Jar dezagun teknologia euskaldunon alde kanpaina izango da Euskararen Nazioarteko Egunaren ardatza, Donostian, eta teknologiek hartuko dute protagonismo nagusia. Izan ere, Udalak hiru urrats egitea proposatuko die herritarrei: telefonoak euskaraz konfiguratzea, ordenagailuko nabigatzaileak euskaraz jartzea eta euren ahotsa www.gaitu.eus web orrian grabatzea.
Horretarako, informazio-gunea jarriko dute abenduaren 2an eta 3an Bulebarrean, eta gerturatzen denari bertatik bertara erakutsiko diote aipatu hiru urratsak nola egin.
Argitaratuta dago 2023ko udan euskara ikasten aritu ziren ikasleei Donostiako Udalak emandako dirulaguntzen behin behineko zerrenda.
Euskara ikasleentzako dirulaguntzak arautzen dituen oinarrietako 9. puntuak dioena betez eman du Udalak dirulaguntzen behin-behineko ebazpen proposamena.
Alegazioak aurkezteko epea: azaroaren 6tik 17ra (biak barne)
Behin betiko zerrenda abenduaren 12an argitaratuko da.
Alegazioak aurkezteko lekua:
- Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza 2 behea)
Aurten ere, urriaren 31n, Gau Beltza edo arimen gaua ospatuko dute Alde Zaharrean, Altzan, Antiguan, Añorgan, Ibaetan eta Loiolako Erriberak auzoan, festa giroan.
Gau Beltzaren antolatzaileen helburua da galdurik egon den Euskal Herriko ohitura zahar bat berreskuratzea eta lekuan lekuko auzoetako haurrei eta gazteei euskal kultura gerturatzea. Eta, antolatutako ekintzak euskaraz izaten direnez, bide batez, auzoan euskara zabaltzea eta indartzea.
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea urriaren 27tik azaroaren 3ra izango da. Antzoki Zaharra eta Victoria Eugenia Antzokia izango ditu egoitza nagusiak, baina hiriko beste agertoki batzuetan ere proiektatuko dira filmak. Urtero bezala, euskarak bere lekua izango du.
Itziar Ituño aktorea agertzen da 2023 Beldurrezko Asteko kartel ofizialean, sorgin bihurtuta.
Argitaratuta dago 2022-2023 ikasturteko udako euskara ikastaroetan aritu eta Udalari dirulaguntza eskaera egin dioten herritarren zerrenda. Zerrendan bertan jasota dator zein eskatzailek aurkeztu duen dokumentazioa ondo eta zein eskatzailek osatu behar duen dokumentazioa edo zuzendu behar dituen akatsak.
Dokumentazioa osatu edo akatsak zuzentzeko epea urriaren 16tik 27ra (biak barne) izango da.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetako euskara batzordeen ekimenez, urriaren 9tik azaroaren 3a gauzatuko da Parketarrak egitasmoa Donostiako 18 auzotan. Hiriko auzoetako hainbat parke eta plazetan eskainiko diete haurrei euskaraz jolasean aritzeko aukera, doan.
Urriaren 6, 7 eta 8an izango da Donostiako Gipuzkoa Plazan Euskaraz barra-barra egitasmoaren ihes-gela, gizartearen aktibazioa sustatzeko asmoz sortutako ‘17. logela’ istorio misteriotsuarekin. Jada ireki dute ihes-gelan erreserba egiteko epea. Doan da.
2023-2024 ikasturtean matrikula egin dutenek dirulaguntza eskatu ahal izango dute urriaren 1etik aurrera. Bestalde, ikasturtean zehar, ikastaroa hasten duten egunetik hilabeteko epea izango dute dirulaguntza eskatu ahal izateko.
Dirulaguntza eskaera online egiteko aukera izango da urriaren 1etik aurrera web orri honetan. Eta, era berean, Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinforen bulegoetan (Easo, Arroka, Morlans eta Altza) ere eskatu ahal izango da.
1.191 lagunek jasoko dute euskara ikasteagatik dirulaguntza, eskaera egin dutenen % 88,53ak. Udalak guztira 270.860 euro banatuko ditu urria eta ekaina bitartean ikasten aritu diren herritarren artean. Onuradunek irailean zehar jasoko dituzte dirulaguntzak.
Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntza bultzatzeko XIV. proiektu deialdia zabalik da. Proiektuak aurkezteko epea 2023ko uztailaren 3an abiatu eta irailaren 15ean amaituko da. Bi proiektu aukeratuko dira: irabazleak 2.500 euro jasoko ditu; finalistak, berriz, 2.000 euro. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek (4 emanaldi bakoitzak).