Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Marlboro gizona eta beste bi ipuin

Zubeldia, MikelAlberdania, 2012 Ipuina

Aurkezpena

Dora Maggo pintorearen estudioko leihoak Sasikoen plazara ematen du. Dorak giza figura biluzien erretratuak margotzea obsesio bihurtua du azkenaldian. Artea baliatu nahi du barruan daraman ezintasuna ulertu eta oreka bilatzeko. Leihotik begira, Marlboro gizonaren ezagutza egin du eta hura margotu arteko onik ez du izango. Nork bere historia, nork bere zauria kontatuko digu. Marlboro gizona izeneko narrazio honek irabazi du 2012ko Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria

«Testua errealitatearen, bizitzaren eta artearen arteko gatazka modura planteatzen da. Artearen bidez aurkitu nahi du protagonistak barne munduan falta zaion oreka hori, oraindik ez dakien hori».

Liburua beste bi narrazioz osatzen da: Udal Zoologikoa eta Salomon Weingarten, aurrekoaren giro berekoak.

 

Pasartea

MARLBORO GIZONA

 

Dora Maggo pintorearen estudioko leihoak Sasikoen plazara ematen du. Garai, tamaina, kolore, material eta kontserbazio arragoko eraikinen zirkulu koadratzailera. Ez handira, baina ez txikira. Hiri erdian izanagatik, auzo-patioen familiatik eratorritako plaza grisera. Adabakien mosaikora. Ezinezko algoritmodun amesgaiztora. Hala-moduzko udal arkitekto baten tiradera ahanzkorretan beratutako proiektu sorgorrera. Beste arkitekto mizkin batek hirugarren egunean berpiztu eta udalbatzarreko iluminatuek zeruetara betirako igoarazitakora. Harri txintxarrezko zoru irregularra, forjazko aulki bana, lau izei axolagabe, bina farola martzial, Galtzaile Ezezagunaren oroitarria, iturri lehor eta lore formako zakarrontzia. Zakurren museo eskatologikoa, usoen suizidromoa, katu beltzenia. Putzu septiko okaztagarria. Esperantzarik gabeko enparantza estrainio, lauso eta gaizki fokatura ematen du Dora Maggoren estudioko leihoak. Hala eta guztiz ere, zenbat maite duen bertatik zelatatzea. Plazara sartzen diren bele arraroak analizatu, sailkatu eta euren inguruan teorizatzea. Urteen poderioz ohitura sakratu bihurtu du eta usadio enpiriko horrek erakutsi dio motibo sendoren bat behar dela Sasikoen plazako irudimenezko sarea zulatzeko: nahita galdu, ihesean, ezkutuan ibili, nahasita, orientazio senik gabe, bekatu larri batek gogoa tormentatu, edo, Sasikoen plazan irekita segitzen duen lokal komertzial bakarrera jo beste erremediorik ez izatea. Auskalo. Dora Maggok barru-barrutik maite ditu Sasikoen plazako erraiak eta handik igarotzen diren arima herratuak.

Farolen argi lausoek apenas eusten dioten behe-lainoari, plazari eite irreala emanez. Estudioko leihotik argi xume bat irabazten da, Dorak argi-zirina esaten diona. Astelehena da, eta oso goiz izan arren, lanerako kamisoi zikinaz jantzita dago. Paristar boneta beltz alboratuak ile-zurda gris horailak koroatzen dizkio. Lucky bat du ahotik zintzilik. Doraren gorputz ttiki ximela insomnio gauak jipoituta esnatu da eta azkenaldian ohi duenez oinazetuta dago. Nescafe hoztuari azken zurrupada eman dio, listu-hutsa atereaz. Eztulka hasi da; gupidagabe hasi ere. Eztarrian min du. Nescafearen platertxoan zanpatu du zigarroa. Gogogabetuta dago. Motel. Lehen brotxakada atzeratzeko edozein aitzakiaren bila, Sasikoen plazara begiratu du. Arima bat bera ere ez. Margo poteak, nahasketen platera, linazi-olio, trementina -esentzia eta brotxak atera ditu gamuzako poltsatik. Poteak ireki ditu patxadaz, kolore nahasketak egin eta astoa parez pare ipini du. Hasperen egin du. Bodegoi bat amaitzea dagokio: irasagarrak, frutontzi bereber azafrai eta beltzean. Azken ukituak falta zaizkion arren, ez du sobera konbentzitzen koadroak. Ez du beharrezko tentsiorik kausitzen. Frutontziaren bernizari, ilargi argiak itsasoan islatzen duen tonua eman nahi dion arren, ezgauza sentitzen da. Bere gaitasunez duda egiten du. Ez du sinesten. Betelan estilistikoan, arinkeriaz aritu izana egozten dio bere buruari. Natura hilen argi ilun eta oretsuetan behar bezala arakatu ez izana. Tentsiorik, pasiorik eza. Eta, margolan batek edo sentimenduak irabiatzen dizkizu, edo kaka hutsa da; kaka zuri estetizista. Kale egin duelakoan dago.

Arte figuratiboaren bidez mintzo dira Dora Maggoren pinturak. Figurazioa ez da beragan errealitatearen agerpen mimetikoa, itxuren atzean gorderiko errealitate konplexuagoak proposatzeko modua baino. Konbentzituta dago errealitate konplexuago horiek helarazten diotela ikusleari margolariaren begirada. Objektibotasunetik, gauzen eta pertsonen irudikapen grafiko hutsetik oso urrun, barne sentimendu zein ikuspuntu pertsonal errepika ezinak oihalera eramaten saiatzen da. Edonola ere, margolari traketsa da Dora, oso; gorabeheratsua. Txoro-haizez beteriko boladak maiz zeharkatzen ditu, baita erotasun pizteak ere. Eta itzal horiek guztiak dudarik gabe margolanetan islatzen dira. Paisaiak, bodegoiak eta erretratuak logika zehatzik gabe tartekatzen ditu. Nolabaiteko marrak ipintzearren, paisaiak margotu zaleagoa da bihotzean poz duenean, udaberri eta uda garaian, oro ohar; Duppevillera lagun baten landa etxera egin ohi duen egonaldia profitatuz. Bodegoiei atxikitzen zaie, giza figurak margotzeko indarrik ez duenean, bere baitan krisia denean. Baina erro-errotik maite duena erretratugintza da, eta, hari ematen dizkio arteari eskainitako ordurik xamurren eta era berean latzenak.

Azken sei urteak Zer ote dute gizonezkoek zintzilik? margolanari emana zaio Dora gorputz eta arima. Gizaseme biluzien erretratu seriea da. Gorpuzkera, tankera, adin, tamaina eta klase anitzeko modeloak bakardadean hainbat posetan agertzen dira. Modelo ez profesionalak hautatu ohi ditu. Lagunak gehienak, ezagunak, baina baita kaleko gizaseme arruntak, pentsionistak, langabeak, eskaleak, hiltegiko enplegatuak, aurrezki kutxetakoak, alprojak, idiskoak, zozoak, bihozberak, inteligenteak, nerabe pikordunak eta beste. Dagoeneko berrogeita bi erretratu eginak dituen arren, uste du luze joko diola eginkizunak. Gogoa atzera jarrita, askotan pentsatzen du ea nork edo zerk eskatuko zion lan eskerga horretan sartzea. Kasualitate hutsez abiatu baitzen abenturan; intuizioak edo agian inkontzienteak berak egindako amarru bat tarteko. Lagun baten etxeko telebistan xanpu iragarki batek eman zion puntua: Zer ote dutegizonezkoek buruan ; zioen txiste errazeko iragarkiak, hustasuna edo sexua zahiarekin uztartuz. Baina sakonki pentsatuz gero, galdera ustez inuzente hark bazuen bere baitan broma metafisiko izugarri bat; zer pentsatua ematen zuena. Galderak gogoa jan zion tirriki-tarraka, sima ilun eta zabala sorrarazteraino. Eta, galdera horrek Dorarengan deribatu bat hartu zuen ezinbestean: Zer ote dute gizonezkoek zintzilik? Zer arraio ote dute? Nolakoak dira? Ezezagunak zaizkit erabat? Zein azal klase dute? Zein ehundura? Argi-ilunek nola erasaten diete? Zer egiten, esaten edo pentsatzen dute bakardadean direnean? Eta, zergatik dagokit niri galdera hura egitea?

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera