2000 urteko urriak 20ean Euskaldunon Egunkariako Xingola gehigarrian ikusi zuen argia lehen aldiz Belardok. Ondoren Berria sortu eta Mantangorri gehigarria izan du habia gure belar meta arloteak.
2020ko urrian 20 urte bete ditu Belardok, larunbatero irakurlearekin topo eginez. Urteurrenaren aitzakia dela eta, Belardo ba al zatoz? komiki liburua idatzi eta marraztu du Iñaki Martiarena "Mattin"ek. Ohiko tira bikotzatik liburura jauzia egin du Belardok.
Komiki lantegiak eta erakusketa eskaintzen ere badabil sortzaile donostiarra. Intxaurrondora ere iritsi da, denon gozamenerako.
Erakusketaren ordutegia:
Astelehenetik ostiralera, 16:00-20:30
Aste Santuko ordutegia:
Martxoak 29 - apirilak 9: astelehenetik ostiralera, 10:00-14:00
Martxoaren 29 eta apirilaren 6: 10:00-14:00 / 16:00-19:00
Liburu Baby Kluba online programa 0-3 urte bitarteko haurrentzako eta bere familiei zuzentzen da, irakurketa lehenengo urteetan bultzatzeko asmoz.
Saio honetan Monica Graciak Baserria liburua irakurriko du. Susaeta agitaletxeari esker, Charles Reasonerrek idatzitako eta Paula Dohertyk ilustratutako liburuaz goza dezakegu.
Zeinu hizkuntzan ere ikusi ahal izango da, Eskuaire bitartekaritza zerbitzuko Bego Gonzalezek eskainia.
Liburu Baby Kluba Donostia Kulturako liburutegien sareko ohiko jarduera da. 2021eko urtarriletik aurrera, programa online moduan eskaintzen da, eta bai bideoak, bai Zoom bidezko saioak eskaintzen dira. Mestiza elkartearen eskutik.
Bideoak direla eta, hamabostero, hiru argitaratuko dira, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Horietan, ipuinak eta abestiak entzuteko aukera egongo da, baita parte hartzeko ere.
Saio hau, Liburu Baby Kluba online programako besteekin batera, ikusi ahal izango da gure Youtubeko kanaleko zerrenda honetan.
Kroma erabiliz zinemaren magiaz gozatuko dugu. Parte-hartzaileek, proposatuko ditugun 3-4 hitzekin istorio bat sortu beharko dute. Gidoi txiki bat idatziko dute eta grabazioari ekingo diogu. Atzekaldean oihal berde bat ipinita, munduko edozein lekura joan gaitezkeela ikusiko dugu. Etorri familian mundu urrunetara bidaiatzera.
Adina: +6 urte (+helduak)
25 urte taula gainean eman ondoren, eta taldearen unerik gorenean, Berri Txarrak-ek geldialdi mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena jarriz. Geratu aurretik, baina, azken bira bat egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko. Bidaia horretan Marina Lameiroren kamera izango zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak jarraitzaileon istorioekin irudi koral bat eraikiko du, etxetik hasi eta hainbat herrialdetako zaleen bizitzen txatalak tartekatuz: Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak… denek ere pasio bera partekatuko dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.
Hirukoaren kantuek utzitako lorratza ikusi ahal izango dugu pelikulan zehar; taldearen azken urratsen lekuko izanen gara; estilo, hizkuntza eta hainbat belaunaldi ezberdinen langak gainditu eta harago doan fenomeno baten unibertsaltasuna agertuko zaigu pantailan.
Lameirok Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu du Dardara dokumentala. BTX-en kantuen sortzaile nagusiak idazteke dagoen etorkizun baten bertigoari –dardarari- aurre egin beharko dio orain. Orobat, musikaren indarrari eta pasioari buruzko pelikula ere bada hau –exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Izan ere, horixe izan dute iparrorratz hasiera-hasieratik azken bira arte. Pasio horri esker lortu du Berri Txarrak-ek milaka lagunen bizitzaren parte garrantzitsu izatea.