Ametsean hasten da irudimena bizia hartzen, sinboloa forma hartzen, hitza zentzua hartzen. Ametsari esker ematen diogu esanahia bizi dugunari.
Ametsa da hasiera. Hizkuntzaren hasiera. Eta hizkuntzaren hasieran zer dago? Hotsa, soinua, arnasa, usaina, fereka, taupada, laztana eta begirada.
Lau saio izango dira, martxoko lau larunbatetan. Saio bakoitza autonomoa, baina besteei hari ikusezinez lotua: hitza, ahotsa, erritmoa, musika, irudia eta gorputza dira lokarriak.
Lehendabizikoan, Yolanda Arrietarekin letrak dantzan jarriko ditugu gorputzaren bidez: eskuak, oinak, begiak, sudurra eta ileak, denak hizketan dantzari. Bigarrenean, Itsaso Arrietak aspaldiko haur-kantak irakatsiko dizkigu, ahotsa, erritmoa, jolasa eta memoria lagun hartuta. Hirugarrenean, Aitziber Alonsorekin ikasiko dugu olerkien atzean gordetzen diren irudiak letrekin konbinatzen. Laugarrenean, Yolanda Arrietarekin, berriro, aurreko saioetan ikasia baliatuko dugu olerkiak sortzeko, liburuetako beste zenbait poema gidari dugularik.
Honenbestez, sormena bere osotasunean frogatzeko aukera izango dugu, tailer orok azpian daraman espiritua giltzarri: ekinez ikasi eta ondo pasatu elkarrekin.
4-6 urte, heldu baten laguntzarekin
Lau saioen artean lotura badago ere, batean edo bestean parte hartzeko aukera dago.