Nork ez du inoiz fantaseatu ihes egitearekin, dena utzi, urrutira joan eta hutsetik hastearekin? Eleberri honetako protagonistarentzat hau ez da fantasia bat ordea, behar bat baizik. Euskal Herriko egoeraz aspertuta Italiara doa lan egitera, baina ez da konturatzen ez dela egoera politiko batetik ihes egiten ari, bere iraganetik baizik. Autopista amaigabean bere bizitzako urteak berrikusten ditu eta hasierako kanpo-bidaia barne-bidaia bihurtzen da. Bere begien aurretik pasatzen diren lekuak oroitzapenak berpizteko aitzakiak baino ez dira izango, porrotak eta garaipenak gogoratzeko elementu eragingarriak.
«Hik badakik, Ander, askotan esan ohi nuelako, oso nire gustuko esaldi asko daudela zeharo higatu eta topiko bihurtu direnak gehiegitan idatzi direlako, eta, zoritxarrez, arrazoi horrengatik, ezin dizkiagu geuk idatzi. Debekatuta zauzkaagu. Orain dela ehun mila urte jaiotzea gustatuko zitzaidakean (hots, mendi gehiena laiatu gabe zegoenean), zenbait esaldi lasaitasunez idatzi ahal izateko. Adibidez, zein ederra den udazkeneko eguzkiaren kolorea itsasoan murgiltzerakoan, oraintxe bertan gertatzen ari dena bestalde, baina debekatuta zauzkaagu honelako esaldiak. Ez duk gauza bera gertatzen esaldi arruntenekin, lirismorik bilatzen ez dutelako. Adibidez, euria ari du, kalatxoriak bueltaka dabiltza kaiaren inguruan. Ez zakiat, horrelako gauzak.
Iluntzen ari dik eta argirik gabe gelditzen ari nauk. Lanpara piztera noak eta musika pixka bat jarriko diat bide batez, Haydnen koartetoren bat, edozein, denak gustatzen zaizkidak-eta. Seguru Haydni ere nazkante batek baino gehiagok esan ziola nola konposatu behar zuen bere musika. Lehengo egunean idazle famatu batek esan zian, elkarrizketa batean, literatura on posible bakarra, gaur egun, Kafkaren eredua hartzen duena dela. Ja, zenbat ergelkeria entzun behar diren. Eta hik badakik Kafkazale amorratua izan naizela beti. Baina hortik dogmatizatzeraino, bide luzeegia zagok. Grazia gehien egiten didana zera duk, orain dela gutxi beste idazle famatu batek aurreko Kafkazale horrek esandakoaren kontrakoa esan zuela, alegia Kafkarena literaturatik ateratako literatura dela, eta benetako literatura bakarra bizitzatik ateratzen dena dela. Zein astakeria handia hau ere, ezta? Kafka gaixoak entzungo balio. Non gelditzen duk «zauri ireki batetik ateratako literatura» eta hura guztia?
Orain dela une batzuk jende askok esaten zian anfora hautsita zegoela eta horrelakorik, baina gaur egun, atzera egiten ari dituk horietako batzuk, zeren garbi baitago liburu asko saltzeko ezin duala anfora zeharo hautsi, gehienez ere apur bat erasana egon daitekek, gehiago ez. Zirkua duk XX. mende bukaeran nagusitzen ari dena, zirkua. Baina niri gogoetaz betetako narratiba duk gero eta gehiago gustatzen zaidana, edo saiakera, edo biografia nobelatuak, baina horrek ez dik esan nahi narrazio kostunbristak gaitzesten ditudanik. Batzuen jarrera haserretzeko modukoa duk dudarik gabe. Zergatik ibili behar ditek beti esaten zer den kalitatezkoa, zer den ona eta zer txarra, neurgailuak beren kapritxoak izaki?