Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak ahozkotasuna eta bertsolaritza sustatzeko lehen hezkuntzako ikastetxeetan garatzen duen programa da. Bertsolariak ikastetxeetara joaten dira eta haurrekin batera bertsogintza lantzen dute. Euskal Herriko herri askotan lantzen da eta arrakasta handia du gaztetxoen artean.
Donostian 2007-2008 ikasturtean abian jarritako programaren helburuak asko dira: ahozko komunikazioa lantzea, sormena bultzatzea, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzea, ideiak ordenatzen ikasten laguntzea, komunikatzaile onak sortzea eta bertsozaletasuna sustatzea.
Gu ere bertsotan ekimena bi urtetan lantzeko aurreikusia dago, LH4-5 edo LH5-6 mailetan. Ikastetxeen esku dago urtebetez edo bi urtetan lantzea , eta mailak aukeratzea.
Ikasturte osoan bertsolaritza lantzen aritu eta gero, gaztetxo guztiak jendaurrean aritzen dira bertsotan Antzoki Zaharrean antolatzen den jaialdian.
Haurrak bertsotan Antzoki Zaharreko jaialdian
Urrian hasten da
Hamabostean behin bertsotan aditua den kidea joango da ikastetxera eta gela bakoitzarekin ordu betez landuko du programa. Gelako irakasleak bertan egon behar du. Hurrengo asterako lana prestatuta utziko dio bertsolariak irakasleari beronek lantzeko. Zentroko irakasleari ez zaio bertsolaritzarekiko ezagutzarik eskatuko, baina bai jarrera parte-hartzailea izatea.
Jarraipen Batzordea
Ikasturtean zehar, martxo aldera, jarraipen bilera bat egingo da ikastetxe guztiekin. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko ordezkariez gain, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzukoak ere bertan izango dira. Besteak beste, programa baloratuko da, gazteen motibazioa, materiala eta ordutegiak.
Jaialdiak Antzoki Zaharrean
Ikasturte bukaeran, “ikasturte amaierako jaialdiak” antolatuko dira. Jaialdi hauek eskola orduz kanpo izango dira Antzoki Zaharrean, eta bertan, ikastetxe ezberdinetako ikasleek hartuko dute parte.
Iazko bideari jarraituz, aurten ere, eguberriko oporren aurretik Gu ere bertsotan programan dabiltzak gaztetxoek aukera izango dute beren irakasle-bertsolariak kantuan ikusteko, gaiak proposatzeko...
Datak Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak zehaztuko ditu ikastetxeekin batera.
2020-2021 ikasturtean Donostiako 25 ikastetxetan landuko dute Gu ere bertsotan programa, guztira 65 taldetan.
Ikastetxeen zerrenda:
1. Aitor (2)
2. Altza (2)
3. Amassorrain (1)
4. Arantzazuko Ama (3)
5. Axular (4)
6. Katalin Erauso (1)
7. Ekintza (4)
8. Herrera (1)
9. Herri Ametsa (4)
10. Ibai (4)
11. Igeldo (1)
12. Ikasbide (2)
13. Intxaurrondo (2)
14. Jakintza (2)
15. La Asunción (1)
16. La Salle (2)
17. La Salle - San Luis (2)
18. Larramendi (2)
19. Summa - Aldapeta (5)
20. Jesuitinak (1)
21. Orixe (4)
22. Mundaiz (2)
23. Santa Teresa (2)
24. Santo Tomas Lizeoa (4)
25. Zuhaizti (7)