Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Argi-itzalen neurria

Artola, XabierElkar, 2011 Ipuina

Aurkezpena

  Euskal Herria geltoki eta Paris helmuga duen Marrakexeko urketari gaztearen bidaia iniziatikoa; politikak eta gerrak elkarrengandik bereizi eta urrundu zituen anaia bikien tragedia; garai bateko amets iraultzaileak udan etxean umezurtz bat hartuz konpentsatzen dituen familia; maite duen horri zenbateraino hurbildu, noiz urrundu, dabilenaren zalantzak.. .

  Istorio hauek samurretik adina dute gordinetik; idazkera zehatz eta dotoreak ez du galarazten poesiazko ukitua: argazkigintzan bezala, argi-itzalen neurketa doia behar da, eszenaren kontrastearekin asmatzeko. Era berean, emozioei bere puntuan eutsiz, intentsitatea eta indarra transmititzen dizkigu Xabier Artolak bere lehenengo liburu honetan.

Pasartea

OSABA KARLOS

 

  Bart arratsean, ospitaleko eskaileretan gora nindoala, ezingo nian inola ere irudikatu, gaur goizean, kalerakoan, aldean ekarriko nuen zamaren handia.

  Nola, baratzean, luberritu nahian harri-koskorrak kentzen hasi, eta, diren guztiak bildu dituala uste duanean, azaltzen zaizkik erdi ezkutuan handienak, mutur txiki bat baino agerian ez dutela, bada halaxe gertatu zaidak bart, Martin: inondik ere uste ez nituenak jaso ditiat esku bete, eta geure bizitzetako alderik pisuzkoena gordeen daudenek ez ote duten osatzen pentsatzen hasita nagok. Etxerakoan eraitsita nengoan, emozioz beteriko gau batek utzi ohi duen aje moduko horrek jipoitua. Ohera sartu eta astebetez lo egoteko gogoa nian; baina gaurko guztia baten bati kontatzeko premia ere bai, larria. Nori, ordea, hiri ez bada? Maite haut, Martin, eta inoiz baino behar handiagoa sentitzen diat hirekin egoteko. Hementxe zeukaat, gainera, hiretzat zerbait; baina beldurra ematen zidak galanta, ez dezaala pentsa.

  —Oso gaizki zegon, Maitere, itzaltzen ari den; gaurko gaua pasatzen nahiko lan izango omen din, halaxe esan zigun medikuak goizean. Apaiza ere etorri zaion, honek kasu handirik ez zion egin baina —bota zidan amak iritsi bezain laster, negarrari emanez.

  Arratsalde on, osaba, zer moduz zaude? —galdetu nion ohera hurreratuz, amaren zotin hotsak nire ahotsa goratuz isildu nahiko banitu bezala. Baina lo zegoen, eta ez zirudien gelan sartu nintzela jabetua zenik ere.

Amak ezagun zuen, begi zulo handituetan, leher eginda zegoela. Aurreko gaua eta la egun osoa berak emanak zituen osabari kontu egiten, baina ez zuen alde egin nahi, koinatua bizirik ikusiko zuen azken aldia zelako ziurrak harturik, nonbait. Konbentzitu nuen, hala ere, eta, osabati kopetan musu emanez, etxerako bidea hartu zuen. Bere gauzak bildu eta gero ere egin zuen geratzeko imintzioa, eta zerbait esan nahi zidala iruditu zitzaidan; baina begiak makurtu eta, hitzik egin Babe, gabon ere esan gabe ia, abiatu egin zen.

  Ez zuen ematen gaua aurrekoak bezalakoa izango zenik. Aste honetan osabarekin pasatuko nuen hirugarrena zen bartkoa, eta, aurreko bietan lo hartu aitzin solasean egonak baginen ere, egun batetik bestera oso galdua bilatu nuen, eta ez zirudien berriketarako gogoz.

  Hormako azulejuen zuriak hotziltzen zian gelako isiltasuna. Osabarenaren aldameneko burdinazko ohea hutsik zegok aspaldi honetan. Oheburukoen arteko pareta zatian bi iturri gisako zeudek, eta haiexei begira geratu nauk, lelo~ turik, amak alde egin eta atea itxi duenean: bata zuria duk, eta Oxygen irakurtzen ahal duk bertan; hori bizia, bestea, Vacuum. Muturrean marrazturik duten gezitxo banak adierazten dik zein aldetara jiratu behar diren irekitzeko —Release—, askatzeko. Huts ponpa duk, nonbait, horia; oxigeno iturria, zuria. Bizitzak hutsetik zenbat, eta oxigenoaldiak, berriz, zein bakanak!: lehengoan aipatu nian osabaren argazki bildumak islatzen duen gauza bera, nolabait, Martin. Osaba Karlosen ondo besoetakoa haiz, Maitere, esan zioat neure buruari, haren eszeptizismo sakona gogoan.

  Beti egon izan naiz gustura osaba Karlosekin, eta bai bera ere bere Maiteremorekin; txiki-txikitatik bazegoen zer berezi bat gure artean, bata bestearengana erakartzen gintuen zer bat. Bera zen nire osaba maiteena, eta ni bere iloba kuttuna.

  Lehengo batean, ospitalean eman zuen aurreneko gauetako bat izango zen, hantxe nengoen, berak zioen bezala tanta-zaindari —bera zaintzera baino, gazur botilatiko tanta-jarioári erreparoan egotera joaten ginela esaten baitzigun txantxetan—, eta beste inork ez zekikeen zerbait jakinarazi zidan: «Nere koartoko mesanotxean baden erretratu album bat: huraxe ekarri behar didan, Maitere, hurrena etortzen haizenean. Baina ez esan inori, gero!». «Argazki album bat, osaba, horixe sorpresa, ez didazu behin ere esan horrelakorik zeneukanik ere», harrituta nik, eta aldi berean pozik, bere bizitzari buruz zerbait gehiago jakiteko zabaldu zitzaidan aukera ezusteko haren aurrean. Osaba Karlosena beti iruditu baitzait isil-gordez beteriko bizitza bat, Bordean eta isilean jasandako nahigabeek hartua eta, zergatik ez esan, ustel irtendako bizitza bat. Bai, latza da hori esatea, eta agian okerra: izan ere, zer ote dakigu guk besterena porrota izan den esateko? Baina irudipen horixe neukan; nola esango nuke, gure herriarena bezala, osabarena ere aukera galduz beteriko mundualdia ez ote zen izan egiten nuen neure baitan. Eta beti izan dut bizitza horren gainean gehiago jakin nahia: zer jazo zitzaion gerra denboran, nondik nora ibili ote zen hainbeste urtetan, etxean bere berririk apenas zutela; zer dela-eta handik itzulita ez zen normal hasi berriro baserriko lanetan, oinordekoari zegokion bezala; bere izaera ezkorraren azpian egon zitekeen oro interesatzen zitzaidan, azken batean.

  Bueno, eta haren maiteei buruz, inork jakin ote zuen inoiz ezer? Osaba Karlosek izango zituen, beste edozeinek bezala, maitasun kontuak bere bizitzan, baina gurean horretaz galdeginez gero, hitz beste egingo zidaten beti; eta nik sumatzen nuen bazela inork esan nahi ez zidanik, eta amak, eta, batez ere aitak, kontu horren gainean hitz egiteko zuten moduari erreparatuz gero, oharkabean pasatu ezin zena. Hitz beste esan badut, are okerrago zen aita bere-berea duen irribarre burlati niretzat eramanezin horrekin hasten zenean, anaia mutilzaharraren emakumeekikoez isekari. Behin ia esan nion, ea hura baino gizonago zela uste ote zuen, alaba bat zuelako-edo, ea zer uste zuen harroputz horrek —ez nintzen atrebitu, jakina—: nire onetik ateratzen ninduen osabaren gainean postura horretan hitz egiten aditzen nionean.

  Hartara, bada, erretratu mordoxka batek zertxobait gehiago jakiteko itxaropena piztu zidan. Txorakeria irudi lezake, badakit, baina erretratuek geure bizitzaren hainbat eta hainbat gauza jasotzen dute, agerikoak nahiz ez horren agerikoak; eta erretratu bat gordeta edukitzeak berak —edo ez edukitzeak—, ez ote du, bada, bere esanahia?

[?]

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera