Albisteak

Euskara ikasteko ikastaroen dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren euskara ikasteko dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 1etik aurrera egongo da zabalik. Donostiako edozein euskaltegitan izena eman dutenek, aukera izango dute Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan ikastaro horietarako dirulaguntza eskatzeko. Dirulaguntza eskaera egiteko ikastaroa hasi eta hilabeteko epean egin beharko da eta eskaerak aurkeztu daitezke online, zein aurrez aurre.

Dirulaguntza eskaera online egiteko aukera izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostieuskaraz.eus web orrietan. Era berean, dirulaguntza aurrez aurre eskatu ahalko da Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinfo bulegoetan (Eason, Arrokan, Morlansen eta Altzan; betiere 010 zenbakian hitzordua eskatuta).

Urrian hasiko diren ikastaroez gain, 2023eko otsailetik ekainera bitarteko ikastaroak ere diruz lagunduko dira. Ikastaro horietan parte hartuko dutenek otsailean egin ahal izango dute dirulaguntza eskaera.

Aurrez aurreko ikastaroez gain, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, aurrez-aurreko telematikoak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Horiek diruz laguntzeko eskabidea ikastaroa behin hasita 30 eguneko epean egin beharko da.

Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak ondokoak dira:

Eskatzeko baldintzak:

  • 16 urte beteta edukitzea ikastaroa hasten den urtean.
  • Donostian erroldatuta egotea, edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo zerbitzu enpresa batean lan egitea.

Jasotzeko baldintzak:

  • Euskaltegi edo zentro homologatu batean matrikulatu.
  • Eskabidea, behar bezala beteta, eta nahitaezko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu.
  • Ikasturte amaieran, gutxienez azpi-maila bat gainditu eta %75eko asistentzia egiaztatu.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak bateragarriak izango dira ikasle batek jaso ditzakeen beste zenbait dirulaguntzekin. Ikasle batek enpresa pribatu baten dirulaguntza jaso arren (lan egiten duen enpresa, esate baterako), Euskara Zerbitzuaren dirulaguntza ere eskatu ahal izango du, eta baita HABErena ere, betiere gain finantzaketa ez dela izango ziurtatuz.

Hemen klik eginda informazio gehiago aurkituko duzu.

Itzuli