Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Ipuin euskaldunak

Zaldua, IbanErein, 1999 Ipuina

Pasartea

Donostiako Madrilgo hiribidearena

 

        Larunbat gaua, ordu bat eta erdiak aldera. Lagun batzuek autoz ekarri naute Alde Zaharretik etxe ondoraino. Ez dakit zergatik baina arrazoi berezirik gabe, maiz gertatzen zaidan bezala, abestuz noa, kasu honetan Sting-en If I ever loose my faith in you, buruan sartzen zaizkizun (irrati formulek sartzen dizuten) lelo madarikatu horietako bat. Hiribidea zeharkatzera noa. Hasiera batean ez naiz ohartu, baina atzetik doakion sekreten auto zuritik bota didaten begirada berezi hartaz konturatzean, nire aurre-aurretik Polizia Nazionalaren Patrol bat pasa dela ikusi dut. Agian ozenago kantatu dut mementu horretan. Edozein kasutan, munduko gauzarik normalena, gure mundu ezin hobe honetan.

        Hain ohikoa ez dena: gero gertatu zaidana. Ia etxeko atarian nengoela, bi uniformedunek, nahiko modu txarrean, dokumentazioa eskatu didate. Berehala zibilez jantzitako beste bi elkartu zaizkie eta Estatuaren zerbitzari leial horiek oihuka iraindu dituena dudarik gabe tipo hura dela ziurtatu diete. Neu, alegia. Ez dut uste alkohol gehiegi edan dudanik, baina mozkorraren arrastoren bat geratzekotan kolpean desagertu zait. Azken patxaranaren gustu lehorra ez, ordea. Bibotedun txikiak luzatu diodan Nortasun Agiri Nazionala arreta handiz igurtzitzen zuen bitartean, abestiaren istorioa ahoskatzen saiatu naiz, baina berehala konturatu naiz azalpena, alferrikakoa izateaz gain, absurdua edo, gutxienez, barregarria irudituko zaiela, batez ere kantariaren izena zehazten badiet. Nire izu aurpegiak ez ditu poliziak bigundu: poltsikoetatik diru, karnet eta giltza guztiak aterarazi dizkidate, Zapatodos-eko erakusleihoa babesten duen metalezko hesiaren kontra erreglamentuzko miaketa sakon eta mantsoa egin didate eta bigarren poliziak oinetakoak askatu eta oinutsik geratzeko agindu dit —lehenengoa autora joan da, Bertarekin hitz egitera—, gehienez ere nire galtzerdiei Camembert usaina dariela egiaztatzeko. Norbait, hiriko beste zokoren batean, beharbada gauden auzoan bertan, lapurtzen edo kondizio txarretan manipulaturiko droga saltzen edo neska bat bortxatzen egon daiteke, nire inguruan lau funtzionario libertitzen ari diren bitartean. Gogoeta horrek ez nau batere lasaitu, baina, sentitzen nuen beldurrarekin batera —hamar minutu luze hauetan ez da kaletik inortxo ere pasatu—, horixe da bururatu zaidan ideiarik gardenena. Baita ergelena ere.

        Oraindik oinutsik nengoela, biboteduna bueltatu da eta hitzik esan gabe —ezta beste kanta haren Barka itzazu eragozpenak / Sentimos causarle molestias hura ere—, dokumentuak luzatu dizkit: ordenagailuak ez du, dirudienez, izartxo nahikorik aurkitu datu-baseko nire izenaren ondoko leihotxo elektronikoan. Eta badoaz, ni kale erdian dardarka eta eskuan safariak ditudala utzirik.

        Etxerako bidea hartu behar dut eta, egia esan, ez dakit hau guztia nire gurasoei kontatzeko gai izango naizen. Asteburuetan baino ez naute ikusten, eta nahiko gutxi gainera. Amak, depresibo jartzen den horietan, etxera bakarrik ikasle-pisurako dirua biltzera joaten natzaiela aurpegiratzen dit. Ez, ez diet disgusturik eman nahi: hain da handia legeari dioten begirunea...

        Etxeko atarira heltzean, oraindik oinutsik nagoela konturatu naiz. Ez dut, ordea, ez minik ez hotzik sentitzen. Zapategitik hona erabaki bat hartzeko astia izan dut, bederen: hemendik aurrera ez dut Sting-en diska berririk erosiko. Ziur.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera