Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Hizkuntza, kultura eta gizartea

Odriozola, Joxe ManuelEuskaltzaindia-BBK, 1998 Saiakera

Aurkezpena

    Liburu honen barne filosofia harilkatzen duen metaforarik agertzekotan, Xalbador bertsolariaren irudiari hirugarren osagai bat emenda dakioke. Horretara, haren ?herria da gorputza, hizkuntza bihotza? metaforari, liburu honetan ?arteria-kultura? osagaia gehitu zaio. Egilearen ustez, izan ere, hizkuntza-komunitatearen bizkarrezurra hiru faktore osatzaileon inguruan egituratuta dago: a) gorputza-herria; b) bihotza-hizkuntza; eta c) arteria-kultura.

        Zein da, ordea, azken buruan hiru osagai edo sistema horien artean nagusi? Zein da hegemonikoa? Esan denez, bata bestearen eskuko eta araberako azpisistemak dira, baina eskukotasun-indarra ez da berbera hiruretan. Horietako bat gailentzen baita Euskal Herriaren sistema orokorrean besteen gainetik. Beste modu batera adierazita: horietako bat besteekiko gaindeterminatzailea da, determinazio-indarra dialektikoa baldin bada ere.

        Bihotza eta arteria-sistema gorputzaren eskuko izatekotan, haiek honen baitako direlako, era berean, hizkuntza eta kultura herri-gizartearen araberako izan ohi dira. Euskara-bihotzaren taupadak isildu egin dira euskal eremuaren lurralde eta gune anitzetan, orain Iparraldean gertatzen ari den bezala, herri-gorputzaren osasuna gero eta txarragoa izan delako. Euskaltasunaren gizarte-oinarriak huts egitean erdaltasunaren osinean amildu da euskaldungoa.

Pasartea

Mamia eta itxura euskalgintzan

 

        Inondik ere, hizkuntzaren definizioak eragin handia dauka hizkuntz plangintzaren eta politikaren baitan. Gure artean, ideologia nagusiak hartara bultzaturik, hizkuntzaren defmizio makurra nagusitu zaigu beste batzuen aldamenean. Horretara, euskara ez litzateke jadanik sor~ tutako mezu-eduki prelinguistiko batzuen komunikazio-tresna baizik izango. Baina hizkuntzaren tresnatasun hori baino okerragoa da oraindik, mundu sinbolikoa eratzen duten sistema kultural eta ideologikoen aurrean, hizkuntza nola definitzen den ikustea: hau da, pentsamendu eta sentipenen eremu hori mundu prelinguistikoa da nonbait, eta bere eraikuntzan ez du erdarak zerikusirik izan. Nolazpait, mundu hori, bere erreferentzia eta identitate-ezaugarri guztiekin, ez da linguistikoa, ez da erdalduna, ez da espainoltasunetik eraikia izan. Hitz batean, sistema kulturabideologiko hori neutroa da, eta hizkuntza hautatzea da zioaren irispen guztia: euskara erabili nahi baduzu, erabiltzazu, edo bestela erdara. Euskara-tresna eraiki behar dugu bere hiztegi eta industria linguistiko guztiarekin.

        Hizkuntzaren izaera funtzio mekaniko horretara mugatzeak, esan berri dugun bezala, ondorio nabarmenak ditu gurean. Hizkuntza bat, bigarren hizkuntzaren funtzio mekanikora murrizten duzunean, hots, pentsamenduaren eta sentipenen unibertsoa erdaratik eraiki eta, ondoren, errealitate horren balore kultural-sinbolikoak euskaraz transmititzen dituzunean, bistan den bezala, euskara ez da funtzio horretan tresna mekaniko huts bat besterik. Alabaina, hori euskararekin gartatzen zaigu; ez erdararekin. Euskara, gisa horretan, tresna mekaniko hutsa den bitartean, erdara gizartegintzaren baitako osagai eratzailea dugu. Eta ez, jakina, erdara euskara baino garatuagoa dagoelako soil-soilik; baizik eta, horrekin batera, bi hizkuntza hauek eta errealitate soziokulturalaren arteko harremanak erabat bestelakoak direlako. Izan ere, euskara hizkuntza arrotza da errealitate soziokultural horretan, batez ere errealitatearen pentsamendu eta kultura hegemonikoaren eta dinamikoaren eremuan. Erdara, aldiz, kidetasun oso-osoan dago errealitate material eta sinboliko horrekin; esan dezagun, bada, bat datozela euren izaeran eta zentzuan.

        Are gehiago: Hego Euskal Herriko egungo abagadune kulturalean eta soziolinguistikoan pentsamendu eta kultura espainola ez da bakarrik erdaraz ekoizten eta kontsumitzen. Nolabait esateko, euskalgintzaren beregaintasuna ezinezkoa bilakatu da; besteak beste, euskalgintza jarduera linguistiko hutsa ez delako, eta, hainbestean, jarduera horren oinarrian jadanik egituratua dagoen gizarte-bizitza erdaratik eratua dagoelako. Euskalgintzaren autonomiarik eza, hortaz, ez da ideologia sektorial-partidistetatik datorren arazoa; gure artean, halere, halakotzat jo izan da maizenik. Alegia, euskararen gaineko instrumentalizazio-auzitzat hartu izan da autonomiaren arazo hau; baina, kezka hori ukatzeko asmorik gabe, hutsaren hurrengoa da hori guztia esku artean dugunarekin erkatuz. Hain zuzen ere, euskalgintzaren autonomiarik eza euskararen estatus soziokulturaletik eta politikotik baitator. Arestian esan dugunaren haritik, bigarren hizkuntza gisa transmititzen da hainbat irakasgunetan, baina, eta hementxe datza auziaren muina, ikaskuntza horretan ez da garatzen bigarren kultura-sistemarik orpozorpo. Euskal kulturarik gabeko euskara alegia; euskararen unibertso sinbolikoari dagokion pentsaera, sentiera eta jokaerarik gabe, bere gordintasun osoarekin adierazita.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera