Albisteak

“Bilintxen Menda”, ezohiko bertso hamabostaldia maiatzean Donostian

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak “Bilintxen Menda” bertso hamabostaldia antolatu dute elkarlanean. Apirilaren 28an Indalezio Bizkarrondo “Bilintx” bertsolari donostiarraren jaiotzaren 190. urteurrenaren karietara, bertsoa ardatz hartuta, lau ekitaldi erakargarri egingo dira maiatzaren lehen hamabostaldian.

Azken hamarkadetan bertsolaritzak izan duen bilakaera eta garapena islatuko dira hamabostaldi horretan. Jon Insausti kulturako eta euskarako zinegotziak azaldu duenez, “Bilintxen jaiotzaren urteurrena ospatzearekin batera, bertsolaritzak azken hamarkadetan izan duen garapena islatu nahi da. XX. mende bukaeraz geroztik erebertsolaritzak aldaketa nabarmenak izan ditu: gaiak aldatu dira, bertsolariaren profila, generoa (emakumeek indar handia hartu dute) eta abar. Beraz, garapen hori da hamabostaldiaren abiapuntua, Bilintx bera oroitzearekin batera”.

Donostia eta bertsolaritzaren arteko lotura estua izan dela gogoratu du Insaustik “XIX. mendeko hiriko bizitza sozialean, lore jokoetan eta abar, bertsolaritzak leku garrantzitsua zuen hirian. XX. mendean ere Donostiak bertsoari estuki lotuta jarraitu zuen: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalak, Bertsolari egunak - gerora Bertso Eguna bilakatu zena-bertan egiten ziren”.Gaur egun ere bertsolaritzak presentzia du Donostian, Jon Insaustiren esanetan, eta hori indartzeko sortu du Udalak bertso hamabostaldia. ”2021ean, pandemiaren eraginez, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa atzeratu behar izan denez eta bertso saio asko bertan behera geratu direnez, Donostiak bertsoari beste zirrikitu bat ireki nahi izan dio Bilintxen Menda Bertso Hamabostaldia antolatuta”.

 

Bilintxen Menda, bertso usaina dario

Ezohiko bertso hamabostaldiak izen berezia du: Bilintxen Menda. Xabier Euzkitze bertsolari eta esatariak jarritakoa da, bera arduratu baita bertso hamabostaldiaren diseinu eta koordinazioaz. “Bilintxen izaera ezin hobeki islatzen duen bertso batetik hartu nuen izena” adierazi du.

 

Askok diyote kantetan beti

amore-kontu naizela,

nik esaten det arriturikan

motibo gabe daudela.

Zer egin biat baldin zerubak

doaitu banau horrela?

Ez dute ikusten usaia mendak

bere izatez dubela?

Nere biyotzak amoriyua

mendak usaia bezela.

 

Lau ekitaldi antolatu dira hamabostaldiaren barruan:

 

Bilintxen Menda (hitzaldi musikatua), maiatzaren 2an, 19:00etan, Antzoki Zaharrean

Donostiar bertsolari historikoaren bizitza eta pentsamendua aztertuko dituzte Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariek. Horrez gain, Bilintxen hainbat bertso kantatuko dituzte Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio musikarien laguntzaz.

 

Erdaretatik bertsotara (mahai-ingurua), maiatzaren 6an, 19:00etan, Okendo K.E.

Bilintx erabat donostiarra eta euskalduna zen, baina, gaur egungo hainbat bertsolarik bezala, beste sustrai batzuk ere bazituen. Dionisio Ureña, aitona, Huelvako Ayamonten jaioa zuen, Portugalgo mugan. Erdaretatik plazetarako urratsa egin duten hiru lagunen lekukotasunak bilduko ditugu: Jon Maia, Jone Uria eta Aitor Servier bertsolarienak. Amagoia Mujika kazetariak gidatuko du saioa.

 

Imanol Lazkanoren “Gorbatatik piercingera” hitzaldia, maiatzaren 11n, 19:00etan VEAko Klub aretoan

Imanol Lazkano dateke bertsolaritzak azken 100 urteotan izan duen bilakaeraren lekukorik behinena. 1936an jaio zen, Txirrita hil zen urtean. Hernaniar bertsolariarekin kantatzera iritsi zen belaunaldi baten kantu-lagun izan zen gaztetan (Basarri, Uztapide, Zepai, Txapel...), eta, tartekoak tarteko, gaur egun elitean dauden gazteak ere plazakide izan zituen azken urteetan. Bertsolaritzak belaunaldiz belaunaldi izan dituen aldaketak izango ditu aztergai bertsolari azpeitiarrak: bertsolarien profil soziala eta profesionala, pentsakera, bertsokera, gaiak, estetika... Xabier Euzkitze herrikideak egingo du aurkezpena.

 

Bertso-saioa, maiatzaren 14an, 19:00etan, Lugaritz Kultur Etxean

Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak ariko dira. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Joxerra Gartzia ariko da.

 

Itzuli