Albisteak

Mintzalagunen izena emateko aukera, ikasturte osoan zehar

Euskaltegietan 2023-2024 ikasturtea hastearekin batera zabaldu zuten Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen-ematea. Berez, urriaren 1etik 20ra zen izena emateko epea, baina artean ere onartuko dituzte izena eman nahi dutenak. Izen-ematea Bagera euskara elkartean egin behar da edo 943005074 zenbakira deituta.

Bagerak antolatzen du mintzapraktika egitasmoa eta euskaltegiekin batera sustatu. Udaleko Euskara Zerbitzuak diruz laguntzen du. Udalak herritarrei dei egin die egitasmoan izena ematera.

Mintzalagunen parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea (B.1 mailatik gora) eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea. Bidelagunek edo euskaraz praktikatzeko premia duten parte hartzaileek, gainera, 25 euro ordaindu behar dute.

Astean behin, euskaraz hitz egiteko elkartzen dira mintzalagunak, talde txikitan. Euskara praktikatzeko premia eta nahia duten bi edo hiru lagunek (bidelariak) eta euskaraz hitz egiteko ohitura eta trebetasuna duen lagun batek (bidelaguna) osatzen dute mintzalagun taldea.

Bidelarien kasuan, berebiziko garrantzia du egitasmoak ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko, euskaraz aritzeko lotsa eta akatsak egiteko beldurra gainditu, erabileran trebatu eta hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko espazio eroso bat eskaintzen baitie.

Euskaldunen sarea ehuntzen

Egitasmoa sortu zenetik 5.000 donostiarrek parte hartu dute Mintzalagunen. Asteroko hitzorduez gain, mintzalagun direnek Bagerak antolatzen dituen beste jardueretan parte hartzeko aukera izaten dute, bai eta Udalak Donostian antolatzen dituen euskarazko ekintzetan ere. Gisa horretara, astero euskara praktikatzeko elkartzen direnen sareak ehuntzen jarraitzen du.

Ikasturte honetan, 31 urte beteko ditu Mintzalaguna egitasmoak Donostian. Euskara ikasten ari direnei ezagutza praktikan jartzeko helburuz sortu zuen Bagera elkarteak egitasmoa 1993ko abenduan.

Donostian sortu zenetik Euskal Herrira zabaldu da egitasmoa eta Mintzalagunen sarea. Gaur egun 7.700 pertsonatik gora elkartzen dira astero han hemengo mintzapraktika egitasmoetan. 

Itzuli