2000 urteko urriak 20ean Euskaldunon Egunkariako Xingola gehigarrian ikusi zuen argia lehen aldiz Belardok. Ondoren Berria sortu eta Mantangorri gehigarria izan du habia gure belar meta arloteak.
2020ko urrian 20 urte bete ditu Belardok, larunbatero irakurlearekin topo eginez. Urteurrenaren aitzakia dela eta, Belardo ba al zatoz? komiki liburua idatzi eta marraztu du Iñaki Martiarena "Mattin"ek. Ohiko tira bikotzatik liburura jauzia egin du Belardok.
Komiki lantegiak eta erakusketa eskaintzen ere badabil sortzaile donostiarra. Intxaurrondora ere iritsi da, denon gozamenerako.
Erakusketaren ordutegia:
Astelehenetik ostiralera, 16:00-20:30
Aste Santuko ordutegia:
Martxoak 29 - apirilak 9: astelehenetik ostiralera, 10:00-14:00
Martxoaren 29 eta apirilaren 6: 10:00-14:00 / 16:00-19:00
Australiar aborigenek diote Amalurraren soinu guztiak elkartuko balira, didgeridooaren zurrunbiloa aterako litzatekela. Didgeridoo bakoitzak bere ahots propioa du eta termitek hustutako eukaliptozko enbor bat da. Naturak oparitutako musika tresna!
Familia osoarentzat den solasaldi honetan australiar mitologiaren bi ipuin kontatuko dira (Tiddalick igela eta Munduaren sorrera), marrazkien eta naturaren musikaren laguntzarekin. Bukaeran haur eta guraso bakoitzak didgeridoo bat egin, irudiekin apaindu eta jo ahal izango du. Baita etxera eraman ere! Sar zaitezte australiar aborigenen Ametsen Garaira.
Iban Nikolai, didjeridoo musikaria eta irakaslea | www.ibannicolay.com
Maitri Ugalde, artista plastika
25 urte taula gainean eman ondoren, eta taldearen unerik gorenean, Berri Txarrak-ek geldialdi mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena jarriz. Geratu aurretik, baina, azken bira bat egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko. Bidaia horretan Marina Lameiroren kamera izango zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak jarraitzaileon istorioekin irudi koral bat eraikiko du, etxetik hasi eta hainbat herrialdetako zaleen bizitzen txatalak tartekatuz: Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak… denek ere pasio bera partekatuko dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.
Hirukoaren kantuek utzitako lorratza ikusi ahal izango dugu pelikulan zehar; taldearen azken urratsen lekuko izanen gara; estilo, hizkuntza eta hainbat belaunaldi ezberdinen langak gainditu eta harago doan fenomeno baten unibertsaltasuna agertuko zaigu pantailan.
Lameirok Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu du Dardara dokumentala. BTX-en kantuen sortzaile nagusiak idazteke dagoen etorkizun baten bertigoari –dardarari- aurre egin beharko dio orain. Orobat, musikaren indarrari eta pasioari buruzko pelikula ere bada hau –exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Izan ere, horixe izan dute iparrorratz hasiera-hasieratik azken bira arte. Pasio horri esker lortu du Berri Txarrak-ek milaka lagunen bizitzaren parte garrantzitsu izatea.