Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Bizkarrik ez dudan emakumea

Olano, MikelKutxa, 1995 Ipuina

Pasartea

        Demagun, adiskide, zure barrunbeko gela ilunean begiratu eta —litekeena da eta— gerra-fronte bat ikusi duzula; demagun, era berean, gerra-fronte horretan, gai nerakoen antzekoa baina inor ez bezalakoa den Johny izeneko soldadua ikusi duzula, bere lubakian bizirik suertatutako bakarra eta, Heriok bazterrak arraso jo dituelarik, bera harrapa dezan arte zenbat denbora pasako den —bi segundu, minutu bat, bost egun— ez dakiena.

        Demagun, hirugarrenik, gizonezko horrek —emakumezkoa izan dadila, hala nahiago baduzu, niri ez dit batere axola eta—, Johnyk alegia, zuk bere lekuan joka tuko zenukeen era beretsuan jokatzen duela eta, daukazun perspektiba horretaz baliaturik, sai batek mendi eta zelai eremuak ikus ditzakeen bezain aise eta egoki, bere jokabidearen nondik-norakoa gertutik jarrai dezakezula.

        Demagun, azkenik, ni idazle bat naizela —eta, ondorioz, zu irakurlea—, eta zure barrunbeko gertakizunen islada diren orri hauetan barrena zure itsu-mutila izateko aukera eta ohorea eskintzen didazula.

        Ongi da. Emandako baldintzak onartuko dituzulakoan, joan gaitezen luze gabe —tropa etsaiak jada Johnyren lukabitik gertu ikus baitaitezke— gure soldadua zertan dabilen ikustera.

        Izan ere, lubakiko estuasun horretan, lagunen hilotz lokaztuen artean, bera ere goitik behera lur koloreko, muniziorik eta arma osorik gabe, Johnyk zigarro bat erre nahi luke, erreko lukeen azkena balitz ere, eta honela oroipen iheslarien keaz gozatu. Lubakiko estuasun horretan zigarroa leiho irekia baita, gerraren zamari, beldurrari, ihes egiteko irtenbide bakarrenetakoa.

        Halakoetan Johnyk leihoa salto batez igaro eta hirian utzitako neskarekin entretenitzen ohi du gogoa; neskarekin eta neskari buruzko arrazoiek sortarazitako kezka eta jakinminekin. Eta jakinmin eta kezkak, akuiluak zekorraren amorrua bizten duen bezala, zigarroaren keak azaleratzen dizkio hobekien.

        Finean, zigarroarena eta neskarena irrika bat eta bera dira.

        Irakurleak bere perspektiba pribilegiatuaz laster ikusiko ahalko duenez, ordea, Johny zalantza batean bizi da neska horrekiko. Berataz gauza on gutxíegi baitaki zigarroakin edo gabe amets onik egin ahal izateko.

        Gerra-lagunak bizirik ziren artean Johnyk ez zien neska hari buruzko ezer jakinarazi nahi izan. «Zer esan, ordea?» pentsatzen zuen, «bere izenik ere ez dakidala esaten diedanean farrez leher egingo ditek...». Orain, aldiz, prest dago, post mortem bada ere, bere gerra-lagunen belarri gorrei zorra ordaintzen hasteko.

        Lau edo bosgarren aldiz eskuak poltsikoratu eta, beti bezala, erretzeko papera hezea baino ez du aurkitu.

        Ez surik, ez tabako-belar izpirik. Apenas airea biriketara eramateko indarrik.

        «Ez duk harritzekoa» dio bere arteko. «Beti ibili haiz besteren lepora erretzen, beti ígoal, beti jendeari paketeko azken zigarro-aldea atereaz».

        Zer diozu, irakurle? Honezkero trebatuxea sumatzen zaitut goitik beherako perspektiba horrekin; honerezko —oraindik saia bere hegaldian bezain trebe ez bazara ere—, zure barrunbeko gora-beherak menperatzen hasia zara, eta, besteak beste, laino hertsia etsaiaren frontearekin batera gero eta barrenago sartzen ikusi bide duzu. Eta sarraskia antzeman duen saiaren antzeko hegaldia egingo bazenu —hau da, lehendabizi altu eta zirkulu handietan, baina gero mantso eta lurrazalaren gain-gainetik—, lagunen aurrean, tiro eta bonba hots ozenaren gainetik ahotsa ahal bezala bortxatuz, Johnyri neskari buruzkoak azaltzen adituko zenioke...

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera