Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Bihotz bi. Gerrako kronikak

Saizarbitoria, RamonErein, 1996 Nobela

Aurkezpena

        Eta horrela nola idazten duen komikoki, samur, zorgarri maiz, huskeria eta zer horiez guztiez. Exagerazioa ere hor dago, eta nabari da denborak urratutako iragan hori, ezagutzearen ohitura, nekea, hitza esateko edo ez esateko ezina, gerra saihets lezakeen keinua egiteko edo ez egitekoa, bestea amorratzeko moduan jardun behar petral hori. Gorrotoaren, indiferentziaren, suminaren, errukiaren, samurtasunaren errito odoltsuak, edota horren guztiaren planta egiteko erritoa. Urkoa ondo ezagutzen dela uste eta norbera izan tolesgabea. Benetan nahi ez duguna nahi izateko setakeri funtsgabe hori. Hitzen eta begiraden, pentsamenduen, aurreikuspenen gerra zentzugabe hori: hau egingo du, hori pentsatuko du, zera usteko du, eta agian, beharbada, akaso... A, zein gozoa nor bere buruaz errukitzea!

        Aldi berean, norbait zurea dela ziur jaiteko gogo hori, inolako arrisku izpirik gabe; segurtasun falta eragozle hori. Hain gaizki maitatzea, izan zena iraunarazi nahi izatea, jadanik ez den arren. Maitatzea ez baitago edonoren esku. Gizajoa, hain irrigarria, hain berekoia, eta hain samurra ere bai, inoiz.

        Eta gero neskato hori dago, hain gardena; ikusi ere egiten ote du gizonak. Ez da deus. Ez da. Nola kalifikatu sorginkeriaz bezala agertzen eta desagertzen den norbait, amets bat baino pisu handiagorik ez duen norbait, itxaropenaren maila ere ez duena.

        Eta poeta kaskar bat, doi orduntxe han portunatu behar zuena.

        Eta Samuel, gudari zaharra, aita gisa, zentzudun bakarra zentzugabekeria horren baitan.

        Eta beste hura, leiho barrena gainditu eta patioko zoladuraren kontra lehertu dena. Huskeria bat. Aurrera doa bizitza, auzitegiko enbarazu batzuk gora-behera; ezer larririk ez. Izate bitxia gurea.

 

Helena Sotelo

Pasartea

        Sofa gainean esertzea debekatzen zaion zakur deslai bat bezala eman nuen ez dakit zenbat denbora, sofa gainean eserita. Ez asko. Ez nintzen gai etxean bakarrik arratsalde osoa irauteko, eta norabiderik gabe atera nintzen kalera. Norabiderik gabe jarraitu nuen kalez kale, eta konturatu nintzenerako Elkanon nengoen. Elkanotik ekialdera, Bergara hartu nuen, eta Bergaratik ekialdera berriz, Abenidaraino. Abenidan ikusi nuen. Lerden zihoan, poliki baina ez sobera, nora doan jakin bai baina iristeko presarik ez duena bezala. Ziur asko Maiz gozotegitik pasatua zen postrerako petit choux batzuk erosteko, eta horregatik harrapatu nuen Abenidan. Abenida gurutzatu, eta Hondarribiatik Urdanetara joko zuen Peggyren etxera. Hori pentsatu nuen, eta pentsatu bezala Hondarribia aldera bideratu zen, baina kale kantoia doblatu baino lehen gelditu eta atzera begiratu zuen, ni nengoen aldera, zerbait ahaztu eta berreskuratzea merezi ote zuen pentsatuz bezala. Atzemango ote ninduen beldurrez, busaren ilaran ezkutatu nintzen, begiratzera ere ausartu gabe, atzetik nebilkiola uste izan zezakeela pentsatze hutsak gaixotu egiten ninduenez, eta busa heldu zenean igotzera beharturik sentitu nintzen, gizon adindu batek atzetik «ze, ba al gara» edo «ba al goaz» edo horrelako lotsagabekeriaren bat esan zidalako, eta noski, erabat nabarmen egiten zuen ilaratik ateratzeak.

        Gainera, ez zitzaidan axola busean eseri eta leihatilatik begira edozein lekutara joatea, zereginik ez nuelako; eta, nolanahi ere, inondik ere ez nuen desio Florari jarraitzea, ez naizelako inoren atzetik ezkutuan ibiltzen diren horietakoa, eta horretaz gain, banekielako Hondarribiatik zehar Urdanetara bideratuko zela, Peggyren etxera, haren betiko hitzaspertua entzutera. Hitzaren zentzurik literalenean, aspertua, lelo bera baitzuen beti mintzagai, ez zuela ulertzen zergatik agoantatu dituzten emakumeek —generikoki— gizonezkoak —orokorki—, konkretuki Flora eta nitaz ari zela, eta erruki nuen Flora, eguna harekin bota behar zuelako.

        Atzeko aldean jarri nintzen, atzeko aldean esertzea atsegin dudalako eta aurreko partean Hiztegi Entziklopedikoaren saltzaile bat zegoelako ere bai. Saltzaile bat ez, hoberena, gehien saltzen zuena behintzat, eta ikusten nuen bakoitzean «ze, asko saltzen al da?» galdetzen zidan, alerik saltzen ez nuela ongi zekielako, nik berak ikaragarri saltzen zuela nekien bezalaxe. Komertzialak saltzaile bakoitzari gainerakoen salmenten berri ematen baitio, lehia bere hitzetan leiala —eta je, je, barretxoa egiten zuen— sustatzeko. Ez zidan konplexurik sortzen saltzaile eskaxena izateak, banekielako burua beste gai batzuetan edukitzearen eragina zela; konkretuki, azken boladan Florarekin nuen konponezinean. Eta, bestalde, denok genekien —berak, saltzailerik hoberenak alegia, harrokeriaz aitortzen baitzuen— analfabetoa zela. Ez analfabeto funtzionala, ez: zehazki eta prezeski irakurtzen eta idazten ez zekiena, eta hori gauza lotsagarria iruditzen zitzaidan profesioarentzat eta Hiztegi Entziklopedikoarentzat, komertzialari askotan jakinarazi nion bezala.

        Bere maletatxoarekin zihoan, eta haren gainean zabalduriko Hiztegi Entzikiopedikoaren lehen alea erakusten zion ondokoari, gizonezko bat, zaharra izan gabe, jada oso gaztea ez zena. Konturatu egin zen berari begira nengoela, eta begi bat kliskatu zidan agur gisa, edo biktima berri bat prest zeukala adierazteko beharbada. «Hiztegi Entziklopediko honekin, azkenean, ikasle euskaldunek erdaldunekin parekatzeko baliabidea dute», botako zion, hori baitzen komertzialaren esanetan, eskola umeak izateko adina zuen jendearekin erabili behar zen argudioa. «Hainbat urtetako borroka ez da alferrikakoa izan», esan behar zitzaien adinduei. «La lucha no ha sido inútil», agian hori esango zion. Nolanahi ere, nahiago izan nuen ez entzun, eta leihatilara bueltatu nintzen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera