Donostian 2021ean eginiko Hizkuntzen erabileraren kale-neurketak erakutsi du hiriburuko kaleetan 100 lagunetatik 15 ari zela euskarazko elkarrizketetan (% 15,3). Gehiengoak gaztelaniazko elkarrizketetan parte hartu du (% 79,7), frantsesezko elkarrizketetako solaskideek % 2 eta beste hizkuntzetan ari zirenak % 3 osatu dute.
Azken hamar urteetan, egonkor dago euskararen kale-erabilera Donostian. Bilakaera hori bat dator Euskal Herriko joera orokorrarekin. 1993tik hona, gora egin du euskararen kale-erabilerak Donostian (% 9,5etik % 15,3ra); 2006an behatu zen erabilera-mailarik altuena (% 18,2).
Euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzen presentzia nabarmentzekoa da Donostian. Hiriguneek ezaugarri bereziak dituzte jatorri atzerritarreko biztanleriaren bizileku eta turismo-gune bezala.
Auzoei dagokienean, euskara gehien Igeldoko kaleetan entzuten da (% 74,9). Jarraian dator Añorga (% 42,2). Azpimarratzekoa da hirugarren postuan Parte Zaharra kokatu izana (% 19,4). Gertutik jarraitzen dio Antiguako kale-erabilerak (% 18,0). Gainerako auzoetako kaleetan % 15etik beherakoa da euskararen erabilera. Altzako kaleetan entzun da euskara gutxien (% 4,5).
Auzo gehienetan behera egin du euskararen kale-erabilerak 2016tik 2021era. Egonkor dago erabilera Altzan, Erdialdean eta Loiolako Erriberetan. Aitzitik, gora egin du euskararen kale-erabilerak Parte Zaharrean, Igeldon, Bidebietan eta Intxaurrondon.
Emakumezkoen eta gizonezkoen euskararen kale-erabilera maila berean kokatzen da Donostian. Euskal Herriko joera orokorra da emakumezkoek gizonezkoek baino zertxobait gehiago erabiltzea euskara, baina ez da hori ikusi Gipuzkoako hiriburuan.
Donostian, joera orokorrarekin bat eginez, haurrek hitz egiten dute gehien euskaraz eta gutxien adinekoek. Helduen erabilera, ordea, gazteenaren aurretik kokatzen da. Gazteen erabilerak joera beherakorra du, gainera, 2006tik. Gazteen mundua gehiago hurbiltzen da helduenera, eta helduen mundu hori nagusiki erdalduna da. Helduen mundurako jauzia egitean, euskara erabiltzeko aukerak ireki behar zaizkie gazteei (lan-munduan, kultur eta kirol eskaintzan, hedabideetan eta ingurune digitalean…). Eskola bitartez euskaldundu diren haurrek eta gazteek euskara erabiltzeko gune erosoak aurkitu ezean, ez dute erabiltzeko aukerarik izango.
Adin berekoen arteko elkarrizketetan azaleratu da, bestalde, orain artean agerian ez zegoen informazio interesgarria. Harreman horizontaletan, baxuagoa da euskararen kale-erabilera, Donostian nahiz Euskal Herrian. Hizkuntza-sozializazioaren ikuspegitik, garrantzizkoa dirudi berdinen arteko harreman horietan euskarak presentzia izatea. Hurbiletik jarraitu behar litzateke, zalantzarik gabe, fenomeno horren bilakaera, eta bada emaitza positiborik Donostian: haurren artean egiten den euskararen erabilera-mailak joera gorakorra du 2011. urtetik. Hizkuntza biziberritzeari begira, eutsi beharreko joera da hori.
Hain zuzen, fenomeno horrekin lotzen da haurren presentziak euskararen erabileran duen eragina. Euskal Herriko kaleetan pertsona nagusiak euskaraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean, eurak bakarrik daudenean baino. Horixe ikusten da Donostian ere. Badirudi pertsona nagusiek euren harreman horizontaletan gaztelaniarako joera sendoagoa dutela eta haurrekin daudenean errazago baztertzen dutela joera hori: nagusien arteko taldeetan entzuten da gutxien euskaraz, eta haurrekin daudenean, aldiz, nabarmen igotzen da euskararen erabilera. Guraso izateak askotan dakar euskararekiko kontzientzia eta praktika indartzea. Haurrek beren artean ere nagusiekin daudenean baino gutxiago erabiltzen dute euskara. Argi geratzen da, beraz, adin desberdinetako pertsonak elkartzeak euskararen aldeko hautua indartzen duela. Indarrean dago haurren eta helduen arteko solasaldietan euskaraz egitera bultzatzen duen arau soziala.
Aurrera begira, garrantzitsua da haurren eta gazteen joerei erreparatzea. Norabide horretan, Donostian, bada itxaropenerako daturik, baita kezkagarriago izan daitekeenik ere. Dena den, gogoan izan behar da egungo euskal hiztunen profil linguistikoa desberdina dela garai bateko euskaldunen artean ohikoen zen profiletik. Gaur egun, haur eta gazte gehienak eskolatik euskaldunduak dira, eta erraztasun handiagoa dute gaztelaniaz edo frantsesez aritzeko. Horrek, askotan, zailtasunak sortzen dizkie euskara erabiltzeko.
Halaber, egungo gizartea ez da duela hogeita hamar urteko berbera. Globalizazioaren eraginez, sakon eta bizkor ari da eraldatzen gizartea. Lurralde arteko mugikortasuna erraztu eta handitu da, eta horrek kultur arteko harremanak ugaritzea eta garatzea ekarri du. Hala, hizkuntza hegemonikoak gero eta hegemonikoago bihurtzen ari dira. Horrek guztiak erronka berriak sorrarazi dizkio euskararen biziberritze-prozesuari.
Kanpo-eraginak tarteko direla ere, zaindu beharrekoak dira haurren eta gazteen hizkuntza-erraztasuna, euskaraz modu lasaian aritzeko aukerak eta euskarazko sozializazioa. Herritar guztiek dute zeregina eginkizun horretan. Euskararen biziberritzearena, ilusioz, erabakimenez, enpatiaz eta inteligentziaz gauzatu beharreko prozesu berritzaile eta eraldatzailea da, bizikidetza zainduz eta gizarte hobe bat eraikitzeko bidean.
Informazio iturria: "Hizkuntzaren Erabileraren Kale Neurketa Donostia 2021". Soziolinguistika Klusterra.