Albisteak

Euskararen Nazioarteko Eguna Donostian “Guk kirola baino gehiago egiten dugu. Gu euskaraz entrenatzen gara”

KEES (kirol entrenamenduetan euskara sustatzeko metodologia) egitasmoa lantzen ari diren Donostiako 20 kirol klubei eskaini die Donostiako Udalak Euskararen Nazioarteko eguneko ekitaldi nagusia.

“Guk kirola baino gehiago egiten dugu. Gu euskaraz entrenatzen gara” lelopean kanpaina bat bideratu zuen irailean Udaleko Euskara Zerbitzuak entrenamenduetan euskararen erabilera sustatzen Donostiako 20 kirol klub egiten ari diren lana ezagutzera emateko. Kanpaina horri jarraipen emanaz, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, harrera-ekitaldi bat egin zaie kirol klub hauei.

Eusko Jaurlaritzak bezalaxe, Donostiako Udalak ere kirolak euskararen normalizazioan aurrera egiteko dituen balioetan jarri nahi izan du azpimarra abenduaren 3ko ospakizunetan eta KEES egitasmoan parte hartzen ari diren 20 kirol talde hauez gain, Donostiako gainerako kirol elkarteak gonbidatu ditu Udalbatza Aretora Nazioarteko Euskararen Eguna ospatzera.

2021-2022 ikasturtean egitasmoarekin bat egin duten 20 klubetan 2003 haur eta gazte ari dira 156 entrenatzailerekin euskaraz entrenatzen. Metodologia honekin, entrenatzaileen jardunean eraginez, haur eta gazteengana iristea da helburua. Gazteenekin kontaktu zuzenean dauden entrenatzaileek, kirolaria trebatzeaz gain, euskara erabiltzen dute une oro. Gainera, egitasmo honen balio garrantzitsua da parte hartzen duen klub bakoitzaren eta entrenatzaileen inplikazio aktiboa dagoela.

Aritz Olagoi egitasmoaren koordinatzaileak adierazi duenez, “gaur egun, Donostian 15 urtetik beherakoen % 88 euskaldunak dira eta % 97k ondo ulertzen du hizkuntza. 2016ko kale erabilera neurketaren arabera, haurren euskararen erabilera % 26koa da, eta gazteena, berriz, % 13koa. KEES egitasmoan parte hartzen ari diren taldeetan egin diren neurketetan batez besteko hau asko igotzen da: haur eta gazteen euskararen erabilera %84koa da entrenatzaileen galderei erantzuten dietenean, %78koa beren kabuz entrenatzailearengana zuzentzen direnean eta %58,33koa beren arteko jardunean”.

Oier Berra Añorga Kirol Elkarteko entrenatzailea eta Futbol Entrenatzaileen Gipuzkoako Batzordeko lehendakaria eta Leire Julian, Tximeleta gimnastika erritmikoko ordezkaria ere zentzu berean mintzatu dira eta gainerako elkarteak egitasmoan parte hartzera animatu dituzte.

Ekitaldiaren amaieran egitasmoan parte hartzen ari diren 20 klubetako ordezkariek eta Eneko Goia alkateak dokumentu bana sinatu dute datozen urteetan kirol entrenamenduak euskaraz egiten jarraitzeko konpromisoa adieraziz.

Donostiako Alkatearen esanetan, “kirolak eta kirol elkarteek euskararen erabileran duten garrantzia eta ardura nabarmendu nahi dugu. Haur eta gaztetxo gehienek euskara eskolarekin lotzen dute, horregatik da hain garrantzitsua kirol jardueretan euskaraz egiteko aukera eskaintzea”. 

Horrela, gaineratu du, “kirolean bezalaxe, hizkuntzaren normalizazioan ere denak norabide berean aritzea eta talde-lanean aritzea funtsezkoa da. Zentzu horretan, Donostiako Udalarekin elkarlanean, entrenamenduetan KEES metodologia lantzen ari diren 20 kirol elkarteen jarrera eta lana goraipatu eta nire esker ona adierazi nahi dut”.

Aurtengo KEES egitasmoan parte hartzen ari diren Donostiako 20 kirol elkarteak ondorengoak dira: 

  1. Añorga Kultur eta Kirol Elkartea
  2. Askatuak Saskibaloi Taldea
  3. Atletico San Sebastian Kluba
  4. Bera Bera elkartea
  5. Donostia Gimnastika Erritmikoa
  6. Easo Saskibaloi Taldea
  7. Egiako Eskubaloi Taldea
  8. Fortuna Kirol Elkartea
  9. Groseko Indarra Surf-EskolaTaldea
  10. Gros Xake Taldea
  11. Irutxulo Sub Urpekariak
  12. Judo Club San Sebastian
  13. Martutene Kirol Elkartea
  14. Realeko Atletismo saila
  15. Tximeleta Gimnastika Erritmikoa
  16. Ur-Kirolak
  17. Jakintza Atletismo Kluba
  18. Duna Surf Kluba
  19. Ibaeta Basket – IDK Gipuzkoa
  20. Kostkas Futbol Taldea

Bestalde, urtero bezala, 120 bat ekintza antolatu dira hirian euskararen eguna ospatzeko. Hurrengo estekan dago gaurko, abenduaren 3ko, agenda: 

 
Itzuli