Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pasartea

ZINTZARRIAREN HOTSA

 

Zeru azpian sortu den ume bihurriena nor ote da? Galdera latza, baina neri galdetuko balidate, batere pentsatu gabe Liher Musugorri Txinpartabeitia dela esango nuke.

Atsoei koska egiten zien (ez zitzaizkion batere gustatzen), baina ez zazpi urtetako mutiko normal batek egingo lituzkeenak, baizik eta adin berdineko Niloko kokodrilo sendo baten tamainakoak. Gaur ez bazituen hamabi litro olio Enparantza Nagusia doan aldapatxoan botatzen, lehengo asteazkenean egin zuen bezalaxe (bederatzi oinezko Gurutze Gorrira, berrogeita bost praka eta hemezortzi jertse garbitegira, bi erloju eta bostgarrenean bizi den Maria Luisak egindako erosketa guztiak zakarrontzira eta zeharo histeriko jarri zen goiko kaleko Koxmeren zakurra albaiteroarengana) sokak lotuko zituen espaloietan (horiek muturrekoak, horiek) jubilatuen elkartera «Sua, sua!» deihadar eginez sartuko zen edo San Isidroetako zezen-korridarako ziren adardun beltzak askatuko zituen, barrabaskeria guzti hauek Josefa, bere ama gajoa, atzetik harrapatu ezinik zebilela, «Etor zaitez hona!», «Ikusiko duzu gero!» eta horrelakoak esanez. Seme bakarra izanik errita egiteko behar den kemena ez zuen inondik ere bilatzen eta aita pentsamendu sakonetan galduta bizi zen, Liherrek egindakoez ezertxo ere jakin gabe; hola ez zegoen umea bide onera ekartzerik.

Hauxe zen egoera, halere lasaitzeko hamalau tila hartu zituen egun berean zerbait egin behar zela erabaki zuen Josefak:

«Egun guztian nere semetxoari segika ari naiz eta beti despistatzen nau, non den jakitea da kakoa, orduan jarraitu ahal izateko zerbait behar dut, baina zer? Nola? Horixe, badakit!».

 

Hurrengo egunean baserrian zuen lehengusuari idatzi zion, zintzarri txiki bat bidaltzeko esanez (zertarako behar zuen ez zion jarri, ez) eta ostiral hortantxe eskuetan zeukan eskatutakoa.

Lepotik zintzilikatu zionean Liherrek ez zuen purrustadarik egin, aitzitik, gustora zegoela zirudien eta tilin-tolon famatuak laister etxeko zoko guztiak bete zituen.

Ordu erdi bat geroxeago ulertu zuen, eritegiko bihotz gaisoen departamentuan ehun eta berrogeitazortzi armiarma iletsu barreiatu behar zituenean, amaren esku sendoak, zintzarri-hotsak gidatuta, belarritik heldu zion.

Pozez zoratu beharrean Josefa eta amorruz gaisotzekotan Liher, bere behatz txikiez ezin baitzuen inolaz ere zintzarriaren lokarri lodia askatu, lehertu arte jardunez gero etsi egin zuen baina burua pil-pil zeukan pentsaketetan.

Zorioneko egun hura bukatu zen eta zintzo-zintzo portatutako umea lotaratu zuen Josefak, musuka eta «Nere seme polit eta zintzo hau» eta antzeko zurikeriak esanez; haurra onbideratua txit alai oheratu zen ama, buruhauste guztiak amaituta zirelakoan.

Goizean, alderik aldeko irribarrez Liher esnatzera joan zen Josefa.

—Nere azukre koskorra, ene aingerutxoa, munduko ume maitagarriena, esnatu zaitez, potxolo!

—Muuuuuu!

—Lihertxo! Baina zer duzu? Esaiozu egunon amatxori!

—Muu, muuu, muuuuu!

Ohetik jetxi eta lau hanketan zebilela ikusi zuenean, tximista baino azkarrago atera zen Josefa sendagilearengana.

 

—Ia ba, mingaina atera ezazu, Liher.

—Muuuu!

—Noiztik dago honela?

—Ai jauna! Erru guztia nerea da! Nik jarri nion zintzarri madarikatu hori eta orain nere ume ederra eduki beharrean txekor bat dut!

—Atzo jarri zenion, ezta?

—Bai! Hortensiak jaten aurkitu dugunean! Arantzazuko Ama! Nere seme laztana!

—Ez diot ezer txarrik ikusten, zerbait sikolojikoa izan daiteke, ken iezaiozu oraintxe zintzarria.

 

—Kaixo ama! Nor da gizon hau? Gosaria ipini didazu, ama?

—Liher! Nere bihotzeko haurra! Ez zara txahal bat, ez? Nere ume maitea! Mua, mua, mua. Zintzarri itsusi hau ez dizut inoiz jarriko, oraintxe botako dut zakarrontzira! Deabruaren tresna!

Amak sendagileari ateraino lagundu zionean irripar maltzur batez gelditu zen Liher, eguneko bihurrikeriei ekiteko prest.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera