Albisteak

Udalak hamar auzotako establezimenduak bisitatuko ditu “Merkataritzan eta Ostalaritzan ere Euskaraz” egitasmoa aurkezteko

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, sektoreko eragile eta euskara elkarteekin batera, “Merkataritzan eta Ostalaritzan ere Euskaraz” proiektua martxan du hiriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak azaldu duenezeuskararen erabilera sustatzen ari gara hiriko establezimenduetan. Bezeroak euskaraz ere artatuak izango direla bermatu nahi dugu, eta horretarako baldintzak bete eta egitasmoarekin bat egiten duten establezimenduak eranskailu batekin identifikatzen ditugu. Horri esker, bezeroek identifikatutako establezimendu horietan euskaraz egin dezaketela jakin dezakete”.

Maiatzean hiri osoko establezimenduak bisitatzen bukatuko da

Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” proiektua fase ezberdinetan eta zonaka gauzatzen ari da. Maiatzaren 8tik aurrera Aiete, Altza, Añorga, Ategorrieta-Ulia, Igeldo, Loiola, Martutene, Mirakruz-Bidebieta, Miramon-Zorroaga eta Zubietako establezimendu guztiak bisitatuko ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak. Egitasmo honetan parte hartzeko establezimenduek baldintza bat bete behar dute: bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna izatea eta, era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzea.

Horrela, baldintza hori bete eta egitasmoan parte hartzeko interesa duten establezimenduek eranskailua jarriko dute kalera begira (atean edo erakusleihoan). Behin establezimendua identifikatuta, bezeroek eranskailua ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezakete.

Egitasmoa hasi zenetik hiriko mila establezimendu baino gehiago atxikitu dira. Proiektu hau Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak garatzen du sektoreko eragileekin Donostiako Sustapena, San Sebastian Shops, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Gipuzkoako Ostalarien Elkartea eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarte eta auzoetako euskara batzordeekin.

Informazio gehiago www.merkatari.eus webean.

 

Itzuli