Albisteak

Euskara Zerbitzuak establezimenduen kanpoko zein barruko errotulazioa euskaratzeagatik dirulaguntzak emango ditu

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko establezimenduen barruko zein kanpoko errotulazioa euskalduntzeagatik dirulaguntzak emango ditu. Horretarako, Udaleko Euskara Zerbitzuak 10.000 euro bideratuko ditu 2021ean eta dirulaguntza eskaerak dirua agortu arte onartuko dira.

Udaleko Euskara Zerbitzuak, Donostian euskararen normalizazio prozesua bideratzeko, establezimenduen hizkuntza paisaia euskalduntzea lehentasunezkotzat jotzen du. Hiriko establezimenduen hizkuntza paisaiaren euskalduntzean pausoak ematea beharrezkoa da eta neurri horrek arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera sustatzen lagunduko du.

Jarraian zehazten dira eskainiko diren dirulaguntzak:

 

Diruz lagundu daitekeena

 

 

Euskaraz

 

Euskaraz eta gaztelaniaz

Merkataritza, ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten establezimenduen kanpo errotulazioa

% 60

500 euroko mugapean

% 30

300 euroko mugapean

 

Establezimenduen barruko euskarri finkoak

% 60

1.200 euroko mugapean

% 50

1.000 euroko mugapean

 

Establezimenduen barruko seinaletikoa

% 60

220 euroko mugapean

% 50

200 euroko mugapean

Eskaintzen diren zerbitzuen, produktuen eta prezioen idatzizko euskarriak (menuak, karta, katalogoak, oparirako tiketak...)

% 60

600 euroko mugapean

% 50

500 euroko mugapean

Establezimenduetako erabilera bakarreko idatzizko euskarriak

(Ahozapiak, mahaigainak...)

% 60

360 euroko mugapean

% 50

300 euroko mugapean

 

Dirulaguntza horiek eskatzeko, www.donostiaeuskaraz.eus/merkatari eta www.donostia.eus webgunetan eskuragarri dago eskaera orria, baita Euskara Zerbitzuan ere (Konstituzio plaza, 2 behea).

 

Establezimenduetan euskararen presentzia ziurtatu nahian

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarentzat lehentasunezkoa da hiriko merkataritzan, ostalaritzan eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten establezimenduetan euskarak gero eta presentzia handiagoa izatea. Horregatik, hizkuntza paisaia euskalduntzeko dirulaguntzak izateaz gain gain, “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmoa ere martxan du. Egitasmo honen helburu nagusia da establezimenduek zerbitzu hobea ematea eta bezeroak hizkuntza eskubideak bermatuta izatea. Gauzak horrela, egitasmoan parte hartzen duten establezimenduen langileen erdiak edo gehiago euskaldunak izango dira, eta lehen hitza euskaraz egingo dute. Modu horretan, establezimenduaren bezeroen hizkuntza hautua erraztu egingo da, hau da, bezeroek bertan euskaraz lasaitasunez egin dezaketela jakingo dute.

Euskara gehiago, bezero gehiago

2021ean, aurreko urtean bezala, bertako bezeroen presentzia nagusi izango da hiriko establezimenduetan; beraz, euskararen presentziak eta erabilerak inoiz baino balio erantsi gehiago izango du, eta establezimenduek eskaintzen duten zerbitzua hobetzeko onuragarria izango da.

Bestalde, Euskara Zerbitzuak beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditu euskara ezagutzen edo menderatzen ez dutenentzat. Alde batetik, euskara ikastaro laburrak eskaintzen ditu arlo honetako langileentzat, eta, bestetik, doako itzulpen eta zuzenketa zerbitzua ere eskaintzen du.

Informazio gehiago

Itzuli