gaitu.eus webgunean nahi duen orok bere ahotsa grabatzera deitu du Donostiako Udalak, eremu digitalean euskararen presentzia handitzen lagunduko duelakoan. Horixe du helburu Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak martxan jarri duten Gaitu izeneko kanpainak. Kanpainaren aurkezpena Donostiako Tabakaleran egin dute, Donostiako Udaleko ordezkariekin batera. Izan ere, udalen gain egongo da kanpaina sustatzeko lana, hein handi batean.
Batu ditzagun gure ahotsak leloa hautatu dute kanpainarako. Abenduaren 3a bitartean bultzatuko dute kanpaina, eta Euskararen egunarekin amaituko da. Tarte horretan, webgunea ezagutaraziko dute, teknologia berrietan euskararen presentzia sustatzearen garrantziaren berri emango dute, eta, hainbat egitasmo zehatz martxan jarriko dituzte.
Donostian, esaterako, abenduaren 3aren bueltan, jendearen ahotsak grabatzeko maratoi handi bat egingo dute. Eta antzeko beste egitasmorik ere abiatuko du Udalak, Bagera euskara elkartearekin batera: mugikorra eta ordenagailuko nabigatzailea euskaraz konfiguratzeko kanpaina.
Webgunean, bi eginkizun
Gaitu webguneak bi eginkizun proposatzen dizkie bertan sartzen direnei. Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko era izango dute, ozenki grabatzen den bitartean. Nahi adina esaldi graba daitezke. Proposatzen den beste eginkizuna da beste hiztunek grabatutako esaldiak balioztatzea. Hori ere nahi adina aldiz egin daitekeen eginkizuna da.
Kanpainaren antolatzaileek parte hartzera deitu dute: «Milaka ahots behar ditugu, milaka grabazio ordu euskaraz. Hortaz, zenbat eta ahots gehiago lortu, hobeto». Izan ere, hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien «asmoetan» eta hiztunen komunitateek aparteko ahalegina egin behar dute hor toki bat egiteko, bide propioa eginez.
Software librea
Librezale elkartea eragile da Gaitu proiektuan. Ahotsak biltzeko Common voice izeneko ekimen irekia erabiltzen ari dira. Irabazi asmorik gabekoa da, kolaboratiboa, eta orain «masiboa» bihurtu nahi dute. Software librearen bidez garatutako sistema baten bidez jardutearen garrantzia nabarmendu dute. Haien esanetan, hizkuntza gutxituek aukera gehiago dituzte bide hori aukeratuta, eta hizkuntza asko egiten ari dira hautua. Aurkezpenean eman dituzten datuen arabera, 105 hizkuntzatan hasiak dira sistema horren bidez ahots ekarpenak egiten, eta beste hainbatetan ere prestatzen ari dira.