Albisteak

Hitzez ekiteko garaia: Donostia martxan da Euskaraldiaren hirugarren ediziorako

Bagera eta Donostiako Udala lanean ari dira azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ariketaren antolakuntzan.

Hiriko bost pertsona ezagunek (Eneko Goia alkateak, Tanya De La Cruz aktoreak, Iñaki Salvador musikariak, Esther Arrojeria Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak eta Pilar Kaltzada kazetariak) Euskaraldiari esker egin dituzten urratsak azaldu dituzte.

Euskaraldiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute Donostiako San Telmo Museoan. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo den ariketa sozialak euskararen erabileran aurrerapausuak emateko balio izango duela adierazi dute Donostiako antolatzaileek. Hitzez ekiteko garaia izango da aurtengo edizioaren leloa.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko sorturiko ariketak utzi duen arrastoa ikusi da gaurko ekitaldian. Hiriko bost pertsona ezagun gonbidatu dituzte Euskaraldiari esker egindako urratsak azaltzeko eta denek adierazi dute euskara gehiago erabiltzeko aukerak eman dizkiela aurreko edizioko bi ariketek. Eneko Goia alkatea, Tanya de la Cruz aktorea, Iñaki Salvador musikaria, Esther Arrojeria kirolaria eta Pilar Kaltzada kazetaria aritu dira beraien esperientziak partekatzen.

Euskaraldia lorpen txiki askoren gehiketa dela azaldu dute eta hitzez ekiteko proposamena luzatu diete donostiarrei, hurrengo edizioak ere hizkuntza ohiturak aldatu eta euskara gehiago erabiltzeko aukera izan dezaten.

Kaleak ahobizi eta belarriprest-ez betetzea da erronka

Pandemia osteko Euskaraldiak euskal hiztunak kalera atera eta euskara nonnahi eta noiznahi erabiltzea du helburu. Hirugarren edizioan beraz, belarriprestak eta ahobiziak izango dira protagonistak. Hiriko entitateek ere Euskaraldian parte hartzeko aukera izango dute ariguneak, hau da, euskaraz lasai aritzeko guneak, sortuz. Ariketan parte hartu nahi duten entitateek eman dezakete izena jada www.euskaraldia.eus webean.

“Euskaldunon Ahalduntze Eskola” proiektu pilotua Donostian

Euskaraldiaren hirugarren edizioan hizkuntza ohiturak aldatzearekin batera, ohitura horiek egonkortu eta euskal hiztunak ahalduntzea nahi da.

Herritarren hizkuntza ohiturak euskarara aldatzea edo indartzea da Euskaraldiaren helburua, horretarako aldeko giroa sortu eta belarriprest zein ahobiziei urrats berriak emateko tresnak eskainita.

Aurreko bi edizioak igarota, eusle gisa aritzen direnen portaeretan jauzi kualitatiboa emateko erronka dutela azaldu dute. Horretarako, eusleen lana indartzea ahalbidetuko duten tresna sortu dute: Euskaldunon Ahalduntze Eskola.

Eusle portaera hartu eta ulertzen dutenekin euskaraz aritu nahi duten herritarrentzako ahalduntze, prestatze eta esperientzia partekatze eskola da irudikatu dutena. Bertan parte hartuko dutenak, Euskaraldian zein hortik kanpo, haien egunerokoan, urrats berriak eman nahi dituzten pertsonak izango dira. Hortaz, Euskaraldian ahobizi edo belarriprest gisa izena ematen dutenak parte har dezakete, baina bestela ere, nahi duen orok.

Donostian Korrikatik Euskaraldira

Ekitaldian parte hartu duen Donostiako AEKren ordezkariak gogoratu du bi hilabete igaro direla Korrika Donostian amaitu zenetik eta lasterketak bistaratu dituela herri gogoa eta euskararen aldeko motibazioa Euskaraldian txertatu behar dela.

Donostiako Euskaraldia koordinatzen ari diren kideen esanetan, indar eta gogo hori islatzen ari da Donostiako Euskaraldia Batzordean eta auzoetako euskara batzordeetan. Gogotsu ari dira lanean datorren edizioan arrakastatsua izan dadin eta herritarrak gonbidatu nahi dituzte batzorde hauetan parte hartzera.

Itzuli