Literatur solasaldia euskaraz liburutegian.
Edu Zabalaren gidaritzapean, hilabete honetan Rafa Egigureren Txipiroiak bere beltzean liburuari buruz arituko dira.
Askotarikoak dira ipuinotako protagonistak eta gaiak. Ustekabeko tokietan aurkituko du umorea irakurleak Rafa Egigurenen hamahiru ipuinotan. Liburuek, klandestinitateak, antzerkiak, zahartzaroak zeharkatzen dute idazlearen aurreneko ipuin bilduma. Eta bere lanetan ohikoa den Ekialdeko kulturak.
Liburua eskuragarri dago Donostia Kulturako liburutegietan eta eLiburutegian (ebook).
Ilustrazio eta objektu erakusketa.
Komisarioa eta ilustratzailea: Aitziber Alonso.
Frida Kahlok, gaur egun ikono bihurtutako margolari mexikarrak, bizitza latza izan zuen. Gaixotasuna, istripu traumatiko bat eta Diego Riverarekin izandako erlazio zailak bideratu zuten bere estilo piktorikoa eta, bide batez, kolore eta naturaz inguratzeko Fridaren beharrra.
Erakusketa honek bere istorioa kontatzen du.
Joxan Artzeren poesia eta kanta-hitzak ardatz hartuz eskainitako ikuskizun poetiko-musikala. Mixel Ducau eta Andoni Salamero izango dira emankizunaren gidaritza emango dutenak. Usurbilgo hitzen aztiak hamaika kontu eta kantu ezti utzi zizkigun, geuk harexekin bat egitea eta bat izatea nahi dugu.
Ezagutzen dituzu herrialde ezberdinetako soinuak? Eta instrumentuak? Entzutearekin bakarrik, antzemango zenituzke? Zatoz frogatzera!
25 urte taula gainean eman ondoren, eta taldearen unerik gorenean, Berri Txarrak-ek geldialdi mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena jarriz. Geratu aurretik, baina, azken bira bat egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko. Bidaia horretan Marina Lameiroren kamera izango zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak jarraitzaileon istorioekin irudi koral bat eraikiko du, etxetik hasi eta hainbat herrialdetako zaleen bizitzen txatalak tartekatuz: Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak… denek ere pasio bera partekatuko dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.
Hirukoaren kantuek utzitako lorratza ikusi ahal izango dugu pelikulan zehar; taldearen azken urratsen lekuko izanen gara; estilo, hizkuntza eta hainbat belaunaldi ezberdinen langak gainditu eta harago doan fenomeno baten unibertsaltasuna agertuko zaigu pantailan.
Lameirok Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu du Dardara dokumentala. BTX-en kantuen sortzaile nagusiak idazteke dagoen etorkizun baten bertigoari –dardarari- aurre egin beharko dio orain. Orobat, musikaren indarrari eta pasioari buruzko pelikula ere bada hau –exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Izan ere, horixe izan dute iparrorratz hasiera-hasieratik azken bira arte. Pasio horri esker lortu du Berri Txarrak-ek milaka lagunen bizitzaren parte garrantzitsu izatea.