Albisteak

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak uztailaren 4an jarriko ditu martxan haur eta gazteen euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko ekimenak

1.000 bat lagun ariko dira udako 4 jardueratan

Jatorri ezberdinetako etorri berri askok parte hartuko du

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak uztailaren 4an jarriko ditu martxan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko haur eta gazteei zuzenduriko ekimenak. Haurrak Udan Mintza Jolasean eta Aisikasi udaleku trinkoak antolatu ditu ikasturtean zehar kanpotik etorri berri direnentzat eta oinarrizko mailara iristen ez direnentzat. Bestalde, urtero bezala, euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Oporretan Euskaraz udaleku irekiak abian jarri ditu 5-11 urteko haurrentzat. Eta azkenik, euskara ikastaroak antolatu ditu oinarrizko euskara maila izatera heltzen ez diren 16-18 urteko gazteentzat. Lau jarduera hauetan 1.000 bat haur eta gaztek parte hartuko dute.

Haurrak Udan Mintza Jolasean eta Aisikasi izeneko ekimenetan euskara erabiltzeko gaitasun urria duten haurrek parte hartuko dute. Haur horiek oraindik ez dute euskara menderatzen, gehienak jatorri ezberdineko etorri berriak baitira. Ikastetxean hasi dira euskara ikasten baina uda osoan euskaraz hitz egiteko aukerarik izango ez dutenez, Udaleko Euskara Zerbitzuak jarduera berezituak antolatu ditu hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran urratsak egiten jarrai dezaten. Ekintza horiek aurrera eramateko hiriko ikastetxeen laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa izan da eta ikastetxeek behar- beharrezkotzat jo dute egitasmoa.

Haurrak Udan Mintza Jolasean ekimenean, 8-10 urteko (LH 3 eta 4 egin dutenak) 120 haurrek hartuko dute parte eta eta hiriko hiruhaurtxokotan (Aieten, Altzan, eta Grosen) egingo dira. Zenbait talde uztailaren 4tik 22ra (3 astez) ariko dira etagainerakoak bi astez, abuztuaren 1etik 12ra.

Aisikasi egitasmoa 12-14 urte arteko gazteei (DBH 1 eta 2 egin dituztenak) zuzenduta dago. 110 gaztek hartuko dute parte eta hiriko lau gaztelekutan (Aieten, Altzan, Intxaurrondon eta Grosen) antolatuko dira. Hiru astez jardungo dute, uztailaren 4tik 22ra.

Ahozkotasuna landuko da bereziki bi udaleku trinko horietan, aisialdiaz gozatuz, era ludikoan, giro lasaian eta atseginean.

Arreta berezia iritsi berri direnentzat

Ukrainako gerraren ondorioz eta beste hainbat egoera tarteko, 2022an haur eta gaztetxo dexente iritsi da atzerritik Donostiara (Ukraina, Nikaragua, Honduras, Ekuador, Siria, Errusia eta abar). Ikastetxeetan euskara ikasten hasi dira eta ikasketa prozesu horretan laguntzeko, egitasmoak jarri ditu martxan Udaleko Euskara Zerbitzuak. Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziak adierazi duenez “Udaleko Euskara Zerbitzuak behar horiei aurre egiteko udan ekimenak antolatzea erabaki du. Etorri berriakeuskararen ezagutzan urratsak ematen jarraitzea da asmoa, udan etenik ez izatea nahi dugu. Antolaturiko ekimenetan, gainera, euskararen ezagutzan oinarrizko mailara iristen ez direnbertako haur eta gaztetxoek ere parte hartuko dutenez, etorri berrien gizarteratze prozesurako lagungarria izango da”.

Oporretan Euskaraz, ohiko udaleku irekiak

Oporretan Euskaraz udalekuetan, berriz, 5-11 urte bitarteko 700 bat lagun elkartuko dira aurten. Euskararen erabilera sustatzea helburu duten udaleku ireki hauek uztailean egingo dira, 4tik 29ra. Taldeak jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratu dira eta udalekuak goizez (09:30etik 13:30era) eta astelehenik ostiralera, izango dira. 08:30etik 9:00etara zaintza zerbitzua ere eskainiko zaie horren beharra duten familiei.

Udaleku hauetan era askotako ekintzak egingo dituzte: parke eta zelaietan jolasean ariko dira, hondartzara joango dira, hizkuntz jolasak egingo dituzte, tailerrak, eskulanak, ingurumena landuko dute eta abar. Horrela, jolas giroan, hizkuntza erabili eta hobetu egingo dute haurrek, beraien hiztegia eta hizkera aberastuz, eta aisialdian euskaraz egiteko joera eta motibazioa landuz.

Euskara ikastaro berezituak uztailean 16-18 urte bitartekoentzat

Azkenik, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, hiriko euskaltegiekin elkarlanean, euskara ikastaroak (B2 arte) antolatuko ditu uztailean oinarrizko mailara iristen ez diren16-18 urte bitarteko gazteentzat. Lau talde osatu dira eta 42 gaztek eman dute izena. 60 orduko ikastaroak dira eta 60 ordaindu behar izan dute.

Informazio gehiagorako:

Telefonoa: 010 / 943 483750 / Emaila: udala_euskara@donostia.eus

www.donostiaeuskaraz.eus

Itzuli