Hogeigarren mendeko 70etan hasi eta hogeita batgarren mendearen hasieran bukatzen den kronika sentimentala da Mikel Hernandez Abaituak eskaintzen diguna liburu eder honetan. Literatura, musika, politika... Dudarik ez da idazlea bera ezagutzeko balio digula kronikak, bizi izandakotik ari baita, baina hori baino gehiago eta garrantzitsuago da: urte horietan Euskal Herria nolakoa zen eta gu nolakoak ginen ulertzeko lagungarri saihestezina da.
Batzuetan azukre xehez goxatua datorren arren ez da falta, ordea, gatz larririk, baina ez dira oroitzapen alferrikakoak, adin bateko irakurleari bere oroitzapenen atea zabalduko baitio, inoiz itxi gabeko zauriak ere agertuko zaizkiolarik. Zer beste egin behar du oroitzapen liburu batek?
PANPINEN ERREINUA izeneko ipuin-liburuaren bigarren edizioa prestatzen ari nintzelarik «epilogo autobiografiko sentimental bat» idaztea otu zitzaidan. Inazio Mujika Iraola idazle eta editoreak hura irakurri, asko gustatu zitzaiola esan, eta hasiera hura aprobetxatuz ea epilogoa liburutxo bihurtzera animatuko nintzen galdetu zidan. Hasieran ez nuen proposamenaren helburua oso interesgarritzat jo, baina bien bitartean beste zenbait lagunek ere esan zidaten oso gustura leitu zutela hitzatze hura eta azkenean baiezkoa eman nion editoreari.
Liburutxo honetan agertzen diren orrialde asko, beraz, epilogo horretatik atereak dira, beste batzuk, aldez aurretik argitaratu nituen zenbait artikulutatik, eta beste hainbat berriak dira.
Alabaina, orri multzo hau ez da ohiko autobiografia bat, oroitzapen multzo apetatsu bat baizik, eta gai nagusia ez da nire bizitza, baizik eta literatura, politika eta musikari buruzko nire gustuak, bizipenak eta gorabeherak.
Arras ezberdina ikusten da Euskal Herria euskaraz ikasi ondoren. Harrigarria da oso. Erdaldun batek ezin du imajinatu, ezta euskaldun zahar batek ere. Urte haietan euskaraz ikasteko bideak oso bitxiak izan zitezkeen. Nireak bai behintzat. Euskalgintzan gutxi aurreratu dugula esaten duen asko dago oraino, baina atzera begira jartzen naizenean, ez azterketa soziolinguistikoaren ikuspegitik, bizitza pribatutik baizik, harrigarria iruditzen zait egin den bidea. Ni biziki harritzen naiz oraino Gasteizko kaleetan euskara entzuten dudanean. Haurra nintzelarik Gasteizko euskaldunak ez ziren izango berrogei baino gehiago asko jota, asteburuetan euskarazko meza entzutera kapera txiki batera joaten zirenak eta besteren bat (euskaldun berriak gehienak). Hori iruditzen zitzaidan behintzat. Haurretan hara eramaten ninduten mezatara, tutik ulertzen ez nuen arren. Aitari euskarazko lehen hitzak hantxe entzun nizkion, gizon zahar batekin hizketan ari zelarik. Umandi zen, idazle eta gramatikalari arabarra.
Aitak behin esan zidanez, berak oso ondo egiten zuen euskaraz txikitan. Ez du inoiz jakin zergatik bidali zuten, zazpi urte zituelarik, Gasteiztik Larrauleko baserri bateraino lehenik eta Berastegiko beste batera geroago. Osasunagatik-edo uste du berak. Bere ama hernaniarra zen, Jose Adarraga gozogilearen alaba, baina Gasteizko giro erdaldunagatik-edo gure amonak ez zien euskaraz inoiz hitz egin bere seme-alabei, eta gure aita Gasteiza zeharo euskaldunduta itzuli zenean ere erdara hutsez segitu zion mintzatzen. Errepublika garaia zen eta aitak oso ondo gogoratzen du maisuak euskaraz egiten ziela Larrauleko eskolan. Gero Berastegira eraman zutenean hangoek barre egiten omen zioten zerabilen euskaragatik. Hain hurbil egonik, diferentzia dialektala nabarmena zen haientzat. Orain dela gutxi bi baserri horiek ikustera eraman nuen aita eta pena handia hartu zuen beraietan jenderik ez dela bizi ikusi zuenean. Hirurogeita hamar urte pasatuak ziren arren dena gogoratzen zuen oso ondo, non zegoen etxe bakoitza eta nor bizi zen bertan, desagertutako etxeak eta eraikitakoak. «Begiara», esan zidan Larrauleko baserriaren parean, «harraska honetan bertan garbitzen nuen aurpegia goizero, elurra egiten bazuen ere». Emozioz beteta zegoen. Begiak busti-busti eginda zituen. Haurtzaroko kontuak dira beti grabatuen gelditzen direnak.
Nik euskaraz ikasi nuen garaian ez zegoen euskaltegirik ia. Gau-eskolak ziren nagusi. Donostiako Ilazki akademia sortu zenean gauza bitxia izan zen. Oso bestelakoak izaten ziren euskalduntze bideak urte haietan. Gaurko ikuspegitik begiratuta barregarriak ere eman dezakete. Adibidez, Euskal Filologian sartu aurreko abuztuan Lazkaoko beneditarren komentuan egon nintzen pintaketa lanak egiten Joseba lehengusuarekin. Gure familiako bati otu zitzaion, han ezagun batzuk zituela-eta, bide on eta azkarra izan zitekeela hura euskara pixka bat ikasteko. Urtebete eman genuen izeba Pakitarekin bazkalondoetan eskola hartzen baina ez ginen ikasle onak izan. Beneditarrenean goizez pintaketan aritzen ginen eta arratsaldez autodidakta moduan ikasten eta herrian lagunak egiten saiatzen ginen. Zelako sasoia hura. Oilategiko zama-igogailua eta leiho mordoa pintatu genuen horrela. Fraideekin, noski, ez genuen gauza handirik ikasi, oso bizimodu lanpetua baitzuten eta otorduetan ezin baitzen hitz egin. Jangelan musika jarri eta fraide batek testu bat irakurtzen zuen. Biblia-edo izango zen. Ez dakit. Ez nuen ia ezer ulertzen. Fraideak oso ongi portatu ziren gurekin (behialako nire ikastetxeetako fraideen antz handirik ez zuten bada). Bazkaldu eta afaldu ostean komentuko aita nagusia beti saiatzen zen gurekin solasaldi bat euskaraz izaten. Aita Gregorio deitzen zioten, baina ez zen bere benetako izena. Urte asko pasatuta itzuli nintzenean ez zen nitaz gogoratzen. «Aita Gregorio» deitu nionean iraganetik irtendako agerpen miraritsu bat banintz bezala begiratu zidan, ez baitzion inork aspalditik horrela deitzen.
Oso lotsatiak ginelako lagunak topatzen ez genituenez, harrigarria lirudikeen arren, fraideek beraiek bilatu zizkiguten neska batzuk arratsaldez beraiekin ateratzeko. Pentsa nolakoak ginen. Asko hitz egin genuen haiekin bai, baina ia dena erdaraz, jakina. Eta euskal herritarrak ginenez (ezen ez euskaldunak), ez genuen batere ligatu. Benetan zoragarriak izan ziren gurekin. Haiei esker ezagutu genituen Esparruko erromeria eta Olaberriako herri-bazkaria, non lehen aldiz Josu eta Jokin kantariak ezagutu genituen, bertakoak zirenak memoriak huts egiten ez badit. Zer ondo pasatu genuen.
Behin Dionisio Amundarain, bazkalondo batean, Nor-Nori-Nork irakasten saiatu zitzaidala gogoratzen dut, baina alferrik; sasoi hartan oso gauza berria zen hura, txorakeria hutsa ni bezalako egoskor batentzat. Hura ez zitzaidan serioa iruditzen. Guk gramatika lehorrena maite genuen. Umandirenarekin ari ginen. Fraide hari galdetu nionean ea zertarako asmatu zuten terminologia hura, berak erantzun zidan asko errazten ziela hizkuntzaren ikasketa gramatikarik batere ez zekitenei, langileei eta abar. Erantzuna aski harrigarria iruditu zitzaidan garai hartan.