Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Kaka esplikatzen

Zabala, Juan LuisElkar, 1989 Nobela

Aurkezpena

      Liburu gaixo bat da hau, inoiz, besteak beste, Fernando Pessoa-k, Cesare Pavese-k, Thomas Bernhard-ek edota Peter Handke-k egin izan dituztenen antzekoa, neuk esan behar banu eta literaturako hainbat izen handi aipatu behar banitu. Liburu gaixo bat, barrura itsu-itsu begira egina, nahiz eta pertsonaia nagusiak kanpoan ikusitakoak kontatzen ere ahaleginak egin tarteka. Liburu pertsonalegia da liburu izateko, berez gutun bat delako akaso, edota bestela horrexegatik da hain zuzen ere gutuna beharbada. Gutun horren egilea, Xabier Nolotolon, nire seme zenaren adiskide mina izan zen, liburuan bertan erakusten denez. Horregatik liburuan kuriositate handiz sartu nintzen, gaurko gazteriaren zati edo sektore batek bizi duen mundua ezagutzeko gogoz. Baina liburuan gazte baten mundua ezagutu dut bakarrik, Xabier Nolotolon berarena.

      Hala ere pozik irakurri ditut Xabier Nolotolonen nortasuna definitzen duen puzzle idatziaren zatiak. Jeneroen arteko burruka bat somatu dut, sentimendu, ideia, joera eta jokaera ezberdinen arteko burrukarekin batera. Eta badakizue zer izaten den horrelakoetan, zenbat eta burruka gehiago eta latzago, kritikaria gustorago, bere saltsaten blai eginda.

     

Joss Vington

 

Hitzaurrea

HITZAURREA

     

      Gauetan poteak hartzera irtenez gero, mozkortutako morroi narraz bat edo beste atxekitzen zaigu tarteka, kaka esplikatzen. Ni ez naiz mozkortzen, niri era txukun eta egokian gustatzen zait kaka esplikatzea, era ortodoxoan, behar bezala, demokrata-kristautasun zintzoz. Literatura deitzeko moduan edo gutxi gorabehera. Neuk ere badaezpada ere hala deitu izan diot eta sinistu izan didate behintzat orain artean.

     

(Xabier Notoloton,

Virginia ikusi gabeko 2. urteko martxoak 4.)

 

Pasartea

      Iverst, elkar ikusi gabeko 3. urteko urriak 21

     

      Kaixo, Virginia maitea:

     

      Gutun luzea hasten dun lerro hauexekin hire ausentziari darion oroiminaren haritik. Itxi itzan begiak eta entzun, entzun itzan, arren, sortzaile apal honek bere kemen guztiak bilduz, inoiz hireganaino helduko ote diren ere jakin gabe, hiretzat lotu nahi izan dituen hitzak.

     

      Sortzailearen egunak

     

      Sortzailearen egunak hasten ditun orain. Oraintxe sartzen naun sorkuntzaren egunen aparteko parentesi berezian. Zoriontsua naun. Pozik negon. Nirea dun orain hitza, eta hitz horren bestaldean hi, hitzaren hartzailerik zintzoena, jatorrena, gozoena, Virginia. Ezertarako presarik gabe, adierazi beharrekoak adierazi nahi eta behar bezala adieraztea beste lanik gabe. Etengabe eta neuk nahi bezain mantso, astiro. Hitzaren jaun eta jabe, komunikazioaren Jaungoiko Jaun ahalguztidun, zintzo, ulerkor eta errukiorra. Neurea dun orain mundua, neure eskuetan zegon osorik. Neure bizitza bizitzen ari izango naun une oro oraintxe hasi berri diren sortzailearen egun handiotan. Behar den guztia behar den moduan adierazi arteko onik eta bake arrastorik gabe. Dudan indar eta kemen guztia helburu bakar baten inguruan erabiliz, komunikazioaren benetakotasuna etsai gaizto guztien atzaparretatik babesteko lanaren estuasun larrian, beste kezkarik gabe. Sortzailearen egunak apartekoak ditun, ez dinate parekorik, ezta antza hartzen dienik ere. Sortzaileak egun hauetan bizi duena adierazteko ez dun oraindik hitz nahiko egokirik asmatu. Ez asmatuko ere. Sakrilegioa luken.

     

      Ez didan idatzi, Virginia

     

      Ez didan idatzi, Virginia, banekinan nik, esan ere uste dinat hala esan ninala alde egin huen gau ilun urrun hartan. Agindu ere ez hidan seguru agindu, ez bide huelako nahi gezur edo gezur antzeko baten orbainak hire araztasuna zikintzerik, hire zorioneko araztasun zoragarri hori, oraindik ere, pentsatzen hasiz gero, siniste hutsarekin lana ematen didana. Gau hartan bertan ulertu ninan hala ere agurraren benetako sakontasuna, beharbada ez nuela inoiz hire berririk izango gehiago. Bi urte iragan ditun harrez gero, bi urte eta hilabete izango ditun lasten Zazpiehun eta berrogeitamar inguru egun hauen ondoren, hik geltokian esandako hitz haiek beste modu batera ulertzen ditinat, eta elkar ikusi genuen azken gau hartan ere aparteko lezioa eman hidala aitortu behar nik apal-apal eta hireganako mirespen neurrigabeak lelotuta.

      Nik idatzi egingo dinat hiri ordea, Virginia, hiri idatzi behar dinat bestela nori idatzirik ez bait dinat inondik ere. Ez zegon munduan beste Virginiarik, geltokiko gau ilun urrun hartan munduan zehar —nora zuzen jakin gabe— ibiltzera ausartu zen bidaiari gazte argi hura baino, adio gozo luze hura egin zidan lagun min maite hura baino, akaso idatziko zidala esanez seguraski elkar berriro ez genuela ikusiko iradoki zidan neska zintzo eder paregabe hura baino. Ez didan hik niri idatzi baina nik idatzi egin dinat tarte honetan, eta ez gutxi, eta iruditzen zaidan idatzitako oro hiretzat idazten jardun dudala beti. Idazten nuen oro hiri idatzi beharreko gutun luze hasi berri honen puska solteak besterik ez zitunan. Gutun luze hori osatzen duten puskak bildu behar ditinat oraintxe hasi berriak diren sortzailearen egun sakratuetako lan ixilaren bitartez, puskak bildu eta jaso, lotu eta josi, eta baita puska berriak egin eta erantsi ere, hiretzat nire izatearen arrastorik ahalik eta eder eta dotoreena, txukun eta aratzena, zintzo eta garbiena paratzeko. Ezin izango dinat igorri, jakina, hire berri ematen ez didan bitartean, ezin izango dinat sekula ere igorri alegia seguru askorik, baina prest izate hutsa ere pozgarri izango dun niretzat.

      (...)

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera