Albisteak

VIII. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia martxan

Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntzak bultzatzeko VIII. Proiektu Deialdia jarri da martxan. 2017ko irailaren 28a arte egongo da proiektuak aurkezteko aukera. Aurten ere bi diru-laguntza eskainiko dira: irabazleak 4.000 euro jasoko ditu; finalistak, berriz, 3.200 euro.

Poltsiko Antzerkian, eta orokorrean, formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izan ohi da. Errealitate hori ikusita, alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen lehen helburu nagusia.

Bestalde, kulturaren balio katearen barruan (trebakuntza, sorkuntza, ekoizpena, hedapena eta ikustaldia), orokorrean sorkuntza eta ekoizpena dira kultur erakundeetan gutxien jorratzen diren arloak. Gauzak honela, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea da bigarren helburu nagusia.

Kontuan hartzekoa da era berean, orain aurkezten dugun zortzigarren deialdi honen xedea ez dela diru-laguntza soila, koprodukzioa baizik. Izan ere, aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, zortzigarren deialdi honetan landutako obren estreinaldia ere egingo da Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan (2018ko otsaila eta martxoa bitartean). Hain zuzen ere aukeratutako bi antzezlanetako bakoitzak 4 emanaldi egingo ditu hiriko beste hainbat tabernatan.

2011n jarri genuen martxan lehen aldiz modu esperimentalean deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen ondotik. Aurreko zazpi deialdietan, 38tik gora izan dira aurkeztutako Poltsiko Antzerki proiektuak.

Donostia Kultura da antolatzailea, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz.

Itzuli