Bertso-saio literarioak Dena ametsa den irudipena (Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria) olerki liburua aurkezteko formatu ezin hobea eskaintzen du, lanari paperean hartzen duenaz gaindiko beste dimentsio bat emateaz gain, sorburu-testutik abiatuta beste sorkuntza-lan batzuk sortzeko bidea zabaltzen baitu, non bertsoa eta literatura beste ezein espaziotan baino gehiago hurbiltzen baitira. Hibrido bat dira mota honetako bertso-saioak: bertsotara ekartzen dira, kasu honetan, poemak, eta bertsoak, tarteka, hizkuntza eta tematika poetikoetara hurbiltzen.
Bertsotarako gaiak liburutik eratorriak izango dira: gai-jartzaile lez, Oihana Aranak ekarriko ditu testu idatzitik abiatuta fikzio eta ideia berriak sortzeko bidaia-proposamenak. Haren hariekin puntuak ematen arituko dira Ane Labaka eta Miren Amuriza. Leire Vargasek, abiapuntutzat hartuko den lanaren autoreak, aldiz, poemak errezitatuko ditu. Hala, poesiaren eta bertsoaren artean joan-etorrian ibiliko dira idazle eta bertsolari lez ezagun ditugun lau artistak, bi munduei elkarrenganantz tira egiteko atea zabalduko digun ekitaldian.