Euskal sinismen zaharrak: indigenismoa, Mari eta elkartasunean oinarritutako gizarte antolaketa
Ematen ari garen bi hitzaldi hauen bidez, gure aintzinako sinismenak beste ikuspuntu batetik aztertzen dira. Alde batetik, Euskal pentsamendu indigenista nolakoa izan zen aztertzen da eta hiriko pentsamenduarekin alderatu eta bestaldetik, Mariren esanen inguruan, izandako gizarte antolaketa aztertzen da. Lan ildoa, sinismenetatik abiatuta, gizarte antolaketarako baliabideak garatu zirela da eta hauek, auzolana, batzarrak, herri lurrak eta auzoan oinarritutako tokiko burujabetasuna izan zirela.
Euskal sinismen zaharrak, Mari eta elkartasunean oinarritutako gizarte antolaketa
Arbasoen sinismenak. Mariren berri. Sinismenetatik gizarte eredura. Mariren esanak. Auzolana, Batzarrak, Herri lurrak eta Tokiko burujabetasuna.
Hizlaria: Gurutz Garmendia.
Euskal pentsamendu indigena
Lehenik eta behin, kultura zer den azaltzen dut, Alfred Kroeber antropologoaren hausnarketak abiapuntutzat hartuta. Ondoren bi kultura jartzen ditut aurrez aurre: indigenena, batetik; eta “zibilizatuena”, bestetik. Ahalegintzen naiz azaltzen gaur egungo pentsamendu “zibilizatua” zertan datzan, eta zer-nolako eragina duten arrazionalismoak eta kristautasunak. Halaber, ahalegintzen naiz azaltzen indigenen mundu ikuskeran mitoek eta erritoek zer-nolako garrantzia duten. Euskal indigenen pentsamendua azaltzeko unean, J.M. Barandiaranek bildutako zenbait kontakizunen aipamena egiten dut. Dena dela, euskal indigenismoak izan du antzekotasunik beste lurralde batzuetakoekin (adibideak jartzen ditut). Tradizio ezberdinen eraginez, oso bestelakoa da indigenek naturaz egiten duten interpretazioa eta mundu “zibilizatuak” egiten duena. Desberdintasun horiek mahai gainean jartzen ditut nire hitzaldian (zientzia eta mitoak aurrez aurre). Bukatzeko, nire hausnarketa pertsonala egiten dut jakinduriari buruz, orokorrean.
Hizlaria: Aitor Puy.
Sustraiak Bizirik Kultur Elkarteak antolatutako hitzaldiak