Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Metereologia

Lopez de Tejada Flores, PatxiErroteta, 2010 Poesia

Pasartea

50

Gaur lan bilera bat izan dugu egun osoan zehar. Konplikatua izan da oso, interes asko zegoelako jokoan eta pertsona askok hartzen zuelako parte, enpresa handi eta sendoak ordezkatzen zituztenak. Oso bilera iskanbilatsua izan da ere, eztabaida eta negoziazio eta mehatxu gogorrekin, baina azkenean akordio batera iristeko gauza izan gara zorionez. Nik arreta ematen nien eta neure papera egiten nuen, jakina. Baina noizbehinka gogora zetorkidan hemendik zenbait urtetara denak hilda egongo ginela, kutxa batean sartuta. Hain zen bizia eta erreala.

73

Aquarium batean bezala gaude, norbera bere arrain ontzian. Etxea, auzoa, eskola, eliza, denda, bulegoa, hotelak, hilobia. Gure bidea jarraitzen dugu, eta libre garela diogu, edo ez garela libre, baina ezin dugu ekidin betertzez kristala begiratzea une oro. Agian beste aldean amaren begirada nekatuaren zai, edo mutiko bat bere sudur zikina beiraren kontra zapal dezan, ziur aski geu garena.

80

Taberna eta jatetxeak dira, onak edo garestiak direnean gehien bat, gure gizartean beti dirauen diskriminazioko estaria neurtzeko termometro paregabea. Oso maila sotilean gertatzen da dena orokorrean, legeen kontrolpetik at, baina keinuak eta zeinuak, eta bezeroak jasotzen duen trataera, nabariak dira.

Jarrera horren jatorria planteamendu komertzialetan datza ziur aski. Enpresaren jabeak edo nagusiak bezero estereotipatu bat du buruan zio estetiko batzuengandik uste duena beste zenbait bezero erakarriko dituena, eta nola edo hala planteamendu hori transmititzen die bere enplegatuei, beraiek beren partetik era oso logiko eta natural batez joera hori aurreiritzi kopuru batean bihurtzen dutelarik.

Beste batzuetan, aldiz, beste motatako arrazoiak bila daitezke, hala nola gure gizarte patriarkalean muin-muinean gordetzen diren pentsamoldeak, erosotasuna beste horren diferentziak laguntza edo tolerantzia apur bat eskatzen digunean; edota besterik gabe bestearen ahultasuna, engaina dezakegun erraztasuna.

Horrela, bezeroa atetik sartzen den momentutik ondo hartuko duten ala ez erabakitzen da. Egokia baldin bada, hau da, normalean, gizona, heldua, dotorea, bertakoa, posible bada negozioen mundukoa, eta hala bada taldean datorrena, benetako arretaz hartuko eta tratatuko dute.

Bestelakoa bada, bestelako harrera jasoko du, maiz begirune artifizial batez estalia, baina mesprezuzkoa eta baztertzezkoa beti. Umea enoratuko dute, ume bat ez baita ezer. Zaharrak urduri jarriko ditu, ez baitute jakingo nola kendu gainetik.

Bakarrik dena konturatu gabe mesprezatuko dute, iruzur egiteko edo erasotzeko erreza delako bakar bakarrik. Atzerritarrari edo kanpokoari are gehiago. Emakumea bada bakarrik dena, eta gaztea gainera, nagusikeriako irriaz begiratuko dute zeharretik.

Edozein ezberdintasun jantzietan, ile mozketan edo aspektuan oro har garestia ordaintzen da. Lodia bazara, edo oso lodia, alboratuko zaituzte espazio gehiegi kenduko diezulako oinarrizko argudioarengatik.

Umeekin datozen familiak ere gaizki hartuko dituzte, zaratatsuak eta zikinak dira eta.

Ostalaritza arrunt edo merkean, aldiz, guztiak hartuko dituzte zuzentasunez gehienetan. Finean, zer espero daiteke sinpletzarren multzo horrengandik, zeintzuek gogoan duten asmo bakarra eskupekoa den, kultura mendebaldarrean eguneroko bizitzan gelditzen den eroskeriaren hondakin bakarra.

Ahalegin bat egin behar da, ez jasateko edo ondo eramateko, tokatzen denean, gure integraziorako sena gainditzeko baizik, beti izan gaitezen atzerritzarra, beltza, emakumea, umea, lodia. Zeren eta bizitza honetan duina izan daitekeen bakarra, zerbait duin baldin badago, bestea izatea baita.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera