Imanol Ubedak Don Inorrez egitasmoa abiatu zuen 2018an, aspalditik lagun duen Karlos Arancegui bateria jotzaile apartaren laguntzaz, besteak beste, Bide Ertzean taldearen itzalpetik ateratzeko. Hala, Mugiro bila izenburuko diskoa grabatu zuen Cadizen, Paco Loco ekoizle eta gitarra-jotzailearen parte-hartzearekin. Grabazio hartan gitarra kiriotsuek bultzatutako eta hitz domestiko zein literatur zaleekin jantzitako hamar kantu sendo plazaratu zituen. Esku hutsik, Don Inorrezen disko berriak ere Paco Loco ekoizlearen sinadura darama. Sakontasuna eta ironia letretan; ohiko power pop estiloa doinuetan. Aurrekoa baino koloretsuagoa da honakoa. Tarteka klasikotasunera gerturatuz, berritasun gisa.