Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Etorriko haiz nirekin?

Hernandez Abaitua, MikelErein, 1996 Nobela

Aurkezpena

        Mila bederatziehun eta larogeitaseiko udaberrian gaude. Unibertsitate-irakaslea den nobela honetako protagonistak gutun bat jasotzen du, non, arrazoi politikoak direla eta, heriotz mehatxu bat zuzentzen zaion. Baina nolaz? Zergatik? Berak ez du politikarekin inolako erlaziorik. Bere bizitzaz aster jabetuko den amets gaiztoaren abiapuntua baizik ez da.

Pasartea

C

 

 

        Hogeitaka urte inguru edukiko ditu kalean zehar irribarrea ezpainetan duela dabilen gizon gazteak. Liburu eta biok batzu daramatza eskuan. Bizarra du, ez oso luzea, eta arduragabetasun kutsu bat nabari zaio xehetasun guztietan, esaterako, aurpegiaren giharreen lasaitasunean, edota mugitzeko moduan. Nabari du ez dela konturatzen zertan ari den, bidea automatikoki egiten ari dela, gogoa urrun duela, eta tupustean, areagotu egin zaio irriharrea. Eskola ematen ari zenean beste gelaren bateko ikasleek egin diotena etortzen zaio burura, eta zelan haserretu den oroitzen du halaber, irakaslea izanik haserretzea zegokiolako, nahiz eta barrutik barrez lehertzen egon. Aurpegi serioz begiratzen zioten ikasleek, egiten ari ziren marrazki teknikotik begirada altxaturik. Baina hori geroago izan da, zeren beste klaseren bateko ikasleek txakur hori ikasgelan sartu diotenean, ez zeuden batere serio, barre algara handiak egin dituzte bera garrasika hasi arte.

        Horrela iritsi da bere etxeko behebarruraino, irribarrea begitartean, eta ozta sartu atari ilunean, argi ilunskaren botoiari eragin dio, eta buzoitegia izan da ikusi duen lehen gauza, eta bere posta kutxatxoaren gainean, paretak duen hegal ñimiñoan ipinita, liburu formako pakete bat ikusi du, ziur aski lodiegia izateagatik buzoiaren ahotik sartzen ez delako han dagoena, eta pentsatu du, ah, azkenean, bazen garaia, zeren lau aste ziren marrazki teknikoari buruzko liburu baten zain zegoela, eta gogo handia zeukan ikusteko, baina ez da konturatu liburua ez dela beretzat, gainean ez duela bere izenik jartzen, aldamenean bizi den poliziarena baizik, eta paketea ireki duenean, eztanda zalapartatsu bat entzun da behebarruan, eta gizon gaztea atzeraka erori da gorputza bihurrituta. Gero, lurrean etzanda, burua altxatu du apur bat, eta baita bere besoak ere, eta ez du han bere eskurik ikusi. Konortea galdu du, eta bere beso horiek, gorriz pintaturiko bi egur zati bailiran, lurrera erori dira giharren indarra galduta. Oihu batzu hasi dira entzuten nonbaitetik. Odola, haragi zatiak zoluan barreiaturik, eta izkina batean, gorputzetik bereizita, bi behatz falta dituen esku bat. Une horretan, dagozkion hiru minutuak ahitu direlako, itzali egin da sapaiko argia.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera