Txikitako lagun koadrila bat asteburu pasa joango da landetxe batera beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Urteak ordea ez dira alferrik pasatzen eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, ezer ez da garai batean bezala; edo bai…
Asteburu “eroa” izan behar zena, are gehiago erotuko da; trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Esaten da erleak direla animalien erreinuan hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira…
Donostia, 2000. Euskal gatazka aktibo dago. Kanpoan duen anaiari gutun bat idazten dion bitartean, Sara, 15 urteko eskalatzailea, bere bizitzako maila-igoerarik gogorrenerako entrenatzen ari da.
Azken karlistaldia amaitzear dela, baso sakonean bizi den emakume misteriotsu batek umezurztegi batetik erreskatatuko du neskato bat. Larriki zauriturik, hiltzen ari dela sentituko du neskatoak, eta emakumea aingeru bat dela pentsatuko du, bere bila etorri dela zerura eramateko. Laster jakingo du izaki bitxi horrek betiko bizitza eman diola baina, aldi berean, gaueko iluntasunean bizi beharko dutela biek, "betirako".
Kondizio berri horretan, mingarria egingo zaio denbora igaro baina haur-gorputz berarekin segitzea; alabaina, Cándido ezagutuko du, etxean alaba izango balitz bezala hartuko duen gizon xume bat, eta bere izaeraren aurkako borrokan eta lapurtu zioten bizitza berreskuratzeko ametsean lagunduko dio. Ilargi Guztiak. Todas las lunas fabula fantastikoa da, heriotzari beldurra izateaz eta hilezkortasunaz hausnartzen duena.
Gidoilari, zuzendari eta aktorea: Eneritz Artetxe
Lakoste antzezlana galdera ugariren gainean eraikitzen den proposamen eszenikoa da: Nola uztartu ama bakarra eta sortzaile izatea? Zergatik ez digu inork sekula menopausiaz ganoraz hitz egiten? Nola hezi nerabe bat? Ze jendarte mota ari gatzaizkie nerabeei transmititzen? Mundu distopiko honetan geratzen ote zaigu elkar zaintzarako eta maitasunerako tarterik?
Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2021eko Poltsiko Antzerki Sorkuntza izeneko programaren lehen saria.
Informazio gehiago: XXX Poltsiko Antzerkia
Ipar Osetiako mendietan, harkaitz malkartsuen artean, Mizur meatze-herri txikia dago. Jazoera dramatiko batzuen ondorioz, Zaur horra joan zen bizitzera seme-alaba Ada, Akim eta Dakkorekin. Zaur aita zorrotza da, diziplina da beretzat garratzitsuena, eta ez da gai zaintza eta gehiegizko babesa bereizteko. Seme nagusiak, Akimek, jada ihes egin zuen aitarengandik Rostovera −Mizurretik gertueneko hirira− lan egitera joan zenean.
Akimen anaia gazteak, Dakkok, oraindik ez du erabaki zer nahi duen egin bizitzan, eta arreba, Ada, aktiboki ari da ihesaldia prestatzen. Jada emakumea bada ere, aitak ume gisa tratatzen jarraitzen du. Ada laster konturatuko da oso zaila izango zaiola aitarengandik ihes egin eta bizitza berri bat hastea. Akim itzultzean, argitara aterako dira familia-traumak, oraindik sendatzeke daudenak, sekula ez baitute horiei buruz hitz egin.
Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin
Marianne Winckler autore ezagunak lan-kolokatasunari buruzko liburu bat idaztea eta errealitate hori bertatik bertara bizitzea erabaki du. Horretarako, nortasuna ezkutatuz Normandiako (Frantzia iparraldean) herri batean garbitzaile-lana lortu eta gizarteko gainerakoek ezagutzen ez duten bizitza bat ezagutuko du, non irabazitako eta gastatutako euro oro garrantzitsua baita.
Esperientzia gogorra bada ere, lankideen arteko solidaritateak adiskide bihurtuko ditu Marianne eta lankideak. Elkarri laguntzeak adiskidetasuna dakar, eta adiskidetasunak, konfiantza. Baina zer gertatuko zaio konfiantza horri egia argitara ateratzen denean?
Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin
Nellyk zortzi urte ditu eta amona galdu berri du. Gurasoei laguntzen dien bitartean, bere ama Marion haurtzaroan jolasten zeneko etxearen inguruak arakatzen ditu, eta han aurkituko du zuhaitzeko etxea. Maiz hitz egin diote etxe hari buruz. Baina amak alde egingo du bat-batean, eta orduan, Nellyk bere adineko beste neskato bat ezagutuko du basoan eta zuhaitzean etxe bat eraikitzen hasiko dira elkarrekin. Lagun berriak Marion du izena.
Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin
Gazte batek uste osoa du norbaiti ustekabeko heriotza eragin diola, eta biktimaren alargunarekin harreman anbiguoa du; polizia bat ikerketa bat ebazten saiatzen ari da, bizitza betiko aldatuko dion ikerketa bat.
Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin
Feroe uharteak antzinako mikrokosmos bat dira, non askotariko gauzak dauden: produktu zirraragarriak, historia nordikoa, 37 hitz laino esateko eta are hitz gehiago hartzidura adierazteko, arrain-industria hazkor bat, ur-jauzi bikainak, pertsona bitxiak, jatorrizko hizkuntza bat eta sukaldaritza-altxor bat: KOKS.
Nola kudea daiteke lehen mailako jatetxe bat hain leku isolatu batean? Covid-19a baino lehen, jendeak sekulako desbideratzeak hartzen zituen KOKSen afaltzeko, eta bertako platerak 500 milia karratu soiletatik hartutako produktuetan funtsatzen dira, lur malkartsu batean gainera, non klima subpolarra, haizetsua, hezea, hodeitsua eta hotza den eta urtean zeharreko batez besteko tenperatura, berriz, izozte-tenperaturatik gertukoa, eta etengabeko argia dagoen udan eta iluntasun itogarria, berriz, negu osoan.
Nordic by Nature filmean Poul Andrias Ziska sukaldari gaztearen buru poetikoan murgilduko gara, eta munduko goi-mailako sukaldaritzako jatetxerik urrunenak ezkutatzen dituen tradizio, historia eta ohitura zahar eta berezien bila joango gara.
Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin
Gurdizain alargun baten familiaren bitartez, klase sozial baxuko familia batek gizarte-asaldura handiko eta belaunaldi-aldaketa sakoneko garai batean dituen zailtasunak islatzen ditu filmak.
Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin
Yoon Gi-jun farmazia-laborategi bateko presidentearen alabarekin ezkondu eta, horri esker, lanpostu exekutibo bat lortu du, baina enpresako bizitza aspergarria iruditzen zaio. Emazteak proposatuko dio, akziodunen batzarra prestatzen ari dela (zuzendari nagusi izendatuko dute bertan), atseden hartu eta Mujin jaioterrira joateko. Mujinen, Yoon Gi-junek iragana oroituko du: desertorea izan zen eta biriketako gaixotasun bat izan zuen. Zerga-bulegoko nagusiaren etxean Ha In-suk ausaz ezagutu eta maitasun-harremana hasiko dute biek.
Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin