Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Mirakontxako solasak

Mujika, Luis MariHiria, 2002 Nobela

Aurkezpena

        Fikzioa da nobela, baina ez da hargatik gezurra. Irudimen narratiboari esker egokitzen dira tertulian Aitzol eta Zuloaga, Orixe eta Baroja, Mirande eta Krutwig; gerla aurreko denborak dira eta gerla osteko sasoia.

        Mirakontxako salatik Euskal Herriaren gertuko historia begiratzen da malenkoniaren grisurarekin. Euskaldunon betiko grinak dira hitzbide. Betiko egia eta gezurrak.

        Aise eta irrikiz irakurtzen den nobela honetan, L. M. Mujikak iraganaren irudi ironikoa marratzen du. Agian euskaldunon historia izan zitekeen besterik, baina zinez gertatu zaiguna ulertzeko, premiazkoa da fikziozko solasaldi hauetan esanak eta esan gabeak distantziaren argitasunarekin irakurtzea.

 

Pasartea

        Eskolatik aski hurbil zegoen kafetegi batera joan ginen. Kafetegi hartan mostradore aitzineko aulki altuetan emakume gazteak galtzerdi gardenak erakusten zituztela egon ohi ziren, maiz, eta musika ozen entzuten zen gramolari esker. Bozgorailutik soinua haize-bolada bezala bortitz ateratzen zen. Kafe-kikaren aurrean aspaldiko lagun zenbait jorratzeko tenorean geunden.

        —Tomas Rementeriaz zer dakik? —Iturburuk zigarroa piztu bezain azkar.

        —Seminarista sartu zuan, eta apaiz egina duk dagoeneko.

        —Nola jazo ote da hori neskak hainbeste gustatzen zitzaizkiola?

        —Ez zekiat... Egunetik egunera aldatzen zetorrela sumatu nian. Teologia ¡kastera Erromatik ere pasatu zela entzun diat.

        —Zer deritzaik Tomas apaiz eginda?

        —Euskaldunok hala gaituk: fedegabeak ala agnostikoak; bestela, karlista fanatikoak ala liberalak.

        —Anarkistei ez al diek tarterik utzi behar? —kikara eskuetan hartzen zuela Iturburuk.

        —Anarkistak, mutil, gurean oso urriak dituk. Gure herriari erakunde egitaratuak gustukoago zaizkiok. Neronek etxean aitaren aldetik agnostiko joerak jaso ditiat; ama, berriz, nafar kastako karlista egoskorra duk.

        Algara bipila lagunak. Segidan:

        —Egia duk, Karlos; gogoratzen nauk nola Ramírez zeritzan lagun batek fakultatean euskaldun bat ikustean «anarkista ala errekaltzitrantea haiz?» galdetzen zigula.

        —Ez zebilean oker...

        Iturbururekin —Normaletik ostatura itzultzean— behin gertaera bitxia pairatu nuen. Biok gindoazen tokia kale-zirkilu ¡luna zen, eta, bat-batean, gizon batek —labana eskuan ageri zuela— bileteroa eskatu zigun. Ni haren eskakizunera amore ematekotan jarri nintzen; Iturburu, berriz, geldi geratu zen. Nik eskuak poltsikora neramazkiela ene lagunak orkatilan jo zuen bortitz, eta gizonari labana lurrera erori zitzaion. Bere burua armarik gabe ikustean ospa egin zuen, eta Iturburuk arma zuria Pisuergara jaurtik¡ kolpean. Ordutik asko estimatu dut adiskidearen trebezia fisikoa. Ordukoa birgogoratuz nik:

        —Ikaragarria egon hintzen, Patxi, gau hartan labanadun gizonarekin.

        —Ni beti ikaragarria nauk.

        Iturburu, nahiz euskalduna izan, mediterranear tipoa zen. Diruagatik edozer egiteko prest zegoela ematen zuen. Begiak geldo-geldo edo dultze —eta bestetan gori— jartzen bazekien, eta bere ironiazko jarrerapean sentimendu oso nabarrak estaltzen ziren.

        —Gure herriak aurreratu nahi badu fanatismoak utzi behar ditik —pattarra kopaskatik astiro hartzen zuela lagunak—. Espainiako herrialde atzerakoienetakoa duk Euskal Herria, karlismoaren azken hondarrei lotua. Errepublika etorri denetik Espainiak beste bidea zeramak; pixkana Elizaren babesetik irteten ari duk, eta tradizioaren loturak utzi beharrean zegok. Euskal Herrian abertzaleek errepublika vatikanista ezarri nahi izan ditek.

        Niri, noiz-noiz, fanatikoa deitzen zidan. Bazekien osaba Euken etxean aranatarra zela. Iturburu anarkistaren ustez abertzaletasun oro tokitik kanpo zegoen, eta karlismoak baino xarma gutxiago zeukan «zeren karlismoaren erroetan anarkismoa ere bazegok» eransten zidan. Asteburuetan izebaren etxera joaten zen, eta entzuna nuenez bere izeba —hamabost bat urte zaharragoarekin harreman sexualak izaten zituen. Iturbururen bigarren deitura Soler zen, eta amaren aldetik kataluniar odola zeraman; handik bere tipologia fenizioa, mediterranearra, ze beti diruaz asko arduratzen zen.

        «Ez nauk hik uste duana» jalgitzekotan egon nintzen abertzalatesunari buruzkoak entzutean. Neronek esanda zekien gure aita liberala —eta agnostikoa— zela, eta Donostiako etxean —inprentaren aitzakiaz— idazle talde berezia elkartzen zela, eta, besteen artean, Baroja, Unamuno, Aitzol, Arrese poeta antiklerikala eta bestelakoak. Zuloaga pintorea ere ez zen ahanztekoa. Gure familian kultura heterodoxoa eta ortodoxoaren ekumene berezia egituratzen zen mirakuloski. Hartarako aita bezalako tipo zabala behar zen, noski.

        Askotan entzun nuen maisuetxean eta unibertsitatean Euskal Herria herri egoskor, fanatikoa zela —maltzurkeria gutxikoa—, semita herrien malgutasun urri zuena. Neu ere adiskide batzuen artean egoskor fama —jasangaitzaren sona— hartzen etorri nintzen. Dena den, lagun minenek noren semea nintzen bazekiten.

        —Bai, fanatikoa naizela adierazi nahi didak, Patxi.

        —Ez diat egozten horrelakorik gizabanakoa haizen aldetik... Soilik, euskaldunon herria kamutsa dela aitortzen diat. Duktilagoak, malguagoak, amoreemankorragoak izan behar genikek euskaldunok —eta ni ere euskalduna nauk, aitaren aldetik, behintzat—. Mairu herri izaniko penintsulan Euskal Herriak etorkizun gutxi dik, amore ematen ez zekik.

        —Gure herriak bere jatortasun antropologiko eta kulturalari eusteko eskubidea dik.

        —Bai, baina errepublika vatikanista bihurtu gabe. Aranatar horiek ontologismora lerratzen dituk —edo eta, bestela, mitoen eraikuntza erratikoan galtzen fabulazio labaintsuak eginez—; mitoen ondoren badakik zer dagoen, aberria, alegia...—Ez nion erantzun deus ere, eta nire isiluneak molestatu egin zuen kontrajoera espero baitzuen. Eta gero—: Karlos, esaidak, zer irakurtzen ari haiz azken aldi honetan?

        —Barojaren eleberri bat.

        —Aspergarria haiz. Beti Baroja...

        Une hartan mutiko-talde bat igaro zen kafetegiaren aitzinetik. Haietako gehienak nire gelan zebiltzan. Hitz egiteko guraria sortu zitzaidan:

        —Mutiko horiek Espainiako inkulturaren biktima dituk.

        —Zergatik?

        —On Amadeo Retuertaren mende zeudek, eta maisu bati gerta dakiokeen okerrena jazotzen zaiok.

        —Zer?

        —Eskolau askoek ez diotela hitzik ere ulertzen ikasgelan. Aspaldiko metodoak zerabiltzak; haur euskaldunei hezkuntza osoa espainolez ematen jarraitzea desegokia duk.

        —Hori hala izan duk beti.

        —Erantzun politikoa duk hirea. Noiztik haiz aurrerakoi?

        —Linboan hago. Zer aldatu nahi duk? Euskarak ez dik ahalbiderik kulturabide izateko; horretan Unamunorekin bat natorrek, ze gure herriak kultura transmisiorako jakintza zabalagoa behar dik.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera