Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Kea ur gainean

Zaldua, IbanElkar, 2002 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

  Bitto neska kementsua da, ezpata eta aztikeriako istorioak maite ditu eta aikidoa praktikatzen du. Baina bere zaletasunik handiena heavy metal musika da. Bai, Bittori rock gogorrena gustatzen zaio: Deep Purple, AC/DC, Iron Maiden, Metallica, Marilyn Manson, Su ta Gar... eta horrek arazo batzuk ekarriko dizkio, eta baita ustekabe galantak ere. Bittorekin batera beste pertsonaia batzuk ezagutuko ditugu: Borja bere aita, Elena bere ama, Jon bere anaia technoa eta Maddi bere ahizpa txikia, Ander bere lagun mina, Amaia Anderren ama, Gogorr musika-taldea... Guztiak arituko dira Bittoren inguruan bilbatuko den istorio berezi honetan zehar.

Pasartea

  Bitto dut izena. Egia esateko, nire izen osoa Maria Victoria da, baina niri ez zait batere gustatzen. Amak beti esaten dit izen osoa erabili behar dudala, zerbaitengatik jarri zidatela Maria Victoria, eta ez dakiela zer dela-eta tematzen naizen Bitto itsusi hori erabiltzen. Amona Elizabethek ere gauza bera esan ohi dit:

  —Erregina-izena da Maria Victoria, eta harro egon beharko zenuke.

  Eta, ondoren, irakurtzen dituen aldizkari horietako baten argazkiak erakusten dizkit amonak. Baina nik ez ditut maite erreginak eta printzesak eta amonari gusta tzen zaizkion pertsonaia hantuste horiek guztiak. Amazonak eta sorginak eta azti gerlariak maite ditut nik. Edonola ere, Maria Victoria izen luzeegia eta ponpoxoegia da heavy batentzat. Eta ni heavya naiz: laburdura dut maiteago. Ezagutu al duzue sekula Maria Victoria bezalako izena duen musikari heavyrik?

  Nik ez behintzat. Denek dituzte izen labur eta zorrotzak: Slash, Angus, Bon, Ozzy, Doro, Ritchie... Ni heavya naiz, eta Bitto dut izena.

  Heavy musika gustatzen zait, bai: rockzale amorratua naiz, rock gogorrena maite dut. Baina nire gurasoek ez dute atsegin musika mota hori, eta ahal duten guztia egiten dute nire zaletasunari oztopoak jartzeko; amak, batez ere. Sekula ez didate erosi nik maite ditudan taldeen konpakturik. Nik beti eskatzen diet gauza bera, baina haiek kasurik ez. Olentzerotarako, adibidez, Iron Maiden-en azkeneko diskoa eskatu nien, baina haiek Alaitz eta Maiderren bat ekarri zidaten.

  —Egokiagoa da zu bezalako neskato batentzat —esan zidaten.

  Baina nik gorroto ditut Alaitz eta Maider, azukre hutsa baino irentsi ezinagoak dira, eta nire gelako apalategian geratu da haien konpaktua, zelofana eta guzti, hautsa biltzen.

  Bai, denetik egin dute nire zaletasunari oztopoak jartzeko. Duela hilabete gutxi, esaterako, aikido ikastaro batean matrikulatu ninduten, Japoniako borroka-arte horrekin musika ahaztu ahal izango

banu bezala. Astean bitan kimonoa hartu eta gimnasiora joaten naiz aikido ikastera, eta oso ondo pasatzen dut.  Ez naiz aikidozale makala: gerriko horia lortu dut dagoeneko. Baina kirol horrek ez du nire heavyzaletasuna murriztu, ez horiee.

  Nire neba nagusi Jonek barre egiten dit aurpegira, heavy metala gustuko dudalako.

  —Hori agure tximaluzeen kontua dun, tuntun halakoa! Guztiz modaz pasatuta zauden gitarra-solo jasanezin horiek! Etorkizuna duen musika entzun beharko huke!

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera