun bat egin zuten denek, xakhurra ahatzi gabe. Behiek ere bazka nasai bat ukhan zuten.

        Oren erdi batetako lo bat eginik xutitzen dira lanhari berriz yarraikitzeko, eta iraul eta iraul, atsalaskaria zalhu eginik, ilhunabarra artio etzuten bururik altxatu.

        — To, badiauk aski egungo, dio Manexek, eta behiak bordan sarthu ondoan heltzen dira etxerat arratsirian eta ezkaratz aitzineko lauzetan eskalapoinak thorroskaturik sartzen dira sukhaldian.

        Ene herriko eta Benabarreko ohiduraren arau, lanetik itzultzian, afal aitzinian ikhuzten dituzte zangoak, etxekoanderiak ekharri untzi haundi baten ur beroan.

        Gurien arthean garbitasuna da oroz-gainetik gauza beharrena, eta ohidura horri sekhula ez dute huts egiten.

        Supazter ingurian bilduak, solasaldi luze batian zaudenean, eltziak eta duphinak ari dira irakitzen, eta zartaina ere bere urin urtuarekin han dago arroltze eta xingarraren beha... Sukhaldeko soliboetatik dilindan daude xingar-azpi, birika, eta lukhainka ederraz, handik yausteko prest.

        Anartean, etxekoanderiak afaria aphaindurik, mahainian yartzen dira gizonak, biharamuneko indarrak errephizteko.

        Oherat yuan aitzinian bakhotxak husten du gophor esne bat harri-burdinekin egosia, hurrupaka ozenekin, bere berotasunaren ganik.

        Eta horra gure gizonak, loelatuak, begiak hesteko phundian, nola doatzin etzaterat, mihisien arthean sarthu bezain sarri lo zurrunga ederrenian gaua iragaiteko, eta goizian bezala, biharamuneko argi-urratzian yaikitzeko, beren funtsen lantzeko xedean, mundu nahasi eta bihurri huntako gerthakarietaz hitzik yakin gabe. Ez beharrik ere, to!

        Holako bizitze dohatsua daramate Ibarrondoko bazterretxian, bere xoko maitian, nehori makhurrik egin gabe.