Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Arana Goiriren pentsamendu politikoa

Azurmendi, JoxeLur, 1979 Saiakera

Hitzaurrea

Trocadero, 1974. Uste dut 74an izan zela, bai: urteak beti nahasten ditut. Uda zen. Han nengoen ni, Joanitarekin, egun seinalean eta leku jakinean, orduko gure non topo egin klandestinoei zegokien bezala, zein ez nekien baten zai, naturaltasun guztiarekin kafe hartzen eta lasai asko, Parisen klandestinitatera jostatzen zuten haiekin harremanetan ibiltzeak ematen zuen alaitasunarekin Nire apunteekin etorri nintzen, harro-harro: hemen doazkizun apunteokin... Han nengoen ni, bada, Ipar Euskal Herritik etorri behar omen zuenaren zai, ezertaz enteratu gabe oraindik.

Nik eginda neukan nire partea:

- Arana Goiri eta abertzaletasun sozialista.

- PSOE eta abertzaletasuna.

- Sozialismo abertzalea eta nazio arazoa.

 

Lehenengo trilogia ttipi bat, militantziak behar omen zuen oinarrizko literatura politiko apur bat eginez joateko euskaraz.

Urte bete lehenago, bilera superklandestino bat eginak gintuzun Baionan, fronte kulturalaren argitaldari bat sortzeko. (Sekula funtzionatu ez zuen lau fronteen eskema harekin genbiltzan oraindik). Azkenean ere, aktibatu beharra omen zegoen kultur frontea. Planak ez ziren txarrak. Onegiak ere baziren apika. Baina momentu batzuetan, edozer gauza sinesten duzu, sinestu nahi baduzu, eta, ez dakit zeinen zein promesaren graziaz, plan fantastiko hura ere posible zela, sinestu genuen denok berriz ere eta martxan jarri. Sekula ez zen plan eder hutsetatik pasako. Egun hartan jakin nuen, Trocaderon: berriz ere bazen istiluren bat, gauza garbirik ez (organizazioko kerubinen eta serafinen artean gureganaino gauzak ez ziren inoiz oso garbi heltzen), haizeak eraman zituen berriz ere plan eder guztiak, eta ez dakit zenbatgarren aldikoz bazen...

Optimismo haundiak zebiltzan orduan. Urte bete lehenago sortua zen, gure lagun batzuek, ZABAL —zabal izen esanahikorraz hain zuzen: «zabal mugaren gainetiko bere begiradan eta, bide batez, zabal bere berri mezuan». Baina «Zabal ez da mugimendu polilitiku batetakoa [beti hori esaten da!], elkar-hizketan landutako pentsakera aniztasuna onartzearen fruitu baino».

Gure argitaldariak ere holako zerbait izan behar zuen: alegia, erakunde politiko batek sortzen duen ezein erakunde politikorena ez omen den argitaldaria...

Zer geratatzen zen? Gogoratu beharra dago piska bat, urteak azkar baitoaz, eta bost urte besterik ez bada ere, ikaragarri urruti geratzen ari zaigu dagoeneko.

Bi kontsideraziok, gutienez, ikuskizunik bazuen gure planteamendu haietan:

 

- Behin eta berriro problema eta eztabaida berdinak eta berberak ari zirela beti sortzen euskal mogimenduan: nazioa zela, sozialismoa zela, klaseak eta internazionalismoa zirela, marxismoa eta abertzaletasuna, etab. etab. Agian ez ditu irakurleak oraindik urte haiek guztiz ahaztu: ikastoletako katramilak, etenak eta borrokak mogimendu politikoan, nahasteria kultur munduan. Problema horiek planteatu beharra zegoen, astekari batek uzten zuen baino luzeago eta sakonago, minimo bat argitzeko adina bederen, beti puntu berean itzulinguruka dantzan ez ibiltzeko.

 

- Erantzun bat eman beharra zegoela problema horiei dibulgazio mailan: eta dibulgazio mailan hain zuzen. Izan ere, argitaratzen ziren orduan liburuak, problema horietaz, Hego Euskadin ere. Urte horietantxe argitara baitziren: Marx eta Nazioa, Garaterena; Iraultzaz, Torrealdayrena, Kolakowski, Kultura Proletarioaz, etab., tesi edo azterketa liburuak, edozein ez baita holakoak irakurtzeko gauza, zortzi ordu lan egin eta gero batez ere. Horiek baino dibulgaziozkoagoak nahi genituen.

 

Arrakasta bizia zuen orduan, 73-74 aldera, dibulgaziozko literaturaren ideiak. Lur, Irakur Sail, Etor-Gero, argitaletxe denak hortan enpeinatzen baitziren, Rikardo Arregik ideia hori bultzatu zuenez gero. Eta dibulgazio lan politak dauzkagu, urteotakoak denak: Politikaren atarian, Rikardorena berarena, Soziologiaren hastapenak, Sozialismoaren frogantzak, Langileria historian zehar, Pedagogia eta gizartea, etab. Marxen eta Engelsen izkribu batzuk ere eman ziren euskaraz ezagutzera. Ahalegin haundia egin zen. Baina hori dena, gero kalean zebiltzan polemikaren aldean, akademikoegi geratzen zen, gure gusturako. Zuzen-zuzenean polemikan sartu behar zen, polemika haiei erantzunik emango bazitzaien. Erantzun zuzenki politikoa.

Alegia, ezin esan daiteke, literatura hori dena berez polemikatik aparte zebilenik, marfil gazteluetan. JAKINek, esate baterako, Gure Ikastola, Kooperatibak, etab., publikatu zituen, polemika haiei erantzutearren eta polemikan zebiltzan alderdi desberdinei espreski deituz elkarrekin idaztera, makina bat «ortodoxo» eskandalizatu eta hasarretu baitzitzaigun horregatik. Halare, Hego Euskadin, traba gaindiezin bat beti genuen abertzaleok, edo uste genuen eduki, gure posizioa garbi azaltzeko: zentsura, gure ustez guretzat gogorragoa, beste ezkertiar askorentzat baino. Guk nahi genuena, dibulgaziozko literatura zen, bai: baina politikoa eta militantea, borroka artean zebiltzan militanteentzat egina. Erraza. Sinplea. Militanteentzako tresna bat.

Hegoaldean lasai jardun ezinak, Iparraldera itzuli zuen, urte haietan, lehenago liburu debekatuen erosketa bezala, liburu produkzioa bera, geroz eta gehiago. Euskal Elkargoa, Elkar, Mugalde... sortuz joan ziren, lehengoez gain. ZABALek berak, «beste nehun irakurriko ez dituzun artikuluak aurkituko dituzu Zabaletan» agintzen zuen: «Mugaz bestaldeko astekari ta agerkarietan ezin delakotz, gobernu-zentsuraren gatik»...

Asmo horiekin bildu gintuen norbaitek Baionan, 73ko udan, idazle mordoska bat. Argitaldari bat prest omen zen jadanik, publikazioen programa egin behar zen. Programazioa ere prest zekarren besteren batek; dena prest zegoen nonbait, obrak ezik: obra errazak, arinak, politikoak, Hegoaldean publikatzerik ez zegoenetakoak.

Gogoratzen naiz, liburuok anonimoki, edo denak izenordeko berarekin, publikatu behar omen zirela ta, protestak sortu zirela.

Dena den, erabakiak hartuta, h.d., gure enkarguak hartuta, joan ginen handik bakoitza bere aldera. Asmo horiekin eta enkargu horiekin eginak dituzu, beraz, liburuskaok. Aspaldi samar, denborak hemen daraman abailarako. Gero, lehenengoan huts egin eta, bizpahiru aldiz egon bide dira argitaratzeko puntuan, ukituren bat beti egiten baitzaio berriro, han orri bat kendu, hemen bat erantsi. (Esate baterako, 75ean EAS sortu zen eta zenbait ohar erantsi beharra egon zen.) Beti, zeren egonean egon dira, halare, biderik ezin hartuz argitara irtetzeko; eta orain, azkenean HORDAGO apunteok argitaratzera doala zinez dirudienean, neuk ez daukat kemenik ukitu berririk eta zuzenketarik egiten ibiltzeko. Bere hortan doazkizu.

Trilogia ttipi honek —azken batetan, programatu zen guztiak xede horixe zizun— euskal mogimendu berriaren definizio moduzko bat edo, eman behar zuen: gu zergatik abertzale garen, baina ez abertzaletasun klasikoaren arabera (lehen liburuki honetan Aranaren azterketaz egiten dena); zergatik sozialista garen, baina hori ere ez sozialismo klasiko ortodoxoen arabera.

Neu ere harrituta geratzen naiz orain, lehen liburuki honetan, esate baterako, hizkuntzari eta, zenbat begiratzen zaien, ikustean. Gauzak asko aldatu dira urte gutxitan.

Oraingo planteamendu politikoetan leku gutxiago eman ohi diogu euskarari. Zilegi bekit, beraz, orduan, alfabetakuntza eta ikastola mogimenduak ere orduantxe biziki indartzen ari zirenez gero, eztabaida politikoak berak maiz-sarri euskararen inguruko eztabaidak izan ohi genituela, nire alde gogoratzea.

Giroa ere aldatuxea da. Polemikak —itzuli samarrak ziruditenak, hauteskundeak direlako honekin halare berbiztuak— beste giro batetan egiten dira orain. Libururik

franko ere agertu da geroztik gaion inguruan: baina erdaraz agertu da gehien-gehiena eta agian liburuskaok ez dute beren lekua guztiz galdu, euskal irakurlerik dagoen artean...

 

Pasartea

ZER INPORTANTZIA DU GAUR ARANAK?

 

Aranak euskal historian zer inportantzia duen, ez da problema historiko soila. Funtsean eta barne-barnean problema historikorik batere ez da, auzia nola dabilen ikusten badugu. Auzi politiko eta filosofikoa da. Eta egiazko auzia, Sabin Aranaren pertsonarena baino gehiago, mogimendu abertzalearen auzia da. Mogimendu abertzaleari onerizten dionak, Arana goretsi ohi du. Gaitzerizten dionak, Arana kondenatzen dizu. Hori denek baitakite: mogimendu abertzalea Sabinek sortu zuen.

Utz dezagun orain, mogimendu abertzalea historian PNVk inkarnatu duela, bere estatuto «arrazista», papismo ta beste guziarekin eta zenbait gauza onekin ere... Izan ere, abertzaletasuna, PNVren Alderdi egitura ta estatuto eta beste dena baino lehenago, herri mogimendu sozio-politiko-kulturala da, ia itoan zegoen euskaldun herriaren erreakzioa. Lehen-lehenik erreakzio hori da euskal abertzaletasuna eta mogimendu abertzalea.

Nahi dena esango da, gero, mogimendu horrek hartu dituen formei buruz, Alderdi forma politikoei batez ere, baina baita ekintza kulturalari buruz ere eta abar. Mogimendu hau bera ere ez dute denek begi onez ikusiko. Batzuei probintzikeria irudituko zaie. Baina Euskal Herriak iraun dezan gehiago egin duen beste mogimendurik ez da sortu haren aldamenean. Jakina Euskal Herriaren bizitzari zer inportantzia ematen zaion, azkenean hori da kontua.

Aranaren oso kontrarioek ere aitortzen dute gaur, haatik, Euskal Herriak inori baino gehiago zor diola, herritasuna salbatze aldetik. «Por muy equivocados que consideremos los puntos de partida y las conclusiones políticas de la obra sabiniana —idatzi du Solozabalek— cómo negar que el pueblo vasco debe la permanencia de su conciencia, muy posiblemente, al rastro de Arana? «...

Ezker tradizonalak —hots, espainolistak; luzaroan egon den ia ezker bakarrak— arras negatibo epaitu izan du Arana eta Aranaren obra. Aranaren kritika euskal abertzaletasunaren kritika arrunt bihurtu ere izan du, Aranaren kritikak abertzaletasunari erasotzeko erabiliaz. (Horrekintxe, abertzaletasunaren lotura Aranarekin erakusten zen zeharbidez). PCEk —Euskadikoak— Aranari eta aranismoari gauza onik ez zien ikusten, oraintsu arte behintzat, mogimendu abertzalean ere deus onik ez baitzuen ikusten. Orain gauzak hobeto «diferentziatzen» hasiak bide ditugu, mogimendu abertzalea ere zerbait positiboago ikusten

den gisan Dolores Ibarrurik lo legítimo de la base de sus aspiraciones onartzen du. Bere garaian «burutik nahastu» eta «ero»tzat jo zuten sozialistek Sabin Arana. Urte askoren buruan, haren obra zenbait positiboago epaitu nahi dutela horiek ere, ematen du. MCE eta horiek gelditzen dira, ezkertiar «garbi» hutsak, Aranari ezer barkatzen ez diotenak. «...A Sabino es lícito considerarlo el fundador de la ideologia nacionalista pequeño-burguesa, pero nunca del patriotismo revolucionario vasco, cuya paternidad corresponde a los Larrañaga, Asarta y demás comunistas vascos» (Zer egin?, zenb. 5, mayo/junio 1970; Astigarrabia ez bada aipatzen «abertzaletasun iraultzailearen guraso» artean, ezin izan liteke deskuido bat)...

Euskal ezkerrak badaki zenbait zor dion Aranari. Gabriel Arestik espresatu du guzion izenean:

 

Sabino Polikarpo Abandoko,

Kantabria zaharrari eman zenion

itxura berri bat,

Euskal Herri maitagarriari

beste kutsu berri eta indartsuago bat.

Eskerrik asko.

 

Abertzaletasun iraultzaileak ala iraultzekoak gora-behera, euskal mogimendu abertzalearen sortzailea Sabin Arana Goiri da. Beste dena desio piadosoen fantasmak dira. Ez dago euskal abertzaletasunaz mintzatzerik Arana baztertuaz; ez abertzaletasun iraultzaileaz, ez burgesaz eta ez inolako bestez.

Aranak finkatu du: Euskal Herria es la patria de los vascos. Aranak bihurtu zuen euskal arazoa. Foru arazotatik Nazio arazotara, mende bat zehar izan zuen planteamolde okerra zuzenduaz. Aranak abiatu du nazio burruka. Bizkainos: Bizkaya perece... y vosotros la estáis matando! Aranak seinalatu du abertzaletasunaren jomuga: libre e independiente nahi zuen Euskadi.

Aranak Euskal Herriaren herri ta nazio konzientzia argitu zuen. Merezimendu hori ez dio inork kenduko. Litekeena da, Euskal Herriari zegozkion eta dagozkion politikabideak planteatzerakoan, orduko besteren batzuk errealistago eta argiago eta zuhurrago eta historia jakileago izatea Arana baino. Inork ez du hain sakon ikusi, nazioa dagoela jokoan eta arriskuan. Euskal Herriak beti ere bere nortasun etniko (arrazial), historiko, politiko ta kulturalaren arabera jardun behar duela. Beste ezeren edo inoren zati baino lehenago norbera dela: Euskal Herri. Eta Euskal Herrian politika orok lehen-lehenik horrixe begiratu behar diola, hori dela politika ororen oinarri ta politikabide ororen abiaburu.

Euskal Herriak badaki zer egiten duen, Sabin Arana Goiri gogoanago badu eta bihotzeanago badarama Unamuno, Alzola, Balparda eta besteak baino.

Mogimendu abertzaleak duen inportantzia da Sabin Arana Goirik egun duen inportantzia.

 

ARANAREN IDEIA ETA ARANAREN IDEIAK

 

Antiaranismo bat espainolistena da, eskuineko nahiz ezkerrekoena. Horien arrazoi antiaranista nagusia Sabinen abertzaletasuna da; arrazismoa etc. aitzaki ateratzen badituzte ere.

Horiek Aranarena ez bezalako abertzaletasunik apenas onartzen dizute Aranarena baino gustorago. Ia-ia Euskal Herria Sabinek izorratu baligu bezala ere jartzen dizkigute gauzak. MCEko J. Uriarte hari sinestekotan, adibidez —Acerca del sabinianismo— Aranak atzerantz eraman digu Euskal Herria, ez du indar progresistak behaztopatu baizik egin...

Baina sozialista abertzaleak ere, «aranista» aitortzen duela bere burua —esker onez— Aranaren eta aranismoaren kritika asko du. Sabin Aranaren pentsamoldea ez da gurea. Ezin izan liteke. Goian aipaturiko Beltzaren eta Ortziren eritziak, adibidez, abertzaletasun sozialista batetatik eginak dituzu, Aranaren inportantzia mugatuaz.

Ohar orokor bat, lehenengo, Aranaren pentsabideaz. Orain oso teoria haundi ta solemnezale gara eta kasi modan daude aranismoaren escasa consistencia ideológica, simplicidad o elementalidad de su bagaje ideológico, escasa base intelectual de Arana, más bien autodidacta, eta holako piropoak... Aranak ez du Hegelen edo Marxen erako teoria unibertsalik egin, ez zuelako hori egin behar. Teoria sinple bat egin zuen, fenomeno txit sinple bat konstatatu behar zuelako: arrazaz, hizkuntzaz, ohituraz, tradizioz, psikologiaz, euskaldunok euskaldun garela; euskaldunok herri bezala suntsitzeko zorian gaudela eta itotzen gaituena Estatu espainola dela. Funtsean horixe da dena, eta horixe da egitea zegokion dena. Jakina, nazio zapalduen edo nazionalismoaren eta Estatuaren eta desarroilo historikoaren teoria orokor haundiak borobil zitzakeen... Teoría del desarrollo histórico de las Naciones, eta hola. Orain holakoak gustatzen baitzaizkigu. Ez zuen hori egin. Batzuek errealista dela eta besteek irudimena falta zaiola, esaten duten euskalduna genuen Sabin dirudienez. Eta ez dakigu, holakorik eginaz baino gehiago ez ote digun egin gutiago eginaz, soiltasun eta «moztade» sano horrekin. Euskal Herriari mintzo baitzitzaion, ez akademikoei. Eta propaganda egiten baitzuen, ez tratadu doktrinalik.

Hain zuzen soiltasun hortatik ateratzen denean eta aranismoa «teoria» baten antzera formulatu denean —Evangelista de Iberok egin zuen bezala eta oraingo tratadistek berriro bihurtzen duten bezala, Aranaren «sistema» bat muntatu nahiaz— orduantxe agiri da pobre aranismoa. Dena den, Sabin Aranak nolabait arrazonatu du bere abertzaletasuna: oinarri batzuk eta helburu batzuk seinalatu dizkio. Oinarri-helburuok, sinple esanda, sinpleak dira: euskaldunok euskaldun garela eta Euskadi libre ta beregain izan dadila. Funtsezkoena hori izan arren —Aranaren Ideia— hori dena arropa askoz jantzi zuen, eta arropok apenas dira gaur inork jantzi eta kalera irtetzekoak; arrazoi askoz armatu zuen, baina gaur, arrazoi horiek, inoren kontra egitekotan, geure kontra disparatuko luketen armak dira.

Maisuari begirune guziz aitortu behar: abertzale sozialistak Aranaren zenbait uste eta ideia ezin konparti dezake. Inola ere ezin konparti dezake.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera