Donostiako Euskararen Plan Orokorra 2020-2024

Tokiko Gobernu Batzarrak 2020ko urriaren 13an onarturiko Planak, euskara normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko Udalaren hizkuntza politikaren neurri proposamenak jasotzen ditu,  euskararen bilakaeraren indarguneak baliatuz eta ahuleziak zuzenduz.

Plan hau Donostiako Udalak hirian euskararen erabilerari bultzada emateko indarrean izan dituen planei jarraitutasunez erantzuteko diseinatu da  modu parte hartzaile, planifikatu, integral eta iraunkorrean.  2020-2024 epealdirako gidari izango den plan marko hau urtez urteko ekintza planetan gauzatuko da. Plan honetan, Donostiako Udalaren nahia ez ezik, Donostiako eragileena, auzoetako batzordeetako kideena, Euskararen Aholku Batzordeko kideena eta prozesuan parte hartu duten norbanakoena ere jasotzen da.

 

Planaren misioa da euskara berreskuratzeko eta zabaltzeko bidean aurrera egitea

Euskararen Plan Orokorraren misioa da Donostian euskara berreskuratzeko eta
zabaltzeko bidean aurrera egitea, Udalak eskumena duen arloetan eta erakundeetan
eraginez. Prozesu honetan Udala osatzen duten eragileek bere egingo dute euren ohiko
jardunean euskararen erabilera normalizatzen joatea eta eredugarri izango dira.


Donostiako gizarte-bizitza osatzen duten eragileekin lankidetzan, Udalak behar
berrietara etengabe egokituz lan egingo du euskararen erabilera indartzeko, donostiar
guztiei euskaraz bizitzeko baldintzak eskainiz, euskararekiko atxikimendua sustatuz eta
euskaraz ez dakitenak euskara ikastera erakarriz.


Donostia Euskararen Hiria dela diogu eta, beraz, bidea egitea eta eredugarritasunez
jokatzea dagokigu. Gipuzkoako hiriburua gara, euskara osasuntsuen dagoen
lurraldearen hiriburua, eta hizkuntzaren normalizazio prozesuan aurretik joateko
erantzukizuna dugu Gipuzkoa osoarekin batera.

Printzipio orokorrak

Donostiako Euskararen Plan Orokor honek hirian euskararen erabilera normalizatzeko
eta sustatzeko helburuak eta ekintzak zehazten ditu 2020-2024 aldirako.
Baina helburu horiek erdiesteko, ekintzak diseinatu eta aurrera eramateko, printzipio
orokor batzuk ditu oinarrian, planaren norabidea eta jokabidea ezaugarritzen duten
printzipioak. Hauexek dira:

-Aukera berdintasuna

-Donostiako Udala arnasgune eta eragile

-Ulermena unibertsalizatzea helburu

-Kultur aniztasuna

-Udalaren eskumenak eta erakundeen arteko koordinazioa

-Elkarlana eta gizarte aktibazioa

-Gazteak giltzarri

 

Helburu estrategikoak

Plan Orokor honek 3 helburu estrategiko  ditu: hiztun berriak sortzea eta lortzea, gizarte-erabilera sustatzea eta euskarazko sorkuntza sustatzea. Aldi berean, plana gauzatzeari begira, helburu estrategiko bakoitzak hainbat esparru biltzen ditu bere baitan:

1. Hiztun berriak sortzea eta lortzea

1. Familia transmisioa.
2. Irakaskuntza.
3. Euskalduntze-alfabetatzea.

2. Gizarte-erabilera sustatzea

4. Administrazioa

5. Arlo sozioekonomikoa: merkataritza, ostalaritza eta turismoa
6. Aisialdia eta kirola

3. Euskarazko sorkuntza bultzatzea

7. Kulturgintza
8. Hedabideak
9. Corpus-plangintza

10. Informazio eta komunikazio teknologiak

11. Sentsibilizazioa

Helburu estrategikotzat jo diren hiztun berriak sortzea, gizarte-erabilera sustatzea eta euskarazko sorkuntza sustatzearen ondoan badira hauek elikatzen dituzten beste jarduera mota batzuk ere, hizkuntza plangintza integral batek kontuan izan behar dituen zehar lerroak:

12. Euskararen aldeko motibazioa

13. Euskararen zabalkundea.

14. Auzoetako plan integralak

Plana gauzatzeko zutabe nagusi izango dira auzoetako plan integralak, izan ere, Donostiako Euskararen Plan Orokorra auzo eta herri bakoitzaren egoera eta beharretara egokituta inplementatzeko oinarrizko tresna izango baitira.

Donostiako Euskararen Plan Orokorraren egitura antolatzerakoan Donostiako Udalaren kudeaketa eredua izan dugu oinarri baina baita Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP).

 

Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2020ko urriaren 13an onartutako

Donostiako Euskararen Plan Orokorra 2020-2024

 

Itzuli