Albisteak

Euskararen Nazioarteko Eguna Donostian

EuskaEguna_irudia

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Jar dezagun teknologia euskaldunon alde kanpaina izango da Euskararen Nazioarteko Egunaren ardatza, Donostian, eta teknologiek hartuko dute protagonismo nagusia. Izan ere, Udalak hiru urrats egitea proposatuko die herritarrei: telefonoak euskaraz konfiguratzea, ordenagailuko nabigatzaileak euskaraz jartzea eta euren ahotsa www.gaitu.eus web orrian grabatzea.

Horretarako, informazio-gunea jarriko dute abenduaren 2an eta 3an Bulebarrean, eta gerturatzen denari bertatik bertara erakutsiko diote aipatu hiru urratsak nola egin.

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak sustatu dute Gaitu proiektua eta proiektu hori bultzatzeko kanpainarekin bat egin du Donostiako Udalak. Gainera, mugikorra eta nabigatzailea euskaraz jartzeko ekimena ere gehitu dio Udalak kanpainari, Euskararen Eguneko egitarauaren barruan.

Udaleko Euskara Zerbitzuaren mezua honakoa da: "Zenbat eta gehiagok erabili teknologia euskaraz, orduan eta eskaintza gehiago izango dugu gure hizkuntzan". 

Ahotsak grabatzeko maratoia Bulebarrean

Ahotsak gaitu.eus-en grabatzeari berebiziko garrantzia eman dio Euskara Zerbitzuak eta Bulebarreko karpan grabazioak egiteko ordenagailuak jarriko ditu herritarren esku: abenduaren 2an, 13:00etatik 20:00etara, eta abenduaren 3an, 11:00etatik 19:00etara. Herritarrei ez ezik, hiriko eragileei eta entitateei ere bertaratzeko gonbita egin die Udalak. 

Bestalde, Donostiako KZ guneetan ere ordenagailuak jarriko dituzte ahots grabazioak egiteko.

160 bat ekintza auzoetan

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatuko da, baina azaroaren 16etik abenduaren 5era izango dira Euskararen Egunari lotutako ekintzak auzoetan. Guztira, 160 bat ekintza izango dira hirian, auzoetako euskara batzordeek eta Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta. Auzoetako euskara batzordeek bestelako eragileen partaidetza ere izan dute egitarauak prestatzeko garaian.

Hemen dituzu auzoetako egitarauak ikusgai

Erlazionatutako dokumentuak

Itzuli