Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Zakur kale

Zubiri, HarkaitzSusa, 2007 Ipuina

Aurkezpena

        Gaur egungo donostiarrak dira Zakur kale honetako bizilagunak, estuasun eta azpikerien artean nor gehiago, etorkizun oparoago baten bila aztarrika. Burgesiaren erretratu bat egiten du Harkaitz Zubirik bere lehen narrazio liburuan.

 

      Martinez jaunari edo bere gisako bati mehatxu egitea Pandoraren kutxa irekitzea da, Iñaki. Zuk lepora diezaiokezun edozein gauzaren pareko zerbaitekin salatuko zaitu zu. Teniseko partida bat bihur daiteke. Ero batek besterik ez luke egingo. Jakin dezazun, gure alderdiari mailegu ezin merkeagoak eman dizkio banku horrek azken hogeita hamar urteetan, eta batzuetan alderdiak itzuli ere ez ditu egin. Zalantzarik gabe esan diezazuket ez zirela doako maileguak.

        Iñaki Tolosa etsita irten zen Juan Imazen klubetik. Ez zekien nola baliatu Jon Ansolak emandako informazioa. Eta informazioa baino gauza garestiagorik ez dagoenez, ezin zion bere buruari merkekeriarik ametitu.

        Gau hartan bertan telefonoz deitu zion Jon Ansolak:

        — Hitz egin al duk Martinez jaunarekin?

        — Ez.

 

Pasartea

Etorriberria eta bere lagunak

 

 

    Neska etorriberria bazterretara begiratu gabe irten da bulegotik. Etxera iritsi eta mutil-laguna ikusi bezain azkar lehertu da:

        — Zer egingo dut orain?

        Abegi SAn hasi zenetik estu eta zikin hartu izan du Edurnek, bere saileko buruak. Lehenengo, saileko guztientzat kafea ekartzeko eta fotokopiak egiteko eskatzen zion. Gero, saileko lanaren zama handiena neska etorriberriaren gain uzten hasi zen, artean Edurne inoiz ez bezainbestetan bulegotik kanpo joanda. Eta hala ere, etengabe gutxiesten ditu etorriberriak egindako lanak.

        Egoera koska bat gehiago estutu zen. Etorriberriari ordenadoretik dokumentuak desagertzen hasi zitzaizkion. Inoiz frogatu ezingo duten arren, saileko guztiek ezagutzen dute erruduna.

        — Ez dakizu zer egin didan orain! —esan dio mutil-lagunari.

        Duela bi hilabete txosten potolo bat agindu zion Edurnek. Asteetan buru-belarri jardun du horretan.

        — Gaur jakin dut, nire ordenadoretik txostena hartu, bere izenez sinatu eta zuzendaritzari eman diola. Ulertzen? Ez dit soilik asteetako lana lapurtu, aurki iritsiko baita nire kontratuaren amaiera, eta argi dago Edurnek ez duela nire alde hitz egingo; bera da gure taldearen arduraduna eta, beraz, taldeko kontratuak berritzeko erreferentzia nagusia. Zuzendaritzakoek azken asteotan zertan ibili naizen galdetzen badidate, ezingo diet ganorazko ezer erantzun. Eta oraindik okerragoa izango litzateke Edurneren aurka hastea.

        Mutila ez da neska baretzen saiatu. Edurneren gisako makina bat ezagutzen du berak ere, eta halakoei buruz direnak eta ez direnak botatzen hasi da.

        Neskak berdin egin du.

        Eta betikoan katramilatu dira: bizi direneko lau pareta hauek ordaindu artean, lau pareta hauetatik kanpo jarrera otzana hobetsiko dute, eta lau pareta hauen barruan, aldiz, husteko lizentzia emango diete beren buruei. Babesten dituen etxeak harrapatuta dauzka. Bankuaren arnas-hotsa senti dezakete garondoan. Eskua zabal-zabalik luzatzen die hilero, gaixotasun kroniko baten sintoma balitz bezala.

        Denei lepoa moztuko dietela orroka agindu ondoren, isilik geratu dira. Barealdi antzuan.

        — Horrela ezin dugu segitu —esan du neskak.

        Mutila muxu ematera hurbildu zaio. Neskak beste aldera jiratu du aurpegia. Sarritan errepikatua dute eszena hau azken aldian, eta ez bakarrik Edurne izeneko horren erruz.

        — Zer pentsatzen ari zara? —galdetu dio mutilak.

        Komunera joan da erantzun gabe.

 

 

    Biharamunean, etorriberria Abegi SAko bulegoetara sartu den unean bertan hasi da ahal bezainbeste lankiderekin hitz egiten, Edurnek lapurtu zion txosten hari buruz. Lankideek ez dakite zer esan. Gutxi batzuek beste lankide batzuekin hitz egin dezan aholkatu diote, baina haiekin mintzatu ondoren, beste batzuengana bidali dute. Eta azkenean, bekainak altxatuko dizkion norbait egongo da bide guztien amaieran, zer esan ez dakiela adieraziko dion norbait, asko jota eskua sorbaldan pausatu eta «animo» esango diona, «animo, neska, gauzak gaizki daude-eta».

        Berarekiko konfiantza eza, hasiberriaren gaitza dela pentsatu du neskak.

        Bakar bat sastrakarik gabe mintzatu zaio, ordea. Beste sail bateko neska gazte bat da:

        — Edurneren aurka oraintxe ez duzu zer eginik. Iñaki Tolosa zuzendariordearen maitalea da. Bere emazteak izan ezik, hemen Abegi SAn mundu guztiak daki hori.

        Etorriberriak bulegoan dagoen jendeari begiratu dio. Denak begiak ordenadoreko pantailari itsatsita lanean ari direla dirudi.

        — Ni Leire naiz. Eta zu?

        — Ni... neska etorriberria. Lanean daramatzadan hamar urte hauetan hainbeste enpresetan aritu naiz hasiberri gisa, nire izena ahaztu ere egin zaidala.

        Irribarre egin dute biek.

        — Horrelako baldintzetan zaila da lanean lagunak egitea, ezta? —esan dio Leirek.

        — Ba, bai. Harritu nau zu nitaz arduratzeak. Normalean ikusezina naiz besteentzat.

        — Orain arte inork ezer kontatu ez dizulako ez duzu pentsatu behar hemen denok zakur hutsak garenik. Kontua da jendea izututa bizi dela. Inoiz ez dakizu nondik joko duen albokoak. Eta gutxiago hasiberria bada. Uste dut denok daukagula Edurne gogoan. Garai berean hasi ginen enpresa honetan, lanpostu bertsuan. Neska jatorra zirudien. Begira orain. Merituak egiten ari da. Horrexegatik da talde bateko burua. Behin-betiko kontratua dauka eta diru asko irabazten du. Ni, aldiz, meriturik egin gabe, hasieran bezalaxe nago. Tira, egia esan, hobe horrela. Asko aldatu beharko nintzateke Edurneren bidea jarraitzeko, eta ni ez naiz halakoa.

        — Oihaneko legea, beraz.

        — Batzuk ez gara horretan erortzen. Badakit beste enpresa askotan baino gehiago kostatzen dela lan baldintzak guztiontzat hobetzea. Eta badakit, gainera, sindikatuek sekulako istiluak dituztela beren artean. Baina tarteka lortu izan dira gauza txiki batzuk. Egia esan, lorpen horiek nori egiten dieten mesede ikusita, esan dezakegu denok berdinak garela baina, tira, batzuk besteak baino berdinagoak. Eta, hala ere, batzuk ez gara...

        — Oihaneko legea.

        — Tematia zara gero. Hemen zuria eta beltza baino askoz gehiago dago. Hobe duzu beste kolore batzuk nabaritzen hastea, bestela oso bakarrik sentituko zara.

 

 

    Zuzendaritzatik presazko lan bat agindu diote Edurneri. Honek, norabait joan beharra duelako aitzakiaz, neska etorriberriari agindu dio.

        — Nora zoaz, ba, hain goiz? —ausartu da neska.

        — Zu ez zara nor niri hori galdetzeko. Ez al zara oraindik konturatu?

        Bakarrik gelditu denean, etorriberria Edurneren ordenadore aurrean eseri eta dokumentu batzuk ezabatu dizkio.

        Hurrengo egunean Edurnek harriduraz ikusi du, etorriberriak ez duela agindutako txostenean esaldi pare bat besterik idatzi. Goiz horretatik aurrera, agintzen dioten lana bukatu gabe uzten hasi da etorriberria. Interneteko zokoak bisitatzeko beta pixka bat badu orain.

        Taldeko gainerakoek lehen baino estuago egin behar izan dute lan, gehienbat Edurnek, presazko lanei erantzuteko ezinbestekoa izan baita etorriberriak egiten ez duen lana bere kabuz orekatzea.

        Denbora pasa ahala Edurnek aldatu egin du etorriberriarekiko estrategia. Haren lanaz baliatzea nekezagoa bihurtzen ari dela ohartuta, Edurnek gero eta lan gutxiago agintzen dio eta, azkenerako, etorriberriak egun osoak emango ditu bulegoan zer egin ezin asmaturik. Lankideei laguntza eskainiko die, baina gehienetan ez diote lanik utziko. Inoiz bururatuko ez litzaiokeen egoera itogarria bihurtuko da hau: mahai gainean txosten zaharkituak eta ordenadorean ezertarako balio ez duten dokumentuak besterik ez ditu edukiko. Uste baino bizkorrago, ez du jakingo bulegoko orduetan zer egin. Aurki bukatuko zaion kontratua amaitu arte horrela egotera zigortu du Edurnek.

 

 

    Pasaiako portuko enpresa batean lana eskaini diote neskari.

        — Orain putetxe hori utzi ahal izango duzu —esan dio mutil-lagunak.

        — Ez, oraindik ez.

        (...)

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera