Gero Axular dantza taldea «GERO» taldea 2004. urtean sortu zen euskal dantza sustatu eta kultur aisiako jarduera gisa duen balioa nabarmentzeko asmoz. GERO taldeko sustatzaileek ikusi zuten gure kultura, gorde eta zaindu ez ezik, landu eta bultzatu ere egin behar dela, baita gazteria motibatu ere proiektu horretan parte izan dadin. Geroztik zazpi ikuskizun plazaratu ditu GEROk: «Sasi Artean», «Lamien Basoa», «Talaia», «Xereta», «Argizaiola», «Itzal Galdua» eta «Agorrila». Lan horietan “jantzi” berri bat eman nahi izan diegu gure dantza eta musikei. Horretarako, bertako dantzak gaurkotu eta, era berean, bestelako musikaz apaindu, argiaz margotu eta gaurko tresnez eta teknikaz hornitu ditugu. Horren bidez, ikuskizun moderno, erakargarri eta hunkigarriak sortu ditugu.
Orain arte GERO taldeak nazioarteko 34 bira egin ditu hainbat herrialdetatik: Frantzia, Belgika, Holanda, Italia, Portugal, Alemania, Hungaria, Polonia, Gales, Eskozia, Serbia, Kroazia, Danimarka, Eslovenia.