Ameriketako bidaia bi neraberen historia da, Jone eta Mariarena, zeinak Estatu Batuetara joan baitira ikasturtea han ematera. Bi nerabeak oso desberdinak dira, eta ez dute elkar ulertzen. Jonek iritzi ona du «estatubatuar bizimoduaz»; Mariak, berriz, aurreiritzi asko ditu yankien kontra. Aireportuan daudela, norbaitek ostu egiten ditu Joneren maletak eta dokumentazioa, eta poliziak atxilotu egingo du, legez kontrako etorkin latinoa delakoan.
Hizkuntza-arazoak eta arraza-aurreiritziak direla medio, egoera kafkiarra biziko du. Astebete latza pasatu ondoren, aske utziko dute, doi Mexikoko mugan kanporatzear dutela. Hala, Jonek hainbeste miresten zuen Amerika haren alderdi iluna aurkituko du; Mariak, berriz, jende solidarioa ezagutuko du, eta horrek lagunduko dio adiskidetzen hainbeste mespretxatzen zuen gizarte harekin.
Miren Arrieta eta Nerea Mazo dira Patxo Telleriaren lan honen protagonista Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean.
Informazio gehiago: Tanttaka Teatroa