Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Donostiako Udalaren eskutik Euskaraz barra-barra marka aurkeztu da. Marka berri honek merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen ditu kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko. Euskal Herri osora zabalduko da egitasmoa. Donostian, dagoeneko, 1.132 establezimendu atxiki dira egitasmo honetara.
Euskaraz barra-barra ikurrarekin bezero euskaldunei adierazten zaie euskaraz lasai aritzeko aukera dutela ikurra jarrita duten establezimendu edo entitateetan, izan ere, marka duten guneetan euskaraz ulertzen duten langileak egongo direla bermatuko baita.
Marka hau Euskal Herri osora zabalduko da eta baldintzak betetzen dituzten establezimenduek bat egiteko aukera izango dute hemendik aurrera. Donostiako 1.132 establezimenduk dute marka jarrita dagoeneko. Udazkenean Euskara Zerbitzuak hiriko establezimenduak bisitatzen jarraituko du egitasmo honen berri emateko. Hala ere, establezimenduren bat egitasmo honetan parte hartu nahiko balu Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke.